Albisteak

Zestoan bertan oporrak, ez da plan txarra!

Lierni Arrietak 2018ko uztaileko zenbakian idatzitako artikulua da honakoa. Goxatu!

0 km-ko oporrak egin ditzakegula jakingo duzue bada? Goiz, arratsalde eta egun-pasak, eta zergatik ez, gaua pasatzeko plana egin dezakegu. Leku desberdin eta atseginez gozatu. Oporretan gaude eta ederra da. Presarik ez eta lasai egon gaitezke. Hala ere, batzuetan kakalarria sartzen zaigu eta zerbait egin behar dugu, besterik ez bada ere besteei kontatzeko… Lau plan proposatuko dizkizuegu; plan ederrak eta aldi berean berriak edo ezezagunak izan nahi dutenak. Lortuko dugun? Baiezkoan gaude!

Argazkia: Asier Acedo

Altzolarats erreka inguruan egun-pasa

Eguraldi beroa dagoenean errekak ez du parekorik. Lekura gerturatu bezain pronto sagardoa freskatzen jarri errekan bertan. Aukeratutako erreka Granada erreka edo Altzolarats da. Presatxo bat dago eta oinetako zahar edo plastikozko sandaliekin sagardoa ez ezik gu ere freskatu gaitezke. Ibaiertzean ekosistema aberatsa topatu dezakegu. Halako tokietan ohikoak diren haltza, hurritz eta lizarrez gain, ezki eta zumar zoragarriak ikusiko ditugu. Ezkia oraintxe ari da fruitua botatzen eta erreka zeharkatzeko dauden egurrezko zubi xume eta soil bezain ederrak berauez estalita daude. Zumarrak aldiz, udaberri hasieran izaten du fruitua eta lehenengo fruitua izanik katagorri eta txoritxo asko hurbiltzen dira bertara. Hori ordea udaberrian izaten da, orain itzal itzela eginez erreka inguruak babesten ditu eta bertako biztanleei aterpea eskaintzen die. Katagorri, muxar eta satitsuen gordeleku da, kaskabeltz, buztanikara eta ur zozoen bizitoki. Natura borborka agertzen zaigu erreka inguruan, zapatari, burruntzi eta sorgin-orratzak, baita uretan murgilduta arraintxo eta zomorroak. Granada errekan zenbat bizidun dauden eta zeinen inguru zoragarria den azaltzen jarraitu nezake, baina onena eguraldi bero ederra denean hara joatea duzue eta presan bainutxoak hartuz ingurua zeuek arakatuko duzue.

 

Piknik San Lorenten

San Lorenten gain ederra dago, magikoa esango nuke. Baina magiak sineskeria hutsaltzat dituenez gure gizarteak, ahaztua dugu. Santa Engrazi esan nezake, baina erlojua duenez eta konpontzera joan behar izaten dugunez sarriago aipatu eta gogoratzen gara. Gainera, hara joateko errepide edo ibilbide luzea dugu eta herri imaginarioan presenteago dugu. San Lorentek ez du ibilbide ikaragarririk. Agotetik Beduara doan bidexka bat du (oinezkoentzat edo bizikletentzat) edo bertaraino kotxez joan gaitezke bestela, Agoten autoan Aizkonzarrerantz igo eta baserria igaro ondoren agertzen da gure begien aurrean.

Argazkia: Danbolin

Piknikerako gauzak eraman, patata tortilla eta ura ezinbestekoak dira, iturririk ez dago. Hortik aurrera… bakoitzaren gustuko piknika. Palak eta pilotak eraman, eta oihal handi bat belarretan jartzeko. Kotxea bertaraino iristen denez, lepo kargatu eta egun-pasa egin itzaletan nahiz eguzkitan.

Bedua, Narrondo eta Ibañarrieta artean dagoen mendixkan dago San Lorente ermita. Lehenengo aipamen idatziak 1399koak dira. Han Aizarnazabalen independentzia sinatu zen, eta beraz, gutxienez XIV. mendeko ermita da. Oin laukizuzeneko harrizko eraikina da, horma gehienak hareharrizkoak, nahiz eta irekiguneetako, hau da ate eta leihoko batienteetako harriak kareharrizkoak izan. Portikoa horman sartua dago, altuera baxuagoko babesgune batekin. Honek sarrera babestu bat eratzen du.

1596ko otsailaren 11n Zestoa eta Zumaiaren arteko epaiketak izan ziren ermitaren jabetza dela eta. 5 urtera ermita Beduako jauntxoari lotua agertzen zaigu, berak serorak izendatzen zituelako. Danbolineko 145 zenbakian San Lorenteko kontu politak jasota daude.

Urretxuko Mineral Museoa eta Azpeitiko Ingurugiro Etxea

Natura begiratzeko hamaika era daude, modu horietako bat geologiak eskaintzen digu. Natura eta bidaia begiratzeko hamaika abiadura ere badira, nire gogokoena bizikleta. Legazpiraino iristen den bidegorri zoragarria dugu. Egia da Zumaira ere ailegatu beharko lukeela, baina dugunaz gozatzeko garaia denez, Urretxuko Urrelur Mineral eta Fosilen Museora bidaia bizikletaz egitea proposatuko dizuegu. Sasoiz txepel dabilena autobusean joan daiteke eta bizikletaz itzuli. Ez da gehiegi nekatzeko garaia, ez nekatu ez bada gustuz behintzat. Museoan harribitxien munduak lilura gaitzake. Mineralak konposizio kimiko egonkorra eta kristal egitura duten substantzia solidoak dira. Fosilak aldiz, antzinako izaki bizidunen gorputzen edo ekintzen aztarnak dira. Harribitxiak biak ere, eta Urrelur Museoan ikusi eta ikasi ditzakegu.

http://www.urretxu.eus/eu/kultura-gaztedia/urretxuko-museoa/874-urrelur-eu

Mineralekin txundituta geratu bazarete museoan bertan dago Urretxun mineralekin afizioa sustatu dutenen tailerra. Mineralak erosi daitezke telefonotik deituz gero edo internet bidez.

http://www.mineraleusko.es/index.php/

Beste aukera Azpeitiko Ingurugiro Museora joatea da. Haur txikientzat egokiagoa da eta Zestoatik harako ibilbidea motzagoa denez plan polita izan daiteke. Ez ahaztu itzulera bizikletaz egitekoak garela eta behera bizikletaz gatozela zeharo hoztu gaitezke. Ingurumenari buruzko hainbat gai lantzen dira museo horretan: atmosfera, aldaketa klimatikoa, ura, biodibertsitatea, demografia eta hiriak, energia eta garraioa, zarata, hondakinak eta kontsumoa, jasangarritasuna… zer ez. Eta Xaguxatar parkea ere baduzue bertan.

https://www.ingurugiroetxea.org/eu/

Ozar-izarrak ikustera goaz

Argazkia: Asier Acedo

Azken plana eta nire gogokoena: pertseidak ikustera goaz. Kutsaduraz hitz egiten dugunean uraz eta aireaz gogoratzen gara, eta asko jota zarataz, baina ez kutsadura luminiko edo argi kutsaduraz. Ez gara ohartu ere egiten ez dugula iluntasuna ezagutzen. Kutsadura hau pairatzen duten izaki esanguratsuenak ipurtargiak dira. Lanpiridoak (Lampyridae familiakoak) kakalardo ordenako intsektuak dira, ez dira batere deigarriak egunez. Arrak eta emeak forma desberdinekoak dira, emeek heldugabeko beldar itxura dute. Arrek aldiz, kakalardo itxura dute. Hau dela eta, arrek hegan egin dezakete eta emeek ez. Sabel aldean biolumineszentzia sortzen dute eta horregatik dira ospetsuak. Ernalketa garaian emeek eta arrek elkar topatzeko egiten duten deiadarra gure gizarteko argiek itzaltzen dute eta gero eta ipurtargi gutxiago ikusten ditugu.

Murgildu gaitezen iluntasunean, ez da garai paregabeagorik. Zeinen gau ederrak egiten dituen udan gure herrian. Abuztuaren 12 eta 13ko gauak izango dira aproposenak pertseidak ikusteko, eguraldiak laguntzen badigu behintzat. Swift-Tuttle kometak utzitako meteoritoak dira. Bere orbitan kometa hori Eguzkira hurbiltzen da 133 urtean behin, eta bertan hainbat partikula uzten ditu. Bidaia horretan meteorito txikiak barreiatzen dira lurrerantz, eta atmosferarekin talka egitearen ondorioz, ozar-izarra sortzen da, izar-usoa edo izar iheskorra ere deitzen zaio. Gure ortzian Perseus izar multzoaren inguruan gertatzen direnez, pertseidak deitzen zaie. Gora begiratu eta ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doan argitasuna Esne Bideari dagokio, gure galaxiari hain zuzen. Bertan, ipar-ekialdean, Perseus izar multzoa dago K itxurako konstelazioa. Konstelazio ingurune honetatik ateratzen dira izar-usoak edo izar iheskorrak. Gogoratu, ez dira izarrak meteoritoak baizik, baina ez galdu aukerarik, desirak eskaintzen omen dituzte eta lokartu baino lehen ametsetan hasi gaitezke horrela. Nire proposamena Ertxina, Endoia, Santa Engrazia edo beste gain batera igo motxila eta lo zakuarekin eta gaua izarrei begira igarotzea duzue. Kontuz, zomorro zaharrekin, kontuz katamarruekin eta kontuz Gauekorekin! Orain, irakurtzen ari zareten bitartean, txorakeriak dirudite baina han gauak dena estaltzen duenean gorpuzten dira, eta erne!

Lau proposamen hauez gain beste hainbeste leku edo plan egin ditzakezue abuztuan, buruari eragin eta bertatik bertara pentsatzen baduzue. Proposamen hauek ere egokitu ditzakezue zuen egoera eta zaletasunetara. Esate baterako, argazkilariek ez galdu izar-usoak poltsikoratzeko aukera. Nik, aldiz, Lizardi errekan barneratzeko gogoa daukat. Sasi eta asun artean murgilduko banaiz ere, ez dago niretzat terapia hobeagorik edo atseden oparoagorik, etsai eta mamu guztiak gelditzen baitira asunetan eta sasietan kateatuta. Ni aldiz, libre eta indarberrituta. Oraingoan naturak ez bainau irentsi, hori beste baterako utziko dugu.

Oporretan ere ondo izan!

Lierni Arrieta Irureta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide