Albisteak

[ZUTABEA] Pandemia eta datuen jabetza

Urriko zenbakitik ekarritako zutabea:

Iraila. Ikasturte berria, asmo berriak… Orain arte “Euskal dantzan apuntatu naiz”, “Pianoa aukeratu dut”, “Pilotan hasiko naiz” eta antzekoak entzuten genituen. Aurten, ordea, guztia da desberdina, eta Zestoan, irailaren erdialdetik aurrera, “Positiboa da”, “Positibo eman du”, “Konfinatua dago” eta antzekoak entzuten hasi ginen. Pandemiak gertu harrapatu gaitu lehen aldiz, eta bere atzaparretan gogor estuturik mantentzen gaitu.

Bai, sentitzen dut: ezin dut gaia alboratu. Badakit nazkatuta zaudetela, baina lerro hauek idazteko unean, alabaren laugarren PCR emaitzaren zain nago, eta egoera hori behin eta berriz errepikatu da azken hiru asteetan gure etxean, jarraian hiru konfinamendu bizi izan baititugu. Zoritxarrez, gaiarekin esnatzen eta oheratzen gara.

Egoera honek gogoeta bat egitera bultzatu nau. Orain arte osasun arloko datuak, informazioa eta diagnostikoak norberaren eremu pribatuan gordegarriak zirela ulertzen zen, eta, ondorioz, norberak erabakitzen zuen informazio hori gainontzekoei komunikatu edo ez. Orain, hori ere aldatu da. Ez daukazu pentsatu beharrik informazio hori gainontzekoei jakinarazi nahi diezun edo ez; aztarnari batek galdetuko dizu aurreko egunetan norekin, noiz, nola eta zer egiten ibili zaren, eta zuk erantzun egingo diozu, pentsatu gabe, zerbait normala balitz bezala, interes publikoaren edo hirugarrenen mesedetan. Horixe baita Datuen Babeserako Legeak aurreikusten duen salbuespena: pribatutasuna vs interes publikoaren babesa.

Egia da. Pentsatzeko tartea utziko balidate, neuk ere erabaki horixe hartuko nuke; neurea soilik den informazio batek familia, lagunak, lankideak eta gainontzeko herritarrak babestuko baditu, ez zait inporta nire bizitzako sekretuak aireratzea. Arriskutsua, ordea, geuk sortzen ditugun datuak eta geure eremu pribatukoak direnak geure jabetzakoak direla ahaztea da. Paradoxikoa bada ere, indibidualismora bultzatzen gaituen pandemia honek, goxokiak edo hamaiketakoa banatzea delitu bihurtzen duen gaixotasunak, informazioa partekatzera behartzen gaitu. Hau guztia amaitzen denean ez nuke nahi agerpen publikoa normaltzat hartzen duen jendarte baten parte izan, gizarte indibidualista batekin geratu nahi ez dudan bezala.

Elisabeth Pombo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide