Albisteak

[ZUTABEA] Markagailua zeroan

Urtarrilaren 1ean jarri zen zeroan markagailua, eta dagoeneko kontatzen hasi da. Eman ziguten lehenengo biktimaren berri, eta ahaztu ere egin zitzaigun hurrengo arnasaldirako. Lehenengoa izan zen zakurako, ustez lehena, akaso seigarrena zen-eta. Izan ere, ez dira denak aintzakotzat hartzen. Ez behintzat nik hartuko nituzkeen denak. Hala ere, berdintsua da askotan aintzakotzat hartzea edo ez hartzea; batzuk zaku barruan eta beste batzuk kanpoan egonagatik, antzeko tokira joan ohi dira gizartean; ahanzturara. Auskalo zenbat istorio pilatu diren iluntasunean: isildutakoak, isilarazitakoak, kontatu arren entzun ez direnak, sekretupean gordetakoak, salatutakoak, heriotzarekin galduakā€¦

Entzun izan dut neurriz kanpoko adierazpenak egiten ditugula emakumeok. Kontua da hil egiten gaituztela edo bortxatu, edo zapaldu; edonoiz eta edonon. Zorigaiztokoak diren gizonezkoek emakumezkoaren gainetik sentitu, eta haren bizia akabatzeko boterea sentitzen dute. Denak ez dira halakoak, noski; akabo bestela. Baina hor daude, gure kaleetan, zorigaiztoko asko. Zuek, gizonezko zintzook, askotan ez dituzue ikusten. Guk nahi gabe ikusten ditugu: ezagutzen ez dugun horrek begirasun nazkagarria egin eta zerbait esaten digunean, norbaitek ipurdia ukitzen digunean, atzetik jarraitzen gaituenean, edo ligatzen zabiltzan horrek ezetza ulertzen ez duenean, familiako, lagun edo ezagun horrek izutzen gaituenean. Bere zakila gure gorputzean indarrean sartzeraino. Gure baginaren jabea bera balitz bezala jokatuz. Eta hainbat adibide gehiago, eguneroko ogia.

Begiak malkotan baina tinko esan dezaket hau pandemia latza dela, eta inork ez dituela haiek inon konfinatzen. Ezta musukoa eta antzeko gailurik ezartzen ere, edota rastreadorerik. Ez diete jartzen isunik emakumeon harrapakariak izateagatik. Ezta txertatzen ere.

Eta gero entzun egin behar emakumeak esageratuak garela. Egunen batean seme nerabea baldin badaukat, espero dut ganoraz landuko dudala errespetua eta berari esango diodala kontuz ibiltzeko zer esan eta egiten duen. Eta alabari errespetu bera izan dezala besteekin. Biei esan nahiko nieke libre eta seguru ibiltzeko kalean. Eta, noski, ondo pasatzeko!

Maialen Kortadi Iparragirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide