Albisteak

[ZUTABEA] Nemo eta biok

Orain ere asmatu du eguzkiak bidea egiten, pertsiana zirrikituan zehar, ni bete-betean jo eta esnatzeko. Sargoriak eragindako nagikeriak uxatu nahi dizkit, antza denez. Eta ez da bakarra. Ez al nion bada Joneri hitza eman Danbolinen iraileko alerako zerbait idatziko niola? Zer eta bi mila karaktere, eta Zestoari buruz gainera… Ezta herrigintzan jo eta su dabiltzan horietakoa izango banintz ere.

Tira, ondo ezagutzen nau eta barkatuko dit eskaera guztiak betetzen ez badizkiot. Baina zer idatzi? Agian, irakurri berri dudan Harkaitz Canoren ipuin baten hasiera plagiatuko banu, betelan apur bat egin, eta neure uztako amaiera emango banio… Barkatuko ahal didate Jonek eta Harkaitzek.

Halaxe jaiki naiz, erabat esnatu gabe, eta martxan jarri ditut kafe makina eta irratia. Aldi berean hasi dira ura irakiten eta irrati esataria hizketan. Eta bor-bor-bor eta bla-bla-bla, nola aurtengo uda azken urteetako lehorrena izan den, eta nola ur eskasiak jota gabiltzan, eta nola Abantzu urtegiko urek duela hogeita hamar urte azpian hartutako herri bat berriro agerian geratu den. Hara!

Hantxe jaio eta hazi ginen gu. Ez zen herri handia, eta ez zegoen zeregin handirik. Ikastetxetik errekara eta errekatik base sekretura, halaxe ematen genituen egun gehienak. Ezin esan han errotuta sentitzen nintzenik, eta ez dakit zer demontre dela eta noan hara orain, autoa hartuta, kafe makina itzali ere egin gabe.

Sartu behar-beharrezkoak maletan, eta utzi txorakeriak dauden lekuan, denbora askorik ez dugu eta’ esan zigun aitak, etsita, herria uzteko aginduei jarritako azken helegiteari ezezkoa eman ziotenean. ‘Eta zer egingo dugu Nemorekin?’ galdetu zuen arrebak, arrainontzia eskuetan zuela. ‘Utzi arrain ditxosozko hori hortxe bertan. Herri osoa izango du beretzat. Gustura ibiliko da ur handiagotan’.

Eta halaxe ibili ginen geu ere harrezkero, ur handiagotan, unibertsitatetik gimnasiora eta gimnasiotik disko dendara, zerbait egiten genuelakoan, ezer askorik egin gabe.

Herria ez da asko aldatu. Lehen bezain hutsak daude kaleak. Utzi genuen bezala dagoela esango luke edonork, alga geruza fin eta berde batez erabat estalia ez balego. Leku berean daude horman zintzilik genituen argazkiak, leku berean bizikleta zaharrak, leku berean irratia, eta betiko lekuan eseri naiz hogeita hamar urte geroago, arrainontziaren ondoan. Hantxe gaude orain, elkarri begira, Nemo eta biok.

Imanol Salegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide