Albisteak

[ZUTABEA] Txile, irailaren 1a, konstituzio berriaren aldeko ekitaldia

Jende andana dabil Txileko kaleetan, oihuka, banderak astinduz hara eta hona. Urduri nabari dut herria, ilusio begiak dir-dir, aldaketa egarriz. Emozio ugari sortu zaizkit barnean: urduritasuna nabari dut, oilo ipurdia besoetan, ezinegona, zalantza ugari, milaka eta milaka pertsonen arnasa, jendea bultzaka, kaleetan lekurik ez… guzti hau, nor bere askatasun, eskubide, eta duintasunaren alde borrokatzeko.

Nork esango zukeen Txilen Konstituzio berria hautatuko zen unea bertatik bertara biziko nuenik. Ikasketa bide, Erasmusak ekarri ninduen Zestoatik hona joan den uztailean, eta bertan harrapatu ninduen Augusto Pinochet diktadorearen 1980ko konstituzioa ordezkatu nahi duen konstituzio berriaren mugimenduak.

Egoeraren berritasunak eta ezjakintasunak bertakoei galde egitera bultzatu ninduen, unibertsitateko hitzaldietara eta kaleko ekitaldietara joatera, eta ohartu nintzen bizimodua eralda zezakeen konstituzioa esku artean zutela: indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea –berton egunerokotasuna baita, zoritxarrez, indarkeria–, abortuaren legalizazioa… Hara zer sorpresa, ordea, irailaren 4aren biharamunean etsipena gailendu zenean kaleetan, bozketa haren ondoren tamalez denak berdin darrai-eta. Pribatizatuta jarraitzen dute, besteak beste, ikasketek, osasunak, kulturak, lurrek…, alkoholaren zergek liburuenak baino baxuagoak izaten jarraituko dute, adinekoak jubilazio pentsio baxuegien beldur biziko dira, batez besteko soldatak (430€ inguru) baxuegia izaten jarraituko du Euskal Herriaren antzerako bizi maila duen herrialde batean, eta, ondorioz, jende andanak jarraituko du kale izkinetan, lan egin arren.

Emaitza desio zena izan ez bada ere, pozgarria izan da horrelako herrialde bateratu eta borrokatzaile bat beraien duintasunaren alde borrokan ikustea. Ederra izan da bertatik bizi izateko aukera, bertan neronek lehen pertsonan esperientzia bizitzeko aukera izatea. Bidean ohartu naiz etengabean ekartzen ditudala hemengo bizimodua eta geure Euskal Herrikoa, hemengo bizi kalitatea, dituzten eskubideak eta baliabideak… eta ohartzen naiz zelako zortea dugun jaio garen lekuan jaio izanagatik.

Irati Sasiain Artola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide