Albisteak

[ZUTABEA] Esperantza

Bi urte pasa dira jada Danbolinetik zutabea egiteko proposamena luzatu zidatela. Bi urte pasa dira jada bizi izan genuen “ezohiko” testuinguru horretatik. Bi urte pasa dira eta langileon egoerak okerrera egin du. “Ezohiko” testuinguru ilun horretan tokatu zitzaidan lehenengo zutabea egitea, eta berriz ere bizi dugun egoera iluna da. Egia esan, ez daukat esperantza handirik epe ertainean egoera hobean idatziko dudanik. Prezioen etengabeko gorakada azeleratuak gero eta egoera okerragoan kolpatzen gaitu. Bizitzeko ezinbestekoak ditugun baliabideak eskuraezin ari zaizkigu gelditzen. Elikagaien prezioen gorakada, gasolina, argindarra luxuzko artikulu bihurtu dira. Negua gainean dugu eta aurten etxe asko eta askotan hotza eta gosea izango dira eguneroko ogia. (ADI, honekin ez dut esan nahi egoera hau zerbait berria denik, milioika pertsona baitira horrela bizi direnak beraien existentzia osoan; aurten beste askori ere tokatuko zaigu horrela egotea).

Neguaren etorrerarekin Gabonak ere gainean ditugu. Aurten bazkari-afaritako menu asko aldatuko direnaren errezeloa daukat. Olentzerori ere beste urte batzuetan baino gehiago kostatuko zaio etxeak bilatzea. Komunikabideek, berriz, egoera honi aurre egiteko konponbideekin bonbardatzen gaituzte. Hori bai, konponbide guztiak bizi kalitatea galtzearen kontura. Ez, hori ez da konponbidea. Nik argi daukat konponbide bakarra gizarte eredu hau aldatzea dela, eta horren aurrean antolatzea besterik ez zaigula geratzen. Enpresari handien eta politikari profesionalen erasoaldiak ez du etenik eta horren aurka antolatzea dagokigu langileoi.

Amaitu aurretik aipatu nahiko nuke bi urte hauetan pasatako guztia ez dela txarra, gero eta gehiago gara ogi apurretatik bizitzen nazkatu garenak eta gero eta gehiago horren aurrean antolatzen garenak. Lehen esan bezala datorren zutabean ere ez dut uste egoera sozial hobeagoan idatziko dudanik, baina ea berriz ere kontra egiten dugunak biderkatzen goazela esateko moduan naizen.

Jokin Igarataundi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide