135. ‘Periodikua’

Egun hauetan periodikua –horrelaxe, besterik ez balego bezala – deitzen diogun horren bueltan, bi albiste jaso ditut apur bat tristatu eta barne hausnarketa egitera eraman nautenak. Batek Felix Ibargutxi kazetariarekin dauka zerikusia. Asko estimatzen ditut bere idatziak, are gehiago “arerioaren” terrenoan idazten dituelako (esan nahi dut, gaztelaniazko komunikabide batean, albiste garrantzitsu denak erdaraz ematen diren toki batean).

Duela egun batzuk idatzi zuen Basora noa (despedida) artikuluan, Cryptomeria japonica eta Sequoia sempervirens zuhaitzak aipatzearekin batera iragarri zuen erretiroa hartzera zihoala, eta hala egiaztatu zidan Felixek berak joan zen ostiralean Donostiako liburu-supermerkatu batean topo egin genuenean.

Felix oso kultura zabaleko kazetaria da, eta euskal gaietan arlo gutxi izango dira hark 30en bat urteko ibilbide oparoan jorratu ez dituenak. Lehengo belaunaldietatik edo tradiziotik –nolabait esateko– datozkigun gaiak lantzen ditu kutunen, baina gaurko irakurleei atsegingarri izateko moduan. Ni baino makina bat aldiz egokiagoak badira Felix Ibargutxiren kazetaritza aztertzeko, eta ez naiz horretan hasiko, baina badu kazetari horrek nik hona ekartzeko arrazoi sakonagoa: gure herriarentzako etengabeko laguntzaile eta aliatua izan dela. Askotan aipatu izan ditu Zestoako gauzak bere lanetan, eta bi adibide besterik ez ditut jarriko hemen. Niretzat sorpresa hunkigarria izan zen Erlea aldizkari ederrean Antonio Zavalaren lan eskerga izeneko artikulua argitaratu zuenean, eta han Uztapidek eskuz idatzitako koadernoak erakutsi zituenean. Eta asko gustatu zitzaidan nola aditzera ematen zuen Felixek, bizpahiru esalditan, garai hartako baserri-eskolen testuingurua, eta nola Endoia bezalako basamortu kultural hartan (“urrutiko paraje batean” esaten du Felixek) ernaldu zen Uztapideren idazteko eta irakurtzeko gaitasuna (“Irakurtzen ere ikasi genduan frenorik gabeko automobilak bezala; ez puntu eta ez koma”).

Baina zestoarrok Ibargutxiri zor diogu, batez ere, Ekaingo erreplika proiektu bat besterik ez zenean eta garai gorabeheratsuak izan zirenean, berak gaiari eman zion tarte eta tratamendu orekatua eta gatazka girotik apartatua. Duela hogei bat urteko garai zail haietan oso pertsona estimatua izan genuen Zestoako Udalean Felix Ibargutxi. Oraindik ere asko jarraitzen ditu historiaurreko gaiak, eta ez da denbora asko hainbat ikerketen berri eman zigula (En el Paleolítico pintaban en las cuevas con la luz de antorchas de enebro y pino).

Aurrerantzean asko paseatu nahi zukeela era guztietako baso eta larretokietan, esan zuen despedida gisa DVn. Onena opa diot, eta periodikuan ez bada ere, segi dezala han eta hemen idazten. Ez ditu irakurleak faltako.

* * *

Egun hauetan jaso dudan beste albistea –edo zurrumurrua– da Zestoako berriemaile Karmelo Arrizabalagak utzi egingo ote dion bere lanari. Karmelo ote da potxolotarren saga horretako azken berriemailea? Ez dakit seguru baina honez gero izango dira 50 urte bere aita Jose Luis idazten hasi zela periodikuan (lehenagotik ere bai beste egunkari batzuetan). Izugarrizko altxorra utzi zuen Jose Luisek Zestoako historia hurbila aztertzeko. Haren artikulu mordoa ez balitz, nola ezagutu orduko historia eta gertakari hurbila? Jose Luisen bilduma batere aztertu gabe dago, baina hura pixka bat arakatu dugunok badakigu han sekulako altxorra dagoela, argitaratutakoaz aparte: egunkariak argitaratu ez zizkion zirriborroak; gai baten edo bestearen inguruan (politika, batez ere) bildutako dokumentazioa; albisteak prestatzeko informazio iturri izaten ziren kartel eta egitarau mordo bat…

Lan ikaragarri hura eta saga hura ez zen eten Jose Luis gauza izan ez zenean, eta alaba Lurdesek jarraitu zion urte dezentetan. Lurdesek, bera oso gaztea izaki, ikuspegi berritzaileagoa edo gazteagoa eman zien gaiei, eta material asko sortu zuen.

Karmelok, berriz, nagusiki euskaraz argitaratu ditu albisteak gehienbat erdalduna den egunkari batean eta, gainera, gai “politikoei” ere sarbidea eskaini die, aurrekoek baino askeago (normala, garaiak ere desberdinak dira-eta). Karmelok laguntzaile bikaina zeukan (gure Bergara maitea) eta horri esker lan asko atera ahal izan du, egunkariak jarritako baliabide ekonomikoak oso mugatuak izan arren (se non è vero, è ben trovato). Meriturik ez zaio kendu behar hala ere Paskiri. Baldintza zailetan gure herriari buruzko lan ugari argitaratu ditu eta irakurle eta jarraitzaile asko izan ditu herrian; bestalde, artikulu horiek hor geratuko dira datozen belaunaldientzako.

Behin ere ez diegu nahikoa eskertuko potxolotarren sagari herrigintzan egin duten lana. Bejondeiela! Agian, beti gertatzen den bezala, orain periodikuan “DV. Arrizabalaga” ikusten ez dugunean, akordatuko gara zenbat galdu dugun.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide