Albisteak

[ZUTABEA] Gazteok ikasteko eta garatzeko kalitatezko espazioak bermatu

Julen Odriozola GKSko kideak idatzitako iritzi artikulua duzue honakoa:

Azken urteotan adierazi izan dugun moduan, gizarte kapitalista krisian murgilduta dago eta gizarteko kapa desberdinak proletarizazio prozesua jasaten ari gara. Horren aurrean, instituzioetako politikari profesionalek martxan jartzen dituzten politikak ez dira gai jendearen errealitate gordina aldatzeko, munduko milioika pertsonen lan- eta bizi-baldintzak nabarmen okertzen doazen bitartean. Adibide garbiena gazteona da, gure eguneroko ogia baitira langabezia, soldata baxuak edota aldi baterako lanak. Gainera, bizitzaren garestitzea eta zerbitzu publikoen murrizketa ematen ari den honetan, gazteok ezin dugu etorkizuneko bizi proiekturik eraiki. Izan ere, diruak arautzen ditu pertsona bakoitzaren gaitasunak, eta beraz, ezinezko bihurtzen da gazte guztion bizi bitartekoak bermatuta edukitzea, izan elikadura, osasungintza, aisialdia, kirola edota etxebizitza.

Bizi dugun testuinguru hau dela eta, gazteok sistema kapitalistan bizirauteko beharrezkoa dugu debaluatzen eta esplotatzen gaituen lan merkatura sartzea. Gainera, horretarako, azterketa eta froga ezberdinak gainditu behar izaten ditugu: derrigorrezko hezkuntza sistema, unibertsitatea, oposizioak… Eta hauek prestatu ahal izateko espazio egokiak izatea beharrezkoa da. Baina lehen aipatu bezala, gizartearen, eta zehazki, gazte langileon bizi bitartekoak geroz eta garestiagoak diren honetan, zailagoa da etxe askotan espazio egokiak izatea: ikasteko baliabide faltagatik, gela txikiak izateagatik, energiaren garestitzea dela eta tenperatura egokiak ez izateagatik
edota etxe txikiak jende gehiagorekin partekatzearen ondorioz zarata egoteagatik. Egoera hau ikusita, gazteok beste azpiegitura baten bila hasten gara, kasu gehienetan liburutegia izaten dena.

Espazio honek ordea, ikasteko baliabideak ematetik harago joan behar du, norberaren garapen pertsonala bultzatzeko ere funtzio garrantzitsua bete behar duelako. Izan ere, azterketa eta froga hauen prestaketak gure denbora librearen zati handi bat betetzen dute, hau gure garapen pertsonalerako oztopo bat izanik. Horregatik, bizi eredu aske baterako ezinbestekoa da denbora libre gehiago izan eta gazteon sormen zein garapen intelektuala bultzatuko duten doako, kalitatezko eta unibertsalak diren espazioak eskuragarri izatea.

Zestoako liburutegiak, ordea, ez ditu ikasleon beharretara egokitutako baldintzak betetzen, orain dela egun gutxi Zestoako GKS-tik bideo baten bitartez adierazi genuen bezala. Horregatik, garrantzitsua da gazte langileok antolatu eta espazio egoki baten aldeko aldarrikapena eta borroka aurrera eramatea. Bizitzen ari garen bizi eredu pobreari aurre egiteko eta zapalduon eskubide zein askatasunak lortzeko beharrezkoa da langileria modu independentean antolatzea guztion ongizatea bermatzeko.

Julen Odriozola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide