Albisteak

Zestoako zaintza komunitarioaren proiektua aurkeztu du Mikel Arregi alkateak Zaintza HerriLab ekitaldian

Zestoako zaintza komunitarioaren egitasmoa aurkeztu du Mikel Arregi Ertxin alkateak Zaintza HerriLab ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du ekitaldia Pasaian, Gipuzkoako tokiko zaintza ekosistemen diseinuei eta garapenei buruz  hausnartzeko helburuarekin. Hainbat udalerritako alkatek hartu dute parte saioan, horien artean izan da Zestoako alkatea eta herrian martxan jarri berri duten Izarraitz proiektuaz aritu da bertan.
Udalaren helburua nahi gabeko bakardadearen aurrean estrategia komunitario bat abian jartzea da, batez ere, egoerak larriagotu aurretik detekzio goiztiarra egin ahal izateko. Detekzio horri esker, herrian zaurgarritasun egoeran dauden adineko pertsonak egoera larriagoetara iritsi aurretik antzeman nahi ditu erakundeak. Informazioa bildu ostean, udal gizarte zerbitzuen esku jarriko da. Egitasmoa “estrategia kolektiboaren” bidez gauzatu nahi du Udalak eta horretarako “sare publiko-komunitarioa” eraiki nahi du, herritarrek arteko “auzo-zaintza” sustatzeko. Proiektuan Udalak, San Juan eta Gisasola egoitzek, jubilatuen elkarteak eta 3Z elkarteak hartu dute parte.
Erakundeak jakinarazi du azken urteetan “asko” hazi dela  Zestoan bakarrik bizi diren adineko pertsonen kopurua: “Gaur egun 164 pertsona bizi dira herrian egoera honetan eta espero da hamabost urte barru 250 pertsonako langara iristea. Biztanleriaren zaharkitzea hori gaurdaino ezagutzen genuen sare komunitarioaren ahultzearekin batera etorri da. Eta bakarrik bizi diren adinekoen zati bat “radarretik kanpo” geratzeko arriskua dago”. Udalak azterketa demografikoa eta diagnosi kuantitatiboa egin ditu jada eta egun, diagnosi kualitatiboa egiten ari da.  Hori amaituta, “aktibazio komunitariora” pasako direla jakinarazi du erakundeak “hautatu gabeko bakardadeari aurre egiteko oinarriak jarrita”.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide