Albisteak

Zestoako udal langileek argiteria publikoa pribatizatzearen aurkako mozioa aurkeztu dute

Datorren asteazkenean (uztailaren 26a) ohiko Udal Batzarra egingo da Zestoako Udalean. Pleno horretan, besteak beste, herriko argiteria publikoa pribatizatzea aztertuko da. Argiteria publikoa pribatizatzearen aurka daudela eta Udal Gobernua hartzera doan erabakiarekin “oso kezkatuta” daudela adierazi dute udal langileek.

Desadostasun horregatik, argiteria publikoa pribatizatzearen aurkako mozioa aurkeztu dute udal langileek. “Herritar guztiak gonbidatzen ditugu plenora bertaratzera eta beren iritzia ematera” adierazi dute, aurkeztu duten mozioa datorren asteazkeneko plenoan aztertuko baita.

Jarraian irakur dezakezue udal langileek aurkeztutako mozioa osorik:

MOZIOA ARGITERIA PUBLIKOA PRIBATIZATZEAREN AURKA

Zestoako Udal Gobernuak argiteria publikoa pribatizatu nahi du, argindar kontsumoa nabarmen jaitsiko duen sistema ezartzeko. Horretarako LED sistemako 932 farola jarri beharko dira eta 28 koadro elektriko egokitu, Rener enpresak egindako auditoriaren arabera.
Hirigintza batzordean (2017/04/20 eta 2017/06/06) eta hainbat Gobernu Batzordetan aztertu den alternatibak berrikuntza horiek guztiak eta zerbitzuaren gestioa enpresa pribatu bati 10 urtez esleitzea dakartza.
Zestoako udal langileok ez gaude horrekin ados, eta hauek dira arrazoiak:

  • Rener enpresak egindako auditoriaren datuak ez dira fidagarriak, horien artean, inbertsioetarako jarritako prezioak. Esate baterako, prezio bera dute ezaugarri desberdinak eta potentzia desberdinak duten LED eta farolak; prezio errealetan, ordea, alde nabarmenak daude. Koste erreal zehatza ez dugu ezagutzen. Auditorian jasotzen den kopurua (412.310.00€, BEZ kanpo) gutxi gorabeherako estimazioa besterik ez da.
  • Herri azpiegiturak ere herri ondarea dira. Hortaz, aberastasuna sortzen badute, herriaren onurako izan behar du, herriak dituen beharretan inbertitzeko. Enpresa pribatuek honetan interesa badute, etekina lortzen dutelako da. Udalak kudeatuko balu, etekin hori herrian bestelako proiektuak egiteko erabili ahalko da.
  • Udalak ezingo ditu kontrolatu 10 urtetan:
    ◦Zein enpresarekin egiten den argindar hornikuntzaren kontratua, ezta prezioa ere.
    ◦ Zeintzuk diren langileen kontratazio baldintzak
    ◦ Erabilitako materialen kalitatea
  • 10 urteak igaro ondoren oso zaila edukiko du Udalak zerbitzua berreskuratzea eta egoki kudeatzea, 10 urteko informazio guztia galdu egingo baita
    ◦ Hornitzaileak, sarearen antolaketa…
  • Enpresa pribatu bati esleitzeko arrazoietariko bat da, aldaketa osoa 6 hilabetetan gauzatzea eta gastua hainbat epetan ordaintzea. Ez da beste aukerarik aztertu, adibidez:
    ◦ Aldaketa 6 hilabetetan egiteko, langile gehiago kontratatzea .
    ◦ Ordainketa dena batera ez egiteko, bankuekin mailegua negoziatzea
    ◦ Edo berrikuntza lan horiek faseka egitea, Udala hainbeste zorpetu gabe.
  • Egungo kudeaketa eramaten duten udal langileek badute gaitasun teknikoa aldaketa horiek guztiak burutzeko, eta zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartzeko.
    ◦ Zerbitzua eta lanak 10 urtez pribatizatzeak lanpostu publikoak arriskuan jar ditzake
    ◦ Udal administrazioak enplegu publikoaren alde egin behar du.
  • Kontratazioaren zenbatekoagatik (1.290.000,00€ + BEZ = 1.560.900,00€) lizitazioa Europako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta, ondorioz, Europako edozein herrialdetako enpresak bereganatu ahalko du. Ondorioz, prozesuaren erabakiak, kudeaketa, langileen kontratazioak urrunekoak izateko aukera handia dago eta Udalak horren gainean egin dezakeen kontrola zaildu egingo du

Horiengatik guztiengatik, Zestoako udal langileok eskatzen dugu:

  1. Argiteria sistema berritzeko eta kudeatzeko kontratazio-prozesua bertan behera uztea.
  2. Erabakia hartu aurretik idazkariari eskatzea txosten juridiko-ekonomikoa, erabaki horrek Udalari kalte ekonomikorik sortuko ez diola ziurtatzeko.
  3. Alternatibak bilatzea horiek guztiak gestio publikoaren bidez egiteko.
  4. Konpromisoa hartzea lanpostu publikoak mantentzeko, bereziki plantila organikoko lanpostuak.
  5. Udal brigadarekin eta udal teknikariekin gaia aztertzea eta plangintza bat osatzea proiektua faseka gauzatzeko.
  6. Azterketa serio eta zehatz batek hobetsiko balu aldaketa dena batera eta epe motzean egitea, pribatizazioa ez dakarten finantzazio bideak bilatzea.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide