Albisteak

[ZUTABEA] Jagoba Astiazaran: Galtzen, galtzen

Aitaren eguna deiturikoan nire aita txandala soinean ikusi dut bizitza osoan, San Josetako krosaren aitzakian. Zestoan Antxelmoren lehen seme izateak bere pisua du, noski. Jaio orduko oparitu zizkidaten baloi, erraketa eta beste kirol-tramankulu guztiei muzin egin nien. Zorionez, aitak jakin zuen interes falta hura ikusten, eta ez dut uste inoiz penaz bizi izan duenik.

Etxean beti animatu naute kirola egitera, baita herri-krosean parte hartzera ere. 1989an (bi urte eta erdi eskasekin) irten ginen Adrian Larrañaga eta biok lehen aldiz korrika, gu baino zaharragoak ziren askoren atzetik. Kasualitatea da gerora biok ere musikarako bidea egin izana.

Ordutik, urtero, buruan izerdia biltzeko zinta jarri eta ilusioz nahiz urduritasunez ekiten nion “Gexala” zaharretik plazarako ibilbideari (inoiz Potxolo parean patata eske gelditu banaiz ere). Egindako lorpenaren oroigarri: bildumarako domina berria.

Garai hartan sailkapena argitaratu ohi zen arkupetan, eta urtez urte nire izena zerrendaren azpialdean ikustera ohitu nintzen. Asko eskertzen dut hori, baita etxekoek zerrenda horietako batzuk gorde izana ere. Azkena edo azkenaurreko izanagatik ere, beti irakatsi didate, parte hartu dutenen artean azkena izateak ez nauela “azken-putz” bihurtzen, parte hartu ez izanak bai, aldiz.

Aita izan berri naizen honetan, iruditzen zait gaur egun haurrei ukatu egiten diegula galtzeko aukera. “Inor ez da galtzaile, denok irabazten dugu” edo antzeko leloekin parte hartzearen garrantziaz jabetzen ditugu, baina porrotik gabe hezi nahi ditugu. Etorkizunean izan ditzaketen erorketei ihes egiteak ez ditu, ordea, haurrak babesten. Ikasi behar dute zertan duten erraztasuna eta zertan saiatu behar duten gehiago; porrotez jositako bizitzak gehiago balio duela, saiatu ez denarenak baino; eta galtzen dakienak irabazteko aukera gehiago dituela.

Erretiroa hartu berri duen honetan, asko eskertu behar diot aitari, ez kirola egitera “bultzatu” ninduelako, zerrendan azkena izaten irakatsi zidalako baizik.

Jagoba Astiazaran Korta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide