Paperekoa

[ZUTABEA] Denbora

Denbora urrea da, denbora ziztu bizian doa, eta horrelako beste hainbeste erabiltzen ditugu sarri. Denbora falta zaigula diogu, baina libre dugun tarte bakoitza betetzeko joera ere badugu. Aprobetxatu egin behar dugu, izugarrizko
beldurra diogu ezer ez egiteari.

Txikitan, eta agian zahartzaroan, hau da,“produktiboak” ez garenean, denbora soberan dagoela dirudi eta gauzekin bete behar dela.
Aspermenaren kontra etengabe. Aldiz, ikasten eta lanean hasten garenean, gero eta preziatuagoa bihurtzen da denbora librea. Ingurukoei askotan entzuten diet denbora falta dutela gustuko gauzak egiteko, lagunekin egoteko, bileretara jo-
ateko, atseden hartzeko… Eta nik ere horrela bizi dut askotan. Aurreko batean, aspaldiko partez, buruan daramadan egin beharren zerrenda bereziki arin sentitu nuen, edo behintzat egin beharrekoak kontrolpean nituela, eta poz handia eman zidan horrek.

Egia esan, sentsazio hori seguruenik lotuta egongo zen nire kontu korrontea aspaldiko partez pixka bat beteago egotearekin; izan ere, autonomoen bizitza, badakizue… Soldata finkorik ez, lantxoak han eta hemen, hurrengo hilabetean zenbat kobratuko dudan jakin ez, norbere ordutegiak eta egutegiak antolatu behar, eta gaixotzen banaiz, zer?

Hala ere, lan finkoagoak dituzten asko antzeko egoeran ikusten ditut: lana, erosketak egin, biharko bazkaria prestatu, militatu, garbiketa egin, kirola egin, terapiara joan… Eta horretaz gain beste norbaiten zaintzaz arduratu behar direnak, zer esanik ez. Egun osoa besteak zaintzen pasatzen dutenak ere badaude, baina hau irakurtzen ari bazara, seguruenik ez zara horietako bat izango. Eta ni denbora faltaz eta prekarietateaz kexatzen ari naiz, baina astelehen goiz batez, sofan etzanda, ari naiz idazten hitz hauek, ajea pasa bitartean.

Esan nahi dut, orokorrean, lan gehiegi egiten dugula (eta gutxiegi kobratu). Denborari buruzko hausnarketa arinago bat idazteko asmoa nuen, baina politikoa atera zait. Denbora urrea da, baina denonak ez du berdin balio.

Maia Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide