Paperekoa
[ZUTABEA] Heziketa teknologikorako herri proiektuak
— 2023-11-15Teknologia eta gazteak elkarri oso lotuta joan ohi diren bi eremu dira. Binomio horrek eragin desberdinak sortzen ditu entzulearen belarri motaren arabera; batzuetan lilura (bereziki gazteen artean), bestean ordea; gorrotoa, etsipena, amorrua edo ernegazioa (irakasle, hezitzaile zein gurasoentzat).
Teknologia bere horretan ez da txarra, gure bizitzarako beharrezkoa dugu. Eta gazteak ere ez dira gaizkileak; euren identitatea eraikitzeak eragiten duen frustrazioaren motxilak zapaldutako pertsonak baizik, zeinak teknologian aurkitu duten gaur egungo gizartean aurkitzen ez duten joko eremua.
Teknologia ez bada kaltegarria eta gazteak euren etorkizunaren jabe egiteko ahaleginetan baldin badabiltza, zergatik ez diegu laguntzen bide hori egiten?
Europako Batasunak aspaldi ikusi zuen digitalizazioak gure bizimodua ezaugarritzen duen aro honetan eta etorkizun ez oso urrun batean, formazio tekniko-zientifikoa duten profesionalen beharra handia izango dela. Hau da, egongo den beharra estaltzeko nahikoa profesional ez dela egongo. Horregatik, Bruselatik 2021-2027 epealdirako Hezkuntza Digitalaren Akzio Plana martxan jarri zuten europar parlamentariek. Besteak beste, gaur egungo haurren artean, zientzia eta teknologia eskuduntzak (STEAM bezala ere ezagutzen dena), sustatzea bilatzen dute, bereziki nesken artean; genero arrakala jakintza esparru horietan handia baita.
Beraz, gazteak teknologiara erakartzea egokia baino premiazkoa da. Arazoa da erakartze horrek ezin duela mugatu soilik mugikorrean WhatsApp edo sare sozialak erabiltzera. Lorpena litzateke esaterako, egun Lehen Hezkuntzan dauden neska eta mutil horiek programazioaren magiaren liluraz estaltzea.
Haurrek bide hori ordea ezin dute euren kabuz egin, hezkuntza sistemaren, irakasleen eta esango nuke, gurasoen laguntza behar dute. Baina goitik beherako zerbaiten zain egon ordez, beste modu bat herri mailako proiektuak garatzea da eta ederra litzateke Zestoan eta oro har Urola bailaran, prestakuntza teknologikora bideratutako eta komunitatea barne hartzen duten egitasmo pedagogikoei bizia ematea. Ni amesteko prest, norbait gehiago animatzen al da?
Elisabeth Pombo
Egin zaitez bazkide