Albisteak

[ZUTABEA] Azterketak, selektibitatea…

Egun hauetan batxilerreko ikasleak azterketa garaian izango dira. Batxilerra amaitu eta askok selektibitatea egiteko asmoa izango dute. Hori ere prestatu beharra dute, unibertsitatean beraiek aukeratutako ikasketak egin ahal izateko, gainditu ez ezik, ahalik eta nota hoberena beharko dute ziurrenik.

Hautatutako karreran sartu ahal izateko gutxieneko nota behar izaten da. Nota hori DBH, batxilerra eta selektibitatean lortutako notaren media eginez ateratzen dutela uste dut. Hau horrela izatea norbaitek noizbait erabakiko zuen. Ikasle denentzako plazarik ez dagoenez, zerbait behar da aukeraketa hori egiteko, batzuk sartzeko eta besteak kanpoan uzteko. Baina ez dakit nik sistema hau egokiena den. Ikasleengan sekulako presioa jartzen dute, nota hori lortzeko. Dezimal batzuk gora-behera kanpoan gera daitezke eta ezin izango dituzte aukeratutako ikasketak egin. Aukeratzea bera ere ez denean erraza. Nik uste adin horretan zer ez den gustokoa dela garbi izaten den bakarra, eta ez zer nahi duten. Batzuk oso garbi izaten dute, baina zalantzak dituztenak gehiengoa direlakoan nago.

Sartzea lortu ez dutenen aukeretako bat ikastetxe pribatuan ikastea da. Noski, han eskatzen dutena ez da nota, dirua baizik. Eta ikaslearen familiak dirua badu, aurrera. Eta dirurik ez badago? nota baxuagoa eskatzen duten eta gustatzen ez zaien karrera bat aukeratu, urte horretan ikasketak eten… Hemen ere pribatizazioaren itzala ikusten dut nik. Ze nere ezjakintasunetik ari naiz, baina zergatik ez dituzte plaza gehiago eskaintzen irakaskuntza publikoan? Plazak eskaintzeko eskumena ez dela Eusko Jaurlaritzarena izango esango dute agian, baina hala bada ere, dagokionari eskatzea ere posible izango da ezta?

Bitartean Osakidetzan medikuak falta direla esaten digute. Zergatik ez dituzte plaza gehiago eskaintzen eta eskatutako gehiegizko nota hori jeisten? Martxa honetan medikuntza arloan gehien beharko ditugun medikuak psikologoak izango dira.

Erkuden Larrañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide