Albisteak

Zestoar kuadrilla Keniako Bamba proiektuan

Keniako Bamba proiektua ezagutu dute Aroa Vazquez, Josune Irure, Maitea Aizpurua, Mikel Salegi, Ainhoa Arias, Aintzane Diaz eta Janire Diazek. Aroak betidanik izan omen du horrelako esperientzia bat bizitzeko gogoa eta behin, kuadrillan horri buruz hitz egiten hasi eta azkenean zerbait egitea erabaki zuten. Afrikan dauden gobernuz kanpoko erakunde guztien artean internet bidez egin zuten topo Bamba proiektuarekin eta bidaia prestatzeko lanetan hasi ziren pasa den urtarrilean. Keniatik itzuli berri, Janire Diaz eta Aroa Vazquezek han bizitako esperientzia kontatu digute.

Bamba

Rocio izeneko Mallorkako emakume batek sortu zuen proiektua. Bertako bikote bat ezagutu zuen eta eurekin laguntasun harremana sortu zuen. Bikoteak 4 edo 5 seme alaba ditu eta  babestu gabe zauden haurrak hartzen hasi ziren. Sostengu ekonomikoa behar beharrezkoa zutela ikusita, Rociok proiektua sortu zuen eta egun, 30 haur bizi dira bertan. Bamban euren etxean arazoak dituzten haurrak edo gurasorik ez dituztenak bizi dira.

Proiektuak alor ezberdinak ditu. Bertan bizi diren umeez gain, komunitate izeneko proiektua ere badute. Komunitatean bizi diren haur askok Bamban pasatzen duten eguna eta gero lotara etxera itzultzen dira. Bestalde, Bambatik ordu eta erdira oinez bizi diren 15 emakume egunero joaten dira bertara lanera. Beraientzako gelatxo bat dute, josteko makinekin eta poltsak eta bitxiak egiten dituzte, gero saltzeko. Herritarren artean saltzen dituzte baina batez ere, gu bezala joaten diren jendeak erosten die eta hortik ateratzen dute soldata. Garatuta dagoen proiektu bat da, jendeak lan asko egin du. Bi etxe fisiko dituzte. Umeek lo egiteko lekua, josteko gela eta gero txabolatxoak daude, kanpotik etortzen direnentzako lekuak.

Bamba, Rociok eta bertako bikoteak osatzen dute. Gizarte-laguntzaile bat ere badago. Ez da eskola bat, eskola Bambatik kanpoan dago. Hezkuntza ez da hemen bezala abuztu bukaeran hasten dira eta hilabete gutxi batzuk egoten dira, Gabonak arte edo eta gero berriro ere gelditu egiten dira. Sekulako gastua izaten da eta hori da euren arazo nagusia, ia ez dira iristen. Bambako haur ia gehienak joaten dira eskolara gu bezalako bistekin eta “apadrinazioei” esker lortutako diruarekin, bestela ezinezkoa, da oso oso garestia baita.

Harrera

Sekulako harrera izan genuen. 24 orduko bidaia baten ondoren iritsi ginen. Furgonetatik jaitsi eta ume guztiak gainera etorri zitzaizkigun, banan banan besarkatzera. Pareta batean “welcome” eta gure izen denak idatzi zituzten, ederra izan zen. Egunero eman digute sekulako maitasuna, dena eskertzen zuten eta guk ez genuen ezer gehiago behar.

Egunerokoa

Bambara iritsi ginenean bertako koordinatzaileak eguneroko bat egin zigun. Aisialdia eta Bambako bizitza koordinatzen saiatzen dira. Umeekin egoten ginen gu. Goizean mendira joaten ginen 5 ume hartuta eta gero arratsaldean jolasak. Beste egun batean bertako laku bat ikustera ere joan ginen. Han genuen egitekoa umeekin egotea zen, beraiekin harreman bat sortzea. Beraientzat bisitak oso garrantsitzuak dira ez bakarrik laguntza ekonomikoa ematen dugulako, baizik eta umeek gurekin “interaktuatzen” dutelako eta hor oso sare garrantzitsua sortzen delako.

Guretzat sekulako esperientzia izan da, zoriontsu izan gara han. Gorra zen haur bat zegoen Bamban Luci zuen izena eta asko hunkitu gintuen. Sekulako gaitasuna zuen komunikatzeko. Denek zekiten zeinuen hizkuntza eta guk ere pixkat bat ikasi dugu, berak erakusten zigun. Bamban haurrak pozik bizi dira “ondo” daude, beti ere beraien errealitatearen barruan, ze ez daukate ezer.

Han dena zen erraza. Ez da alferkeriarik existitzen, han “ez dago arazorik”. Benetan humanoak dira, gizakiak izan beharko luken bezalakoak. Ume askok “benetako” arazoak zituzten etxean baina zuk ez zenien atzematen, beti pozik zeuden eta horrek asko hunkitu gintuen. Esperientzia edonori gomendatuko genioke. Oso aberasgarria da, beste errealitate bat ikusten duzu.

Zestoatik laguntza

Garbi ikusi genuen ze behar zegoen proiektu hori guztia aurrera eramateko. Bertako emakumeek egiten zituzten gauzak erostea erabaki genuen eta gero hemen pixka bat garestiago saltzea, lortutako dirua haiei bidaltzeko. Ez dakit nola txosna jartzearen ideia bururatu zitzaigun eta azkenean jarriko dugu, abuztuaren 31n eta irailaren 6, 7, 8 eta 9an. Txosnan irabazitako dirua Bambara bideratuko dugu. Poltsatatik ateratako dirua emakumeei emango diegu eta txosnako dirua bi zatitan banatuko dugu, zati bat hezkuntzarako eta beste erdi bat proiektu berri batentzat. Orain, gela teknologiko bat jarri nahi dute, protesiak egiten dituen 3Dko makina batekin. Inguruan beharrak dituzten pertsonentzat bideratuko dute. Gu han geundela gu bezala joandako famili batek 3D makina batekin egindako beso bat eraman zuen eta herri batera joan ziren bertan bizi zen besorik ez zuen haur batentzat zen eta.

Hemen dituzue han ateratako argazki batzuk:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide