137. Ezjakin konpletoa

Gaur ezjakintasuna dakarkit lerro hauetara; hainbeste datu eta xehetasun, frikikeria eta jakinduria mahai gainean jartzen diren Aztarka honetan iritsi da momentua ezjakintasunaz hitz egiteko. Zarama taldeak Urtaini buruzko abestian esaten zuen askotan milaka artean egon zaitezkeela bakarrik, eta nik esan dezaket milaka liburu artean izan zintezkeela ezjakin bat. Edozein konturatuko da, gauza batzuetaz zerbait dakigun pertsonok askotan ezjakin hutsak izaten garela beste gauza batzuetan. Eta horixe argitzen saiatzen naiz batzuetan, miresmen aurpegia jarrita,Hara…! zenbat gauza dakizkizun!” esan izan didaten pertsonei.

Duela aste batzuk ikusi nuen Green Book filma, eta hura zela-eta Viggo Mortensen aktoreari egindako elkarrizketak (El Correo, 2019-01-31) eman zidan atentzioa. Konta dezadan, lehendabizi, pelikularen argumentua. 60ko hamarkadaren hasieran Don Shirley piano-jole bikainak AEBko Hegoalde Sakonetik (Deep South) bira artistiko bat egiteko New Yorkeko gidari/bizkartzain bat (Tony Lip) kontratatuko du, beltzek hegoaldeko estatuetan zituzten ezintasunen jakitun. Bidaia horretan estatu desberdinetan The Negro Motorist Green Book delako gidak proposatzen dizkien beltzentzako leku apropos eta seguruenetan hartuko dute ostatu.

Txofer/bizkartzainaren papera Mortensenek egiten du. Azaletik begiratuta, txoferra ezjakin hutsa da, baldarra… Zerikusirik ez, piano-jolearekin: bikain jantzia, jakintsua, elegantea… Eta lehen aipatutako elkarrizketan, kazetariak horixe esaten dio Mortenseni: bere pertsonaia ezjakin bat dela. Eta hemen aktorearen erantzun bikaina: “Ezjakintasuna ez da eskolagabekoen, bidaiatu ez dutenen gauza bat. Don Shirley bezalako bat, Mahershala Alik interpretatzen duen pertsonaia, hiru doktoretza dituena, hizkuntza asko dakizkiena eta mundu osoan zehar bizi izan dena ere ezjakina da baita. Unibertsitateko zuzendaria, lehen ministroa ere, izan daitezke [ezjakinak].” Horrela bada, pertsona izaeran edo pertsonalitatean hainbat ezaugarri interesgarri ditu txoferrak, eta garbi ikusten da bata –txoferra– ez dela uste bezain tontoa (eskolagabea izan arren) eta bestea –pianista– ez dela ematen duen adina jakintsua (ikasia izan arren).

Eta sarrera hau dena zertara dator? Bada, ale honetako Danbolin-en, feriako tximino barregarri gisa, eskaini dudan ikuskizuna komentatzeko (bide batez, bat nator Jonerekin espektakulua barrez lehertzekoa izan zela).

Gezurra badirudi ere, sekula sartu gabea nintzen Iraetako futbol zelaian, sekula sartu gabea nintzen futbol zelai batean, sekula santan ez nuen jantzi futboleko ekipazio bat (mila esker Jokin!), inolaz ere ez nuke gaindituko futbolaren arauei buruzko azterketa xumeena ere, eta futbolariak futbolaz haragoko kontuetatik gehiago ezagutzen ditut beren kirol abileziengatik baino. Beraz, norbaiti garbi geratu ez bazaio, ezjakin konpletoa naiz futbol (kirol) kontuetan. Hori dela eta, atariko argazki hark balio izugarria dauka niretzat, barregura emateaz harago: zeharo gauza berria izan da niretzat, zirraragarria, birjintasuna galtzearen modukoa (bueno, azken lau hitz horiei beroarena kenduko diegu). Orain, partidu oso bat ikustera joatea falta zait (Alto! broma bat zen!). Bueno, esan dezagun argazki hori futbolaren mundura hurbilpen bat izan zela, besterik gabe. Ez du nire ezjakintasuna konpontzen.

Baina baten batek esan dezake: nola konparatzen dituk, ordea, kultura jakituna izatea eta futbola? Ez dituk maila bereko jakintzak! Bada ez, ez nago konforme. Kirolak beste alor guztiek bezalaxe ditu elementuak jakintsu izateko: osasuna, giza harremanak, estetika, etengabeko lana, etika eta filosofia (“futbolsofia” esaten zuen bere liburu batean Azkargortak), matematika, politika… Ez da oraintxe asmatutakoa “mens sana in corpore sano” esaldi ospetsua. Eta nik, pertsonalki, kultur dinamizatzaile izaki, asko miresten dut herriko makina bat boluntariok kirol heziketan eta entrenamenduetan egiten duten lan izugarria. Eta, agian, futbolaz aritzen garenean hori ez dugu gehiegi azpimarratzen, eta oinarrizko zeregina da pertsonaren heziketan (portzierto, gure ikasle denboran, gure ikastetxean, oso-oso gaizki irakasten zen gaia da kirola, eta akaso horregatik atzeratu gaitu kirola egitetik). Hitz batean, ez da gutxietsi behar kirolaz jakitearen balioa.

Bukatzeko, ordea, inoiz ez dudanez kirolaz hitz egin 136 artikulu hauetan, 137garrenean nire arantza kendu nahi izan dut, eta nire ezjakintasuna arlo batzuetan zenbaterainokoa den azaldu. Eta orain, jakin dudanetik Athletic Club Fundazioak irakurketa klub bat duela eta presidenteak honakoa esaten duela –“El jugador que no habla, no escribe, no lee, no repercute en la sociedad” (El País, otsailak 26)– nire futbol zaletasuna lehoitxoengana joango ote den beldurra dut.

Tira, tira… utz dezagun.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide