138. Laranjadi mon amour

Hilabete inguru egon naiz Aztarka honetan ezer idatzi gabe. Familiako kontu batzuk hartu didate denbora (hain zuzen ere San Asensioko osabaren gaixoaldia eta heriotzak; agian hitz egingo dugu egunen batean lerro hauetan osaba salletarrari buruz). Egin dugu dolua, bada, eta gerrarako etorri naiz gaur, irakurle. Egun hauetan betetzen dira hogei urte Laranjadiko obra egin zela. Harrezkero, makina bat eztabaidarako tartea eman du zorioneko Laranjadik, eta, oraindik ere, makina bat jende, pixka bat xaxatuz gero, amorruz lehertzeko zorian jartzen da.

Duela hogei urte, Zestoako kaleetako harlauzak berritzeko obrak ziren nagusi. Lehen fasean, gaur egungo Gesalaga kaleko lanak egin zituzten, Erdikale pareraino. Bigarren fasean, berriz, alegia, duela hogei urte, Portale kalea eta Kale Okerretik Zesareo Diaz kalera bitartekoa lauzatu zuten plazaraino iritsi arte. Bigarren faseko lan haiek Xaxarki enpresari eman zitzaizkion, eta 50 bat milioi inguruko aurrekontua (300.000 euro inguru) izango zuten.

Zestoako gune historikoa zaharberritzeko egitasmoetan aurreikusten zen beste proiektu bat Laranjadi plazaren birmoldaketa zen. Eta, horretarako bi proposamen jarri ziren mahai gainean eta herritarrei aukera eman zitzaien euren iritzia eman zezaten. Polemikarik ez zen falta izan.

Lehenengo aukeraren arabera (A), orduko itxura mantenduko zukeen plazak, alegia, plaza horizontala, behe aldean eskailerak izango zituena, eta Kaleokerretik berezituta eta maila altuagoan. Bigarren aukerak (B), berriz, aldaketa nabarmenagoak eragingo zituzkeen, Laranjadi plaza Kaleokerraren maila berean jartzea aurreikusten zen-eta.

Bi proposamenak maketa banatan irudikatu ziren eta erakusketa bat antolatu zen. Herritarrek euren iritzia emateko aukera izan zuten (iradokizun modura, ez erreferendum lotesle gisa). Maketez gain, planoak eta dokumentazio historikoa ere jarri zen erakusketan (Pedro Egañaren etxea, Laranjadi izenekoa, non kokatzen zen; 20ko hamarkadan nolakoa zen plaza; 60ko hamarkadako itxura…).

Guztira 324 iritzi edo emaitza jaso ziren, eta horien artean B proposamenak –Laranjadi plaza Kaleokerraren maila berean jartzeak– 21 boto gehiago jaso zituen.

Aldaketaren aldeko irizpideak kultur kudeaketari buruzkoak izan ziren batez ere. 1940ko hamarkadatik aurrera, oso leku aproposa izan zen Laranjadi plaza eta bertako kioskoa musika emanaldietarako, baina 90eko hamarkadan, musika taldeen beharrak asko aldatzen ari ziren eta oholtza askoz handiagoak eskatzen zituzten. Bestalde, herriko festa garaian benetako arazoa izan ohi zen zezen plazako oholtza txiki hura. Gero eta musika talde gutxiago zauden leku hartan jotzeko prest. Ondorioz, Laranjadi plaza, oholtza handi batekin, aukera ezin hobea ikusten zen arazoa konpontzeko.

Baina baziren kontrako ikuspegi batzuk ere. Laranjadi plaza gaur egun dagoen bezala jarriz gero, komun publikorik gabe geratuko zen herria (kiosko azpian zeuden lehen). Bestalde, Laranjadi plaza eskola-umeen eta gurasoen topaleku aparta izaten zen, eta hori ere kontuan hartzea eskatzen zen. Horrez gain, kioskoa desagertzeak igandero emanaldia eskaintzen zuen musika bandarentzat arazo handi bat izan zitekeen. Eta, azkenik, bazen erreparatu beharreko beste kontu bat ere, alegia, kioskoak hainbat herritarrengan zuen “sinbologia”. Gazte jendeak kioskoa traste bat bezala ikusiko zuen seguruenik, baina orduan 30 edo 40 bat urtetik gora zeuzkatenek oso bihotzekoa zuten Laranjadiko kioskoa. Izan ere, garai bateko kultur ekitaldi aukera zabalaren lekuko aparta zen, eta jendeak plaza horretan kokatzen zituen garai bateko bizipen xarmagarriak (musika, dantza, alaitasuna…).

Gatazka denetan bezala, bi ikuspegiek zeukaten egiaren eta arrazoiaren zati bat, eta denborak ederki asko erakutsi du hori. Egia da oraingo plaza lehengoa baino askoz funtzionalagoa dela. Bestalde, oztopo arkitektoniko batzuk saihestea lortu zuen diseinu berriak. Baina orduko bizitza ez dauka oraingo plazak, eta hari zuhaitzek ematen zieten edertasuna ere ez. Tamalez, hormigoizko plaza hotz bat geratu da, hotzegia gauza onerako. Egia esan, ondo etorriko litzaioke berrazterketa bat eta estetikoki pixka bat “goxoagoa” bihurtzeko ideiaren bat. Hara, hauteskunde programatarako hordago ederra, hartu nahi duenarentzat.

 

Argazkia: Bizente Davila (Zestoa, Patrimonio histórico-artístico)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide