Paperekoa
[ZUTABEA] Gorputz anitzen dantzak esklabotzatik libre
— 2023-10-16Joan zaigu uda, gutako askok gehien atsegin dugun urtaroa: herrietako jaiak, hondartza, oporrak… Udak, badu ordea, bereizgarri bat: neguko beroki luzeak ezkutatu eta gure gorputzak agerian uzten ditugu. Aurten ere, batek baino gehiagok bainujantzia janzteko makina bat buruhauste izango zituen ispiluak erakusten dion gorputza inperfekzioz josita ikusten duelako. Baina gure gorputza ez da espazio pribatu bat, gizartea aske sentitzen da gure gorputzaz balorazioak egiteko. Jaietan sortzen diren pasarelak horren adierazle dira: ze polita zauden, ze dotore jantzi zaren, argaldu egin zara…
Gizartearen garapen erritmora egokitu izan da gorputza urtez urte: lehenik, gorputzaren zaintza lan logiko produktiboaren menpe geratu zen, indartsua izan behar zen erabilgarria izateko. Orain, ordea, gorputza gure lanabes izatetik, gure desioen agertoki izatera pasa da.
Desioak gure gorputzean proiektatzea garesti ordaindu dugu ordea. Gizarte kontsumista batean bizi gara eta horrek ere gure gorputzetan aztarna argiak utzi ditu. Giza-gorputzak edertasun kanonak betetzeko prestatzen ditugu (elikadura, arropa, kirola, kosmetika…) eta gizarteak ezarritako formak hartzen ez badituzte gure gorputzak irmoki epaitzen eta zigortzen ditugu. Ispilu aurrean bainujantzia lehen aldiz janzten dugunean bezala…
Halaber, badago genero-alfabeto bat gure gorputzetan: Beauvoir-en “egiazko emakume” eta “egiazko gizonaren” bi muturren artean. Baina horiek ez dira gizarteak inposatzen dituen molde bakarrak: gorputz normatiboak eta ez normatiboak daude. Zestoako jaietan gorputz horiek guztiak dantzan jartzeko aitzakia polita izaten da, baina, gorputz guztiak onartuak daude? Dantzan, modu berdinean dihardute?
Izarok “Dantzan dantzan…Notre Dameko plazan” egin nahi duela dio bere abestian, baina ez da bakarra, duela ia hogei urte ere Quasimodok, Notre Dameko Konkordunak, Parisko plazan dantza egin nahi izan zuen, baina jipoiak eta irainak jaso zituen trukean, bere gorputza estandarretatik irteten zelako: Quasimodo izenak, horixe bera esan nahi du, “gaizki egina”. Nik dantza egiten jarraitu nahi dut Zestoako plazan, gaizki ala ondo egina nagoen inork esan gabe: gorputz anitzak dantzan ikusi nahi ditut, esklabotzatik libre.
Aintzane Diaz
Egin zaitez bazkide