Albisteak

“Zestotik Mahaira” agroekologia sustatzeko zikloa antolatu du Udalak

Azaroaren 22an Udalak eta Biolur elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, honen bitartez udalak agroekologia eta elikadura burujabetza bultzatzea du helburu. Ildo horri jarraika “Zestotik Mahaira” agroekologia zikloa aurkeztu da gaur. Agroekologia nekazaritza ekologikoa eta landa garapen iraunkorra biltzen eta bultzatzen dituen kontzeptu zabala da. Eredu honen sustapenak, nekazaritza sistemak bere osotasunean aztertzea eskatzen du, elikagaien produkzio, banaketa eta kontsumoari erreparatzeaz gain inpaktu soziala ere kontuan hartzen du. Abendua eta urtarrila bitartean garatuko da ekimen hau eta agroekologian oinarritutako hainbat jarduera antolatu dituzte.

“Zure Platerean Hasten da Mundua” dokumentalaren proiekzioak emango dio hasiera “Zestotik Mahaira” zikloari, jarraian ikusitakoaren inguruko solasaldia egingo da. Lehengoa izango den hitzordua, Alondero aretoan, abenduaren 12an, izango da arratsaldeko 18:00etan. Urtarrilaren 10ean, Emakume Baserritarrekin Solasaldia egingo da, Hitzez Emakume Baserritarren elkarteak gidatuta. Arroagoiko Herri etxean, arratsaldeko 19:00etan izango da topaketa. Sukaldaritzazaleentzat, “Koxinatu” sukaldaritza jasangarri eta naturalean trebatzeko tailer praktikoa emango du Maitane Cabezak. Herrian, Alondero aretoa izango da eskola hauen gunea abenduaren 14, 19 eta 20an 18:30ean. Ondoren, Aizarnan, urtarrilaren 16, 18 eta 23an 18:00etan izango da ikastaro berdinean parte hartzeko aukera. Sukaldean eginteko lantegiak 10€ko prezioa du eta izen eman nahi duenak, 943 147 010 (5luzapena) zenbakira deitu edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera mezua bidali beharko du. Agroekologia erdigunean duten saio hauek “Amillubi Lurra Taupaka” proiektuaren aurkezpenarekin amaituko dira, urtarrilaren 24ean, Alondero aretoan 18:30ean.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide