Paperekoa

Zuria, gorria eta berdea legeztatu zituztela 40 urte

Urtarrilaren 19an bete ziren 40 urte ikurrina berriro legeztatu zutenetik. Euskal Herriko beste hainbat udaletxetan bezala, Zestoan ere, egun hartan zintzilikatu zen ikurrina udaletxeko balkoian. Kasualitatea, orain dela gutxi iritsi zaigu esku artera egun hartan Zestoan egin zen Osoko Bilkurako irudiak biltzen dituen bideoa. Irudiak eta urteurrena pare-parean, legeztatze eguneko zein aurreko eta ondorengo beste zenbait kontu ere bildu nahi izan ditugu. Kontuan izan, orain dela 40 urte baino gehiagoko gertaerez aritu garela, hainbat herritarrek buruan zituztenak, ezkutuan egindakoak gehienak. Beraz, baliteke, bildutako guztia zehatz-zehatza ez izatea, nahasketaren bat egotea edota daturen batzuk airean geratu izana. Hau irakurri eta norbaitek informazio gehiago balu, gustura entzungo dugu.

40 urte ikurrina balkoira atera zela

Legeztatu zuten egun berean zintzilikatu zen ikurrina Zestoako udaletxeko balkoian. Legeztapena Bergarako alkate-taldeak Madrilen egin zituen presioen ondoren izan zen. Jose Goikoetxea garai hartako Zestoako alkatea ere, talde horretakoa zen.

Zestoan, arratsaldeko zazpietan egin zuten Osoko Bilkura. Udalbatza osatzen zuten hamarretik zortzi ordezkarik hartu zuten parte bilkura berezi hartan. Han izan ziren Jose Goikoetxea alkatea eta zazpi zinegotzi: Jose Antonio Iturgaiz, Migel Larrañaga, Xabier Unanue, Patxi Urbieta, Migel Iribar, Fernando Gorospe eta Antonio Iriondo.

Legeztatu baino egun batzuk lehenago, alkateak esan zuen egun batetik bestera legeztatuko zela eta ikurrina handi bat lortu behar zela. Behin legeztatuta, donostiarrak baino lehenago jarri nahi zuten Zestoan. Legez kanpokoa izanik, ordea, ez zen hain erraza ikurrin bat esku artean izatea. Patxi Urbietak esan zuen berak bazekiela bat non zegoen eta ekarriko zuela. Zumaiako Olaizola familiakoak lagunak zituen. Haien etxean ikusia zeukan, lehendik ere, ikurrina handi bat koadro moduan jarrita. Haien etxera joan eta eskatu egin zien ikurrina. Emango ziotela, baina kontrolen batean edo gelditzen bazuten, jainkoagatik ez esateko nondik atera zuen. Patxik, lasai egoteko: zerbait gertatzen bazen, bere aita zenaren opari bat zela esango zuela, zin egin zien. Ikurrina Zumaiatik Zestoako udaletxera ekarri zuen kotxean. Huraxe zintzilikatu zuten balkoian eta han eduki zuten egun batzuetan. Gero, berri bat enkargatu zuten udaletxerako.

Udal ordezkariez gain, herritar ugari bildu ziren udaletxeko areto nagusian. Alkatearen eta zinegotzien ondoren sartu zuten ikurrina, txistu doinuz lagundurik. Amaia Irurek eta Ignazio Olaizolak, alde banatatik helduta, sartu zuten aretora; 17 eta 16 urte zituzten. Amaia Irurek esan digu gaztea zela eta ez dela oso ondo gogoratzen: “Ez dakit nolatan eraman nuen nik baina oso urduri nengoela gogoratzen naiz”. Garai hartako herriko mugimendu abertzalean ibiltzen zirela dio eta, hala, norbaitek eraman beharko zuela-eta beraiei aplikatuko zitzaiela.

Beste udaletan aurkeztutako mozio bera irakurri zen Zestoan ere, eta zera proposatu zen: “Ikurrina ofizialki onartzea Euskal Herriko ikur eta gure foru-nahien adierazgarri gisa eta udaletxeko balkoi nagusian jartzea, bandera nazionala eta herrikoarekin batera, jarraian ospatuko dugun ekitaldian, zeinetara Zestoako herri osoa gonbidatzen den”. Aho batez onartu zen mozioa eta bilkura amaitu bezain laster jarri zen ikurrina udaletxeko balkoian.

Osoko bilkura nagusi hartako irudiak grabatu egin zituen Jesus Izeta Koiotek. Irudietan ikus daiteke soinua grabatzen ere saiatu zirela baina arazo teknikoren bat medio, irudiak bakarrik hartu ziren. Gerora, 2002an edo, Xabier Unanueri bururatu zitzaion irudiei soinua jartzea. Manuel Gutierrez zinegilearekin harremanetan jarri eta hala egin zuten. Ordurako Jose Goikoetxea hilda zen, baita egun hartan idazkari lanetan aritu zen Ignazio Andres ere. Horrela bada, Joseren ahotsa anaia Anjelek ipini zuen eta idazkariarena Fernando Arzallusek. Musika ere gehitu zitzaion.

Legalizatu aurretik ez zen beti ezkutuan egon

Ikurrina legez kanpo zegoen garaian, hainbat aldiz agertu zen herrian ikurrina modu klandestinoan. Ondoren jaso ditugu pasarte batzuk baina gehiago ere izango ziren.

  • 1959an, Ertxiñako gurutzean agertu zen ikurrina. Orduan Labeko etxean zeuden guardia zibilek kendu zuten.

  • 1967an, Zestoako Euskal Jaietan Donostiako Oinkari dantza taldea ari zela, plaza nagusira ikurrin txiki pila bat erori zen bonba japonesa deritzan jaurtigailuen bidez botata. Ondoren, beste bat lehertu zuten, eta ikurrina handi bat jaitsi zen zerutik herriko plazaraino. Garai hartan EGIko gazteak ibiltzen ziren herriz herri horrelako ekintzak egiten. Donostiarrak omen ziren Zestoan aritu zirenak, Oinkariko dantzarien gertukoak ziren. Seguru, herritarren bat edo beste ere izan zutela laguntzen.

  • 1975ean, Gabon bueltan, Zestoan, ikurrinaren aldeko manifestaldi batean, ikurrina eraman zuten haga luze baten puntan. Garai hartan, Korreoseko etxean guardia zibilek kuartela zeukaten eta handik pasatzean, ikurrina Alberto Mendiak zeraman. Alberto atxilotu eta kuartelera eraman zuten, ondoren Azpeitira. Ispezioan eduki zuten atxilotuta. Han zegoela Jose Goikoetxea eta Patxi Urbieta agertu ziren (Zestoako alkatea eta zinegotzia). Beraiek egingo zirela kargu-edo esan zieten guardia zibilei; haien gestioen ondoren, Alberto Mendia aske utzi zuten. Hamabi bat ordu egin zituen atxilotuta.

  • 1976ko Aberri Egunean eliz parrokiko leiho batean agertu zen ikurrina. Joxe Alberdi Aittolaren ideia izan omen zen; Manuel Arregi ere tartean zen. Helburua, kanpandorrearen puntan jartzea zen. Elizara sartu ziren eta barruko atea itxita zegoenez, ezin izan zuten goraino iritsi. Orduan, Elizkale aldera dagoen leihotik zintzilikatu zuten. Guardia Zibilek kendu eta su eman zioten.

  • 1976ko Euskal Jai egunean ere berriro agertu zen ikurrina Ertxiñako gurutzean. Joan Antonio Kortadik eta Mikel Palaziok jarri zuten, gauez, bezperan. Marifer Landak eta Xanti Ugartek kontatu digutenez ikurrina Joanita Goitiak eta Axun Solaberrietak egin zuten, bien amek. Joanita hasi omen zen josten baina erdi bidean edo makina hondatu eta Axuni eman zioten bukatzeko. Plazatik ikusten omen zen ikurrina. Herritar batzuek gorria zela esaten zuten, komunista izango zela, besteek ikurrina. Prestaketetan eta ikurrina jartzen ibili zirenak ere plazan zeuden, haiek ondo zekiten ikurrina zela eta han ibili omen ziren, ezin esan beraiek izan zirela baina, “ez, ez, hori ikurrina da berdea eta zuria ere garbi ikusten dira”.

Amaia Irurek eta Lurdes Arregik beraiek ere plazan zirela kontatu digute. Hamasei urte zituzten orduan. Ikurrina ikusi Ertxiñako gurutzean eta zeuden bezala, baserritarrez jantzita, koadrilan igo omen ziren. Argazki kamera eta guzti igo ziren propio, baita, Jexux Mari Ibarguren Lokatza, Joan Antonio Korta, Benantzio Garaizabal eta Jose Luis Ugarte ere. Ertxinondo aldetik igo ziren. Plazatik ikusi egiten zituen jendeak, Akoa aldetik gora zihoazen guardia zibilak ere bai. Plazara jaitsi zirenean esan zieten guardia zibilak ere han zebiltzala. Itxura denez, gazteak alde egindakoan iritsi ziren guardia zibilak gurutzera eta ikurrina kendu egin zuten. Aittolak esan digu, amorratuta ikurrina kendu zutelako, Joxe Iriondok eta berak berriro jarri zutela berriz ikurrina egun hartan. Bigarrengo hura Ertxiña erdian jarri zuten, plaza garbi-garbi ikus zitekeen tokian. Nahita, plazatik ere ikurrina ederki ikusteko moduan.

  • 1976ko festetan, berriz, kanpandorrearen punta puntan agertu zen ikurrina. Aberri Egunean ekintza ez zenez behar bezala irten, hilabete batzuetara berriro saiatu ziren kanpandorrean ipintzen. Oraingoan ekintza ondo prestatzea pentsatu zuten. Sakristiako giltzak eskatu zizkioten apaizari baita barruko ateak irekita lagatzeko ere. Beraz, gorainoko bidea libre zuten. Jose Alberdi, Manuel Arregi, Imanol Etxabe eta Jesus Zigaran Karpi ibili ziren antolaketa lanetan. Jose Alberdi, egun batzuk lehenago kanpandorrea ikustera joan zen, neurriak eta hartzera. Igotzeko modukoa zela ziurtatu zuen. Orduan obratan ibiltzen zen lanean eta hango materialarekin igotzea pentsatu zuen. Bestalde, Jesus Zigaranen lankide zumaiar bat, Josu Agirre, eskaladan ibiltzen zen eta hari ere laguntza eskatu zioten. Ikurrina Arteagagaraikoan (Ertxinondo) prestatu zuten. Irailaren 7an, igo ziren kanpandorrera. Afari garaian igotzea pentsatu zuten, kalean jende gutxiena orduan izango baitzen. Bostak kanpaiak dauden lekura igo ziren, handik Josu eta Jose goraino igo ziren, beraiek jarri zuten ikurrina. Metro batzuk beherago geratu ziren beste hirurak laguntzen. Behin ikurrina jarrita, txistu bizian jaitsi ziren behera, Imanol Etxabek dioen moduan “geuk izango dugu elizako errekora”. Sakristiatik atera eta bakoitza bere aldetik alde egin zuten. Aittolak dio, ikurrina jarri ondoren Ikastolako tabernara joan zela afaltzera. Berak, ustez, inork ez zekien zein ziren ikurrina jarri zutenak baina batek honela galdetu zion disimuluan: “Zer moduzko giroa egiten zuen han goian?”. Amabirjina eguneko eguerdira arte iraun zuen ikurrinak kanpandorrean. Kostata baina Guardia Zibilek kendu egin zuten. Plazan jende pila bat bildu omen zen, zeresan handia eman zuen, berehala zabaldu zen ikurrina zegoela elizaren puntan. Errepidetik pasatzen ziren kotxeak ere gelditu egiten omen ziren ikurrina ikusita. Ikurrina jarri zutenak, ordea, bakoitza bere etxean, ez omen ziren atrebitu ere egin goiz hartan kalera irtetera.

Legeztatzea ez zen izan denen gustukoa

Behin legeztatuta ikurrinak jarri zituzten herriko bi sarreratan. Baina, itxura denez, gauez nahiko sarri desagertu egiten ziren. Ez ziren denen gustuko, nonbait. Konturatu gara gai hark zeresan handia eman zuela prentsan. Ikurrinen lapurreta zela eta ez zela, hainbat albiste argitaratu ziren. Irakurri dugu Jose Manuel Etxabe Errotatxok harrapatu zituela lapurrak eta, beraz, onena berari galdetzea dela pentsatu dugu. Sereno lanean ibiltzen zen garai hartan, eta ikusita gauez norbaitek harrapatzen zituela ikurrinak, gau batean zelatan geratzea pentsatu zuen. Zumaia aldeko herri sarreran pasa omen zuen gaua; aurrena belar meta baten atzean egon zen ezkutatuta eta gero kotxean, eserlekua atzera botata. 2:30ak aldera agertu omen zen kotxe bat, eta gelditu ere bai, baina berriro arrankatu omen zuen Ertxiñondoko okindegi aldera. 4:30ean, berriro azaldu zen, nonbait, alde hartatik Zumaia aldera. Etxabek, ordea, harrobi inguruan ez zuen argirik ikusi, kotxea ez zen handik pasa. Arteagako zelaian kotxea utzi, eta bi gizon saiatu omen ziren ikurrinak kentzen. Serenoak, ordea, ez zien utzi. Etxabek irainak, kolpeak eta mehatxuak jaso behar izan zituen baina azkenean bat harrapatu zuen. Paperen arabera, sevillarra eta txoferra. Udaletxera agertu behar izan zuen Sevillako gizonak, eta polizia batek lagunduta joan zen; lagunak omen ziren. Gizonak esan zuen ez zela ikurrina lapurtzera joan, koloreak egiaztatzera baizik. Gizonak ikurrinak ordainduta konpondu nahi izan zuen gertaera baina alkateak ez zuen onartu eta Gobernu Zibilean denuntziatu zuten. Jose Manuel Etxabek nahiko argi dauka gizon sevillarra ez zela txoferra. Seguruenik poliziak izango ziren ikurrinak kentzen ibili ziren bi gizon haiek.

Amaiur Aristi Arregi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide