Albisteak
[ZUTABEA] Biharamuna
— 2023-07-19Parranda uneek askorako eman ohi dute, ohikoa dugun bizinahia biderkatu eta bizipen ugariren eszenatoki bilakatzera arte. Egunerokoan, orokorki onartuta eta barneratuta ditugun portaeren baitan, gure benetako izaera zenbait geruza edo kapen azpian dagoenaren ustea dut, zuritu gabeko tipula bailitzan. Festa giroan, alkoholaren laguntzarekin gehienetan, geruza horiek erortzen joan ohi zaizkigu, intentsitate desberdineko geruza erorketak ikus daitezke, gainera.
Parranda biharamunek ere askorako eman dezakete, beti ere bezperako jardunbidearen baldintzapean. Gure izaeraren beste geruza bat izan ohi dugu soinean, ustela edo berezia izan daitekeena. Berezia diot, uste baitut zenbait aje egunetan sentikortasun partikular batek inguratzen gaituela. Inguruaren pertzepzio desberdina izan ohi dugu eta ohikoan oharkabean igaroko liratekeen hainbat zehaztasuni arreta jartzen diegu.
Biharamun hartan, bazkalosteko kafea hartzera irten eta zerbitzari gazteak maisuki atera zidan beharrezko kafeina dosia. Oraindik jende askorik ez bertan eta Italiako Giro-a izan zen nire arretagune nagusia. Pixkanaka hasi zen, ordea, arratsaldea animatzen, gazte jendea agertuz zihoan eta nire arreta haiengana zuzendu zen. Koka kola zero edota arrunta, akuarius, kafesnea basoan, kaƱaren bat ere bazen haien leloan… Bakoitzak beharrezko zuen hura hartu, adar jotze sanoren bat partekatu eta terrazara haizea hartzera! Konturatzerako terraza gazte jendez betea zen: han zen algara, han zen indarra. 19:30ean Igandeko Txarangaren ordua: guraso gazte zein ume askorentzat galdu ezin den hitzordua. Gure ondoan rifa saltzen gazte kuadrilla: haiek bai presentzia! Paretik pasatzen zena rifa erostera behartua sentitzen zen ia.
Gure gazteriaren potentziak txunditu egin ninduen, hainbat adinetako gazteen artean zen batasunak. Herri honen berezitasun handienetako bat eta etorkizunaren giltzarrietako bat ere bai. Biharamun egun hark Zestoak biharamuna baduela erakutsi zidan.
Joritz Zunzunegi Irure
Egin zaitez bazkide