Albisteak

[ZUTABEA] Lehena eta geroa

Erkuden LarraƱagaren zutabeak Schopenhauer-en ideiak burura ekarri zizkidan. Alemaniako pentsalari hori negatibismo filosofikoaren ordezkaria izan zen. Esaten zuen bizitzak ez zuela ez zentzurik, eta ez baliorik. Aro bakoitzak bere testuinguru propioa du, eta, segur aski orduan, aspalditik existitzen ziren potentzia eta inperio mingarri eta suntsitzaileak, eta munduko ohiko gaitzek soluzio bakarra iradoki zioten: arrazoiari eustea. Grina eta borondateak ez zuten baliorik. Zerbait nahi izateak desira gehiago sor zezaken arren, arrazoiak gauzak ziren bezala ikustera eraman zezakeen.

Gaur ezagutzen dugun errealitatea ez da hobea. Ezezko datua teknologiak ematen digu. Saldu nahi diguten gatazka energetikoak ez du elektrizitatearekin zerikusirik; uranio, ikatz, gas, petrolio eta beste zenbait elementuren hornidurarekin baizik. Pandemiarekin kontsumoa jaitsi egin zen, baina konfinamenduaren amaierarekin arazoa berriro bueltan etorri zitzaigun. Eliteko enpresek eta enpresa teknologikoek euren leku propioa bermatu nahi dute. Mihi gaiztoek diotenez, Facebook-ek enpresaren helburu nagusia aldatu du. Erakundeari Meta izena ipini, eta ekintza zehatz bat martxan jarri dute: mundu birtuala sortzea. Urtero, egundoko dirutza inbertitzen ari omen dira, eurek kontrolatuko dituzten hiriez osatutako ingurune birtualak eraiki asmoz. Kriptomonetaren antzeko diru birtuala ezarriko dute, eta han parte hartuko duen marka bakoitzari eta bezeroei prezio bat kobratuko diete. Stephen Hawking zientzialaria datorkit burura. Esan zuen teknologiak gizakien genetika aldatzeko ahalmena eta baimena izango dituen eguna heltzean munduak benetako kaosa biziko duela. Pentsalari batzuek, berriz, diote teknologiak erantzunak ekarriko dizkigula. Nolako borroka planteatu dezakegu aspaldiko inperioek eta enpresa teknologikoek hainbeste indar lortu badute? Ez gara Danbolineko azkenengo zenbakia irakurtzen egongo erantzunaren egunean. Agian, egun horretan, Danbolin irakurriko dutenek aldizkaria Facebook-ek ezarritako diruarekin erosiko dute, bere mundu digitalean, eta ordurako, tamalez, borroka hitz erromantikoa besterik ez da izango.

Julio Vila Albert

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide