Zuhaitzek ematen dizkigute lanak

Jarraian irakurtzera zoazten honek niretik baino Fernandorenetik gehiago dauka. Izan ere, webgunean egin du iruzkina gure Fernandok eta oso ondo iruditzen zait, horrela behar du, baina, han inor gutxik irakurriko duela pentsatuta hona ekartzea erabaki dut, behin agintariei kaña ematen hasiko zaigu eta… jeje

Fernandoren testua sartu aurretik neuk ere nire adostasuna agertu nahiko nuke Fernandorekin. Zuhaitzak, zuhaitz santuak, zenbat arazo aspaldian, hormatik gertuegi dagoela, lurra altxatzen duela, zahartzen hasi direla eta arriskutsu daudela. Zuhaitzak pertsonen pare jartzen ez naiz ni hemen hasiko, ados, baina izugarrizko pena ematen dit zuhaitzak moztuta ikusteak eta aspaldian askotan tokatu zaigu!

Badakigu ez dugula etxera txakur bat ekarri behar semea eskean ari delako eta jarriko duen sorpresa aurpegia ikusteagatik bakarrik, arduratsuak izan behar dugu, badakigu, txakurra urte askoan biziko dela. Badakigu, txakurrak lotura bat suposatzen duela, heziketan lanak… Ez da berdina txakur bat edo arrain bat ere, horretaz ere kontziente naiz. Denok nahi ditugu zuhaitzak inguruan, nik bai behintzat, frontoi atzeko zuhaitza kendu zutenetik ez da txori-hotsik gurean baina ez dezatela beste bat landa hemendik 10 urtera berriro moztuko badute.

Zuhaitz berriren bat landatu behar badugu, jakin beharko dugu ze neurri hartuko dituen, nolako sustraiak izango dituen, zenbat lan emango duen hostoak erortzen hasten zaizkionean… Laranjadiko zuhaitzen sustraiek lurreko losak altxatzen zituztela entzun nuen eta neure baitan pentsatu nuen “hasi gaituk! laster fuera!”, ba hiru gaixorik zeudela eta moztu dituzte. Beste biengatik laster esango dute indartsuegi daudela eta sustraiek lurra mugitu dutela eta fuera horiek ere.

Gauza bakarra eskatzen dut, landatzera goazena oso ondo aztertuta landa dezagula!

Eta orain bai Fernandoren iruzkina:

Lehendik banekien baina ez dirudi jende askoren bihotzera iritsi zenik nik udazkenean idatzi nuen “Dekadentzia” izeneko post-a. Orduan entzun nituen motozerra hotsak, eta dagoeneko beheko suren bateko erregai izatera pasa dira arte “gaixoak”, bazter batean usteltzera bota ez badituzte behintzat.
Benetan dekadenteak gara, baina dekadenteena da segi eta segi eta beti toki berean estropezu egitea. Lehen aipatutako artikuluan zera galdetzen nuen: “Baina ez al zekiten bada landatzerako, zer gerta zitekeen? Non zeuden adituak?” Bada horixe.
Gesalaga kaleko magnoliak, indar gehiegi hartzen nonbait, eta moztu dituzte adarrak motz-motz eta ia hostorik gabe uzteraino. Nonbait, aldatu zituztenean, inork ez zekien nolakoa izaten zen magnolia, nahiz era hurbil asko eta bista-bistan eduki (Arozena, Hotel Blasa…).
Orain, lerdoaren moduan, atzera berriz errepikatzera goaz jokaldia (ustez behintzat). Ez dakit batere zer diren delako “Carpinus betulus Fastigiata” horiek baina nahikoa da interneten latinezko hitzok jartzea, seko izutzeko: “Altura adulta: Más de 12m; Anchura adulta: Más de 3m”. Ondo pentsatu al dute zer sartzera doazen? gero, magnolien kasuan bezala, etengabe “ile” mozten ibiliko ote dira, zuhaitz dena desitxuratzeraino?
Ondo pentsatutako gaia izango ote da, behingoz ondo aholkatuko ote ginan, ez al dugu erridikulua egingo berriro…
Zuhaitzak, behin landatu ondoren, behar den bezala hasten uzteko kapaz ez bagara, eta bakean uzteko gai ez bagara, hobe derrepente sanjose loreak landatzea, edo tulipanak, ez hemendik dozena bat urtera kimatu eta itxuragabetuko ditugun zuhaitzak.
Agian, interneten ez naiz ondo dokumentatu eta “Carpinus betulus Fastigiata” horiek zuhaixka xume batzuk besterik ez dira
(Udalaren bandoak, hainbeste latinezko hitz jarri beharrean, azal zezakeen, labur eta argi, zer motatako zuhaitzak diren).
Eta zuhaitzena gutxi balitz, ikurriña bat, sanjose loreak eguraldi beroko egunetan egon ohi diren bezala egoteko, alegia, burua altxatu ezinda, ximel-ximel, txepel-txepel eginda.
Tira, aspaldi esan nuen bezala, hildakoak ere amorraraziko lituzkete gure agintariek!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide