Albisteak

[ZUTABEA] Antolakuntzaren beharra

Hil honetan niri tokatu zait idaztea eta, hasiera batean beste kontu baten inguruan idazteko asmoa nuen arren, ezin utzi oharkabean pasatzen, azken aste hauetan gure inguruko hainbat herrietan gertatzen ari dena; batik bat, otsailaren 6an Azkoitiko gazteek jasan behar izan zuten gertaera, Azkoitiko Gazte Asanbladak hurrengo eguneko kontzentrazioan salatu zuena.

Presentzia polizial handia izaten duten arren, egun hartan nabarmenagoa izan zuten Azkoitiko kaleetan, tabernen barrura sartzeraino identifikazioak eginez. Tabernak itxi orduko polizia indarren presentzia oraindik eta gehiago areagotu zen, bai ertzainena, baita munizipalena ere. Bertan zegoen jendeari mehatxuka hasi ziren, dispertsatzeko esanez edo bestela identifikatu egingo zituztela. Minutu gutxiren barruan, estatuaren mertzenarioek (ertzainek) kalean zeudenen aurka kargatzeari ekin zioten, inongo irizpiderik gabe. Hainbat gaztek identifikazio, isun eta mehatxuak jasan behar izan zituzten. Hori gutxi balitz, zenbait gazte bereziki erasotuak izan ziren (ostikoak eta kolpeak jaso izana salatu dute), bat ahotik eutsita kalean zehar arrastaka emateraino. AzkGA-ko kideek hurrengo egunean kontzentrazio bat burutu zuten plazan hau salatzeko asmoz eta jende asko bertaratu zen.

Urtebete inguru daramagu jada ezohiko egoera hau bizitzen eta nik behintzat ez dut ikusten aurrekora bueltatuko garenik. Osasunaren aitzakiapean gure bizitzaren gainean burgesiak hartu duen kontrola (noiz kalera irten noiz etxera joan, zenbat jenderekin egon, nora joan) inoiz baino handiagoa da. Polizia gure kaleetan jaun eta jabe dabil beraien gustuko ez diren ekimenak debekatzen, kartelak eta pankartak kentzen, kontrolak nonahi jartzen, isunak jartzen lan politikoa egiteagatik.

Zerbaitetarako balio badute neurriok, sistema kapitalistaren berrestrukturaketak ekarriko dituen miseriei erantzunez, aurre egingo dion langileriaren antolakuntzarako aukerak erasotzeko balio dute, gazteak diziplinatuz eta beldurra sartuz. Azkoitikoa, egiten ari diren indar erakustaldi askotariko bat da, Donostiako Alde Zaharrekoa bezala. Ez, ez dira osasunaren defentsarako neurriak, kaleen militarizazio autoritarioaren adibide garbiak baino, masa komunikabideen kolaborazio zuzenarekin legitimatuak, gazte langileak kriminalizatuz.

Inongo oposizio erreal eta trabarik gabe gure askatasun zibil eta politikoen aurkako erasoak ari dira gertatzen, eta gehiagora doaz. Oraingo honetan Azkoitian izan da, baina nork ziurtatu diezaguke hurrengo astean ez dela gure herri bertan berdina gertatuko?

Hau horrela izanik, langileriaren antolakuntza beharrezkoa da, bera izango baita gure eskubide zibil eta politikoak ez direla zapalduko bermatuko duen bakarra.

Aitor Arsuaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide