Albisteak

[ZUTABEA] Fosforitoak bai

Krisi mundiala. Egunero bezala, etxera iritsi bi alaba txikiekin, eta bazkaltzen hasi gara. Haietako batek esan dit:

Ez da justua! gelako besteek fosforitoak dituzte, eta nik ez!

Bigarren eguna da hori esaten didana. Erantzun diot manifestazioa egin beharko luketela. Eta halaxe, dena antolatzen hasi gara. Manifan zehar oihu egin beharrekoa nahikoa azkar erabaki dugu: “ez, ez, ez, injustiziarik ez! bai, bai, bai, fosforitoak bai!”. Konforme geratu dira leloarekin. Ez pentsa horretan soilik geratu garenik, ibilbidea ere pentsatu dugu: Arroa Beheko eskolatik atera, errepidetik plazaraino joan, eta, bertan, leloa bizpahiru aldiz ozen oihukatu ondoren, buelta eskolara. Gauzak ondo, jolas-ordurako bertan egongo dira berriz ere. Gustura geratu dira alabak. Fosforitoen krisia konpontzeko bidean dago.

Barazki pureari beste kolpe bat eginda, di-da batean hurrengo gai potoloa mahai gainean. Oraingoan ez da krisia, ez nuke esango, gehiago da zalantza, jakinmina. Ezustean harrapatu nau galderak:

– Aita, gelako lagun batek esan dit egunero botatzen dugula puzkerren bat.

Toma! Ba ez dakit egia esan. Ez dakit egunero egiten dugun zerbait ote den. Beste alaba, bat dator gelako lagunarekin: “bai, zalantzarik gabe egunero botatzen dugu bakarren bat”. Baina, nola egon gaitezke ziur? Lerro hauek idazterakoan, ez dugu behin betiko erabakia hartu, baina itxura dauka hemendik aurrera apuntatu egin beharko dugula gure gorputzak behar hori asetzen duen bakoitzean, ai ama!

Ederra da umeen munduan murgiltzea. Haien zalantzak, usteak, okurrentziak… hurbiletik bizitzea.

Egia esan, helduen munduan konpontzeko ditugunak edo sortzen diren zalantzak larriagoak dira: gerra batean eta bestean; ingurunea suntsitzen ari gara; emakume izateagatik, edo sexu orientazioagatik, edo azalaren koloreagatik… erasoak eta era guztietako fobiak; guk mapa hartu eta oporretara nora joan pentsatu bitartean, mapa bereko hainbat tokitan migratzaileak hiltzen… asmatuko bagenu umeen erraztasunarekin arazoak konpontzen, heldu izan arren umeago bagina!

Kepa Iribar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide