Paperekoa
[ZUTABEA] Herriko bonbilla guztiak
— 2024-11-14Utx! Sukaldeko bonbilla erre zait, uste baino azkarrago. Banoa Ugarterenera, berri bat erostera. Atariko atea ireki eta, mmmm, a ze kanela usain gozoa. Ari dira orain ere Romanaren okindegian cinamon rollak egiten. Etxerakoan hartuko diet dozena erdia.
Gauzak ez dira asko aldatzen egunez egun. Tomas Bittarte bizikleta elektrikoari bateria aldatzen ari da; Apategirenean, zakukada bat glutenik gabeko irin oramahaian husten; Zunzunegiren dendaostean, online eginiko eskariren bat prestatzen; eta Sasiandarrak, jo eta su, hanburgesa beganoak egiten. Plazan ere betikoak dabiltza hara-hona. Juanitak Pokemonen kromo-bilduma berriaren kartela jarri du ate ondoan, eta neska-mutil talde bat Koiote aurrea dago, bruncha egiten. Bapo bizi dira, alajaina!
Laranjadira sartzerako hor entzun ditut, Herrerorenetik ia mugitu ere egiten ez diren gazteak eta Olatz elkarri adarra jotzen. “Egun on, Olatz! Ekarri al dizkidazu Telegram bidez eskatu nizkizun ahuakateak eta pak choia?” galdetu diot, eta berak erantzun “Ahuakateak ez. Oraindik ez daude biltzeko moduan eta”. Berehala, Blanki dendatxikitik irten da, eta “Morcuendetarren fruta dendan badituk, urrutira joan gabe” esan dit. Hau da hau herri giroa, bere onenean.
Eta banoa beherantz, arrandegian egin berri duten sushiari begira. Etxeko egongela dirudien zapata dendan, Ana Marik Crocs berriak jarri ditu salgai, eta, ondo-ondoan, laser ebakigailuaz eginiko zurezko apaingarriak lixatzen ari dira zelaiatarrak. Jakina, Miren botikako potoei hautsa kentzen dabil gaur ere, eta hiruzpalau gaztetxo, Baltxolarenean, betaurreko birtualekin denbora pasa.
“Egun on, Joxe! Bonbilla berri bat behar dut sukalderako, erroska handikoa” esan dut, burdindegiko atea ireki orduko. “Probatu ezazu horman daukazuen oholtxo horretan, azkena bezala, ea luzaroago irauten didan” bota diot txantxetan, eta hark erantzun, “Hik barre egingo diok gure oholtxo honi, baina Amazonek ez dik halako zerbitzurik ematen”.
Ezen 40 urtez azpikoek ez baituzue jakingo, baina garai batean Ugarterenean pizten ziren, lehenbizikoz, herriko bonbilla guztiak.
Imanol Salegi
Egin zaitez bazkide