Albisteak

[ZUTABEA] Bihar

Aitor Ossak apirileko zenbakirako idatzitako zutabea:

“Prokrastinatzen gabiltza; onar dezagun.

Hitz berria, agian, baina kontu zaharra. Pentsa: euskaraz argitaratutako lehenengotako liburu mardula Axularren Gero omen da, erlijio betekizunak gerorako uzteak dakartzan zorigaitzez diharduena. Ez dut uste betekizunok gerorako uzteak zorigaitz handirik eragingo lukeenik, baina sinisten dut beste askotan luzamendutan ibiltzeak kalteak dakartzala.

Zenbat aldiz damutu ote naiz egin behar nuena bere garaian ez egiteagatik, egin behar nuen hori egunen batean egingo denaren ilusio faltsuak harrapatuta.

Bada, batzuetan pentsatzen dut ez ote garen antzeko ilusio faltsuz bizi, arazorik arazoenei aurre egin ordez ihesaldi zoro batean murgilduta, aurreranzko ihesaldi batean. Eta pentsatzen dut utopiarik utopiena ez ote den hemen eta gaur bizi dugun mundua. Biziarazi nahi diguten hau.

Axularren garaian Jainkoaren bideari nola, hala jarraitzen diogu gaur garapenaren bideari, bere zentzu kuantitatibo eta kualitatiboak nahastuz nolabait. Eta, egia esan, ez dut sinisten garapen ekonomiko infinituak salbatuko gaituenik, beste arrazoi batzuen artean, bizi dugun lurra finitua delako. Ez dut sinisten teknologiak bere horretan salbatuko gaituenik, arazo batzuk konponduta ere konplexuago batzuk eragiten baititu, arazo larrienen aurrean luzamendutan jarraituz. Ez dut sinisten orain berdez edota lilaz margotu nahi duten ase-ezintasun horrek onik ekarriko duenik, ez epe luzekorik behintzat. Ez baitut sinisten Jainkotzat gizonezko zuri bat izan duen eta gizon zuriaren arabera egina den gizarte batek guztion ona ekarriko duenik. Ez dezagun ahaztu kolonialismoa edota klase, arraza nahiz genero zapalkuntzak (eta beste) gure gizartearen oinarri direla oraindik ere, eta aurreranzko ihesaldi honek ekarriko omen duen ona beste batzuen kaltea izango dela.

Anarik dioen moduan, denok erabaki genuen akatsarekin aurrera jarraitzea, eta horrelako egoera batean beste edonork egingo lukeena egitea.

Gauza handienek ez dute zaratarik egiten haustean”.

Aitor Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide