Albisteak

[ZUTABEA] Edukiontzirik ez

Hamargarren urtez Zestoako Antzerki Astea martxan jarri du Eromen Antzerki taldeak. Ez dute meritu makala, alajaina. Urtetik urtera indartsuago egiten ari den zikloak, etsi gabe, herri honen azpiegitura beharrak edo gabeziak agerian utziko ditu beste behin. Ez da ordea hilabete honetako kultur ekintza bakarra izango: Itxaropena dantza taldeak, urtero legez, emanaldia eskaini du, Musika Eskolako haurrek euren kurtso amaierako jaialdiak izan dituzte eta musika bandak ere ziur prestatu duela kontzertu bereziren bat.

Herrian kultur edukia sortzen lanean dihardute herriko taldeek, urte luzez, aspertu gabe, nekatu gabe. Edukia bai, baina edukiontzirik gabe jarraitzen dugu Zestoan.

Bitartean, frontoi “zaharra” txukun eta itxura-berriturik ageri zaigu. Azken urteetan ez dakit zenbat pintura kapaz margotu duten. Esaldi eta esloganak ere bat baino gehiago izan ditu. Pilotalekuaren azken hobekuntzak: harmaila berriak eta argiztapen indartsua. Kiroldegia ere eraberritu da, eta kiroldegiko teilatuaren txanda da orain, amiantoa tarteko. Aho batez onartu du Zestoako Udalbatzak (bi alderdien aldeko botoekin) udal aurrekontuen 1.400.000€ko igoera, eta honen zatirik handiena (1.150.000€) kiroldegiko teilatuari dagokio.

Kontu! Ez naiz ni kirol azpiegitura beharren aurka ari. Inbidiaz diot aurreko guztia. Lehentasun kontua izango da, noski, baina, pentsatu al duzue inoiz kiroldegiko harmailak kultur ekitaldietarako gehiago erabiltzen direla pilota partidetan baino?

Urtebete barru, 2023ko maiatzean, izango dira hurrengo udal hauteskundeak. Eta duela 3 eta 7 urte bezala, bi alderdien ahotan egongo da ziur “Zestoak behar duen kultur areto duina”. Batzuek zein besteek urteak daramatzate herritarron “beharrak” diagnostikatzen, eta azken hauteskunde kanpainetan alderdi guztien lehentasunetan agertu da “ditxosozko” aretoa. Aldiz, azken 20 urteetan azpiegitura handienak kirolei eskainirikoak izan dira. Zenbat aldiz gehiago margotuko dute frontoia eskatzen dugun aretoa egiterako?

Jagoba Astiazaran Korta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide