Paperekoa
[ZUTABEA] Goian ego
— 2024-03-31Zoriontasunaren bilaketak deprimitzen gaitu. Horren bila gabiltza, benetan jakin gabe zer demontreri buruz hitz egiten ari garen. Gizarte kapitalista dugu, ordea, bilaketa horren bide-lerroa argitzen diguna. Uneoro bonbardatuak gara zoriontsu izateko egin eta izan behar garenarekin. Hainbatek kritikatu dute zoriontasunaren terminoa, esaterako, Xabier Amurizak produktu komertzial bat dela esan izan du.
Sakonki barneratua dugun uste honen aurrean, biziki interesgarria da Emily Esfahany filosofo estatubatuarrak egiten duen proposamena. Zoriontasunaren ordez, zentzua duen bizitza baten aldeko aldarria egiten du. Gaiaren azterketa sakona egin ostean, bizitzari zentzua ematen dieten lau pilare identifikatzen ditu: pertenentzia, xedea, transzendentzia eta narratiba. Jarraian, transzendentziaren gaiari helduko zaio, gehiago jakin nahi duenak eskuragarri duelarik Esfahany-ren elkarrizketa sarean.
Transzendentzia, nitasunetik haragoko zerbait handiagoarekin konektatuta egotearen sentsazioa da. Transzendentala izan daiteke natura, politika, erlijioa… Lotura horren garrantzia sentitzeak apaltzea eta banakoon txikitasunaz jabetzea eragiten du. Transzendentala den honekiko eraginak, beraz, norbanakoa berekiko nahikoa ez denaren sentipena sorrarazten du.
Azken hamarkadetan, pilare honen galera nabarmena jazo dela esango nuke gurean. Erlijio katolikoarekiko atxikimendu galtzeak batetik, eta mugimendu politikoarekiko urruntzeak bestetik, Euskal Herrian historikoki transzendentalak izan diren bi elementuen lausotzea eragin dute. Komunitate sentipena desagertu eta jarrera indibidualistak areagotu dira. Sistema kapitalistak ere bultzatu duen transzendentziaren galera honek, egoaren hegaldia eragin du.
Joxe Miguel Barandiaranek euskal gizartearen azterketa antropologiko xehea egin ostean, mendeetan zehar errepikatua izan den ezaugarri bat identifikatu zuen, esaldi honekin adierazi zuena: Ez gara gure baitakoak. Badirudi transzendentziaren pilarea oso presente egon dela euskaldunongan. Eta zu, zure baitakoa zara?
Joritz Zunzunegi Irure
Egin zaitez bazkide