Albisteak

[ZUTABEA] Kontatu didate

Kontatu didate New Yorken, Fifth Avenueren eta 128 karrikaren kantoian, negu gorrian, pauso urduriko gizon bat egunero ibiltzen zela jendeari otoi eskatzen bakean utz zezatela, egunkariak, liburuak eta besteek bazter utzitako gauzak biltzen zituen bitartean. Gizon hura Langley Collyer zen, familiaren babesean, munduaren gordinetik at hazia. Alabaina, mundu gordinak krak egin zuen 29an, eta ez zen gutxiago gertatu gizon haren munduan. Gurasoak hil, eta anaia itsua elbarri geratu zitzaion. Munduak altxa zuen burua. Iritsi ziren etxe orratzak, iritsi ziren taxi horiak. Denborarik ez dolurako. Ikara eragiten zion anaia egoitzan, ezezagun artean, imajinatzeak, ikara bere burua jendez mukuru beteriko metroan lanera zihoala ikusteak.  Eguna anaiarekin etxean igaro ostean, iluntzero ateratzen zen kalera, munduak lotaratu aurretik ahaztuta utzitakoak biltzera: janari hondarrak, zulatutako berokiak, haizeak hondatutako aterkiak eta egunkariak, batez ere egunkariak, anaiari kontatzeko zer gertatzen zen kanpoko zurrunbilo hartan. Hogeita hamar urte eman zituen horretan, hogeita hamar urte hiriko hamabost egunkarien ale bana etxera eramaten, eguna joan eta eguna etorri. Auzokoek seme-alabei kontatzen zioten zein zen ikastetxe aurretik erdi korrika igaro zen gizon hura, eta nola berdin-berdin igarotzen zen leku beretik, ikastetxea eraiki aurretik ere. Ezen gauzak asko aldatzen dira New Yorken, baina ez guztia.

Hala, laster jabetu ziren zerbait falta zutela, jada ez zutela ikusten kalea zeharkatzeko trafikoa eteten zuen gizon hura. Saiatu ziren etxeko atea irekitzen, saiatu ziren leihoren batetik sartzen, baina guztiak zeuden pilatutako egunkari dorrez erabat trabatuta. Sabaian zuloa eginda, anaia itsua aurkitu zuten, gosez hilda. Inork ez zuen ulertu nolatan utzi zuen bakarrik Langleyk. Egunak behar izan zituzten etxea husteko, zer gertatu zen jakiteko. Munduak aurrera egiten zuen bitartean, Langleyk gotorleku bat eraiki zuen etxean, hogeita hamar urtean kaletik jasotako traste zahar, liburu eta egunkari ahaztuekin. Pasabide ilun eta estuko labirinto bat eraiki zuen oroitzapen haien artean, kaleko atetik anaiarenganaino iristeko, eta azkenerako, pasabide haietako baten sabaiak azpian harrapatuta hil zen. Kanpoan, urduri zebiltzan taxi horien klaxonak entzuten ziren, ezen mundua ez baita era horretan aldatzen, gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen, eta zama-aroa ez da horrela laburtzen.

Imanol Salegi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide