Albisteak

[ZUTABEA] Zestoartzen

Zestoa herri txiki honek, nola gaur ditun jaiak, festak, danborrada, kuadrilla eguna… Zein ongi eta gustura sentitzen garen talde bateko partaide garenean. Ni, betidanik, pertsona isil eta lotsatia izan naiz, baita kostatu ere Zestoan kuadrilla batean parte izatea. Egia esan, kuadrilla eguneko paella prestatu behar izan nuen alkandora preziatua lortzeko, eta a zer euforia lortutakoan. Askotan pentsatu dut zer izango nintzatekeen nire lagun taldea gabe. Izan ere, ez da ederra izango bakarrik egotea edo sentitzea, bakarrik bizitzea edo sentitzea, bakarrik ibiltzea edo sentitzea. Zerbaiten parte izateak jarraitzeko indarra ematen dit, gehiago emateko gogoa, finean, bizitzeko ilusioa. Zer hoberik gure haur, nerabe, gazte eta helduak entzun eta haien ilusioarekin aurrera egitea baino, haien indarrarekin indartsuagoa bilakatuz.
Ia beti, haur edo nerabeen ordez pentsatzen hasten gara, gure ustetan haien hobe beharrez. Baina zergatik kendu dagokien ardura? Zergatik ez eman hitza, eta entzuteko prestutasuna izan? Utz diezaiegun beraiek nahi duten parkea imajinatzen, nahi duten jolas lekua osatzen, herria eraikitzen. Gu haurtzaro eta nerabezarotik igarotako helduak gara (ustez behintzat), baina ez gara inoiz garai haietara itzuliko. Hala ere, gure haur eta nerabeak, egunen batean, helduak izango dira, eta bizitako guztia elkarbanatu nahiko dute, beraiengan jarritako arretari balioa emanez. Guk sinetsi dugulako sinetsiko dute haiek ere. Denon hitza behar dugu, denon partaidetza. Horretarako, ordea, sinetsi eta horrek dakarren guztiari aurre egin behar diogu. Nire sukaldeko dohainez zalantzak izan eta hala ere nigan sinetsi zuten haiek bezala. Azkenik, nire lotsa eta isiltasunak alde batera utzita, txapeldunen ligako afari, txokoko partida, txirringako irteera eta abar luze bateko partaide izateraino.

Zestoartzen ari naizela sentitzen dut, nigan sinetsi duzuelako. Aupa zuek!

Alex Altolagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide