Albisteak

Egitarau oparoa Gaztetxeko XXIX. Urtemugarako

Zestoako Gaztetxeak XXIX. urtemuga ospatuko du apirila guztian zehar eta horretarako egitarau oparoa  prestatu dute Gazte Asanbladako kideek. Ostegun honetan, hilak 5, Askapenako brigaden aurkezpenarekin  hasiko dira ekintzak eta hilaren 28an egun osoko egitarauarekin amaituko dira urtemugako ospakizunak.

Datorren osteguneko saioa arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta udan Ekialde Hurbilera, Europara eta Latinoamerikara egingo dituzten brigadak izango dituzte hizpide Askapenako kideek. Ostiralean, hilak 6, Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa izango da. Ane Peñagarikano, Beñat Torres, Lurdes Ondaro, Manex Astigarraga, Aissa Intxausti eta Mikel Iturriotz bertsolariak arituko dira Gaztetxeko oholtza gainean bertsotan. Sarrera doakoa izango da.

Apirilaren 13an berriz, umeentzako txanda izango da, Umeen Eguna ospatuko dute, jolasak eta merienda egingo dituzte Gaztetxean. Urtemugako ospakizunekin jarraituz, apirilaren 27an, ostirala, musikaren txanda izango da. Rural Zombies eta Sofa taldeen musikaz gozatzeko aukera izango.

Urtemugari amaiera emanez, apirilaren 28an, larunbata egun nagusia izango da. Egun osoko egitaraua antolatu dute Gazte Asanbladako kideek. Bazkaria, kalejira eta Bertsio Gaua egingo dituzte. Bertsio Gauerako izen ematea zabalik da jada Mollergi, Koiote eta Gaztetxean.

 

Lehengo urteko argazki batzuk:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide