Paperekoa

[ZUTABEA] Askatasunaz

Zer da zure ustez, irakurle, askatasuna?

Batzuetan, askatasuna norberak nahi duena egitea dela esaten digute. Baina norbera bere ingurua gabe ezin denez ulertu, askatasunaz maila indibidualean hitz egiteak antzua beharko luke izan nik uste. Egia esan, askatasunaren kontzeptua distortsionatu samarra dugula iruditzen zait, pribilegioak eskubideekin nahastuz edota gogoak beharrekin, gure askatasunak beste askorenak zapaldu ditzakeela ahaztuta nolabait.

Etorkizun totalitarioen arriskuaz entzuten dut tarteka, baina gure askatasun birtuala posible egiten duten kobalto meategietako irudiak ikusita, adibidez, ez zait kontzentrazio esparru maltzurragorik bururatzen ia. Edo, hor da ekialde hurbila. Bihar etor litekeen ekofaxismoa beldurgarri zait, baina jadanik bizi dugunari teknofaxismo zantzu gehitxo hartzen dizkiot esaterako, batez ere itsasoz bestalde begiratuta. Baina enpatia hobe Auschwitz bisitatzen dugunerako utzi, amorrua bideo-jokoetarako edota haserrea igandeko partiduetarako.

Eta nire askatasuna, ezta ukitu ere, nahi dudana egiteko eskubidea dut. Nago, erosten eta erabiltzen ditugun gauza guztien jatorri eta ondorioak ondo ezagutuko bagenitu, ez genukeela erdirik ere egingo.

Adi ibili beharko gara askatasunaz hitz egiten dutenean (eta dugunean); noren askatasuna aldarrikatuz eta norena ukatuz. Gaur askatasuna saldu nahi diguten horiek, bere zentzurik literalenean, kenduko digute bihar agian, eta akaso geratzen zaiguna lapurtu etzi. Mendebaldeak azken hamarkadetan egin bezalaxe, adibidez, inoiz asetzen ez den hazkunde gosez. Eta orain, bere kulparen kontra.

Gehiago baino, gutxiagorekin moldatzea ez ote den askeago izatea; dagoen hori hobeto banatuta, noski. Baina nola banatu, zenbat, nori, zer? Geure “askatasun” (pribilegio) jakin batzuk alde batera uzten asmatu beharko dugu, beste askoren askatasuna (bizitza) bermatzea nahi badugu bederen. Hautu kontua da, indibiduala bezain kolektiboa gutxienez. Eta nor hasiko den, nondik… hortxe XXI. mendeko erronka.

 

Aitor Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide