141. Herrimina eta malenkonia

Plazerez urtu nintzen argazki hau salgai ikusi nuenean interneten. Ez dago esan beharrik, ederra da oso, eta are ederragoa sepia kolore horrekin. Aspaldiko Zestoa batera eramaten gaitu. Bestalde, nahiz eta arraroa dirudi, oso ez-ohiko tokitik aterata dago: behetik gorakoak mordoxka bat daude baina goitik beherakorik ez nuen nik ezagutzen hau ikusi nuen arte. Argazkia 1928 ingurukoa da.

Xehatu dezagun pixka bat. Udaletxetik hasiko gara. Ikusten den bezala, ez dauka zerikusirik oraingoarekin. Izan ere, argazkia atera zenetik bi zaharberritze jasan zituen etxeak, bata 40ko hamarkadan eta bestea 80koan. Hemen, ordea, antzinagoko itxura du. Egin dezagun historia pixka bat, labur-labur: argazkian ikusten dugun balkoia 1738an egindako bera da, eta armarria, berriz, 1740 inguruan jarria da. Gero, mende hartan bertan, udalak ondoko etxea erosi zuen udaletxea handitzeko, eta 1755ean Ignazio Iberok (Loiolako basilika egin zuen bera) obra garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, oraindik kontserbatzen diren Areto Nagusiko jarlekuak. Hori dena zoragarri antzematen da argazkian oraintxe ikusiko dugun bezala. Erdikalera, hiru arku ikusten zaizkio udaletxeari; bada horiexek ziren lehengo udaletxearen neurriak. Gero, arku horien ezkerretara ate bat ageri da, eta zati horixe da XVIII. mendean erosi zutena udaletxea handitzeko. Garbi ez dakigun arren, ez zuten etxe osoa goitik behera erosiko, 1940ko hamarkadan ere solairu bat edo beste erosi ziren-eta. Argazkian ageri den bezala (hau gazte jendearentzat esaten dut) 1985ra arte plazara ez zuen arkurik udaletxeak. Balkoia ere, ez da aurrealde guztira zabaltzen, zati bat bakarrik hartzen du. Zergatik ote? Oso litekeena da torilak eraiki aurretik (1767), haren tokian zegoen etxea pixka bat irtenago egotea; ondorioz, hor argazkiaren eskuinaldean ageri diren leiho txiki horietatik nekez ikusi ahal izango zen plaza. Goazen, orain, ondoko etxera. Eztiola edo Kalegurutzea ez da gaur egun bezain altua argazki honetan. Gainerakoan, leihoek-eta ez dute aldaketarik izan. Horren segidako etxeak ere berdintsu ikusten dira, egungo itxurarekin konparatuta; plazako lauzadura ere, gutxi aldatu da.

Portale aldera begiratzen badugu, berriz, bada erreparatu beharreko bitxikeria historiko bat: portalearen abiagunea –hor etxearen kantoian ikusten den pareta zati hori– orain baino handixeagoa ikusten da; denborarekin –ez da ahaztu behar hortik geltoki alderantz pasatzen zela errepide nagusia– automobil eta kamioen beharretara “makurtzen” joan behar izan zuen, eta, gaur egun, arkuaren abiagune hori ez da garai batean zenaren erdia ere.

Azkenik, argazkian ondo nabaritzen ez badira ere, hortik zehar ageri diren kartel mordoxkari erreparatu behar zaio. Orduan ere, Erdikalea dendaz edo establezimenduz beteta zegoen, esate baterako, Alkorta ostatua eta txokolategia, Izeta gozotegia, Etxaide (Bixiño), Intxausti harategia, Bergara aroztegia, Sagartzazu ile-apaindegia…

Bistakoa denez, argazki zahar hauek izugarrizko balio dokumentala daukate gure herria antzina nolakoa zen irudikatzeko. Nolanahi ere, ez dago orain arte azaldu dudan ezer jakin beharrik argazkiaren edertasunaz gozatzeko. Informazio historikoaz harago, argazkiak aspaldiko giro batera eramaten zaitu, ezaguna zaizun toki bat itxuraldatuta ikusten duzu. Bestalde, goizeko uda giro ederra antzematen da, giro garbia Elizkaletik sartu ohi den ipar-haize fin eta guzti (erreparatu aurreko nesken jantziei). Giro atsegin horretan, jende mordoxka ageri da kalean, eta hirukotearen jantzien zuritasunak eta atzeragoko dendariaren planta eleganteak xarma ematen dio irudiari. Herrimina eta malenkonia borborka, sepiaz jantzita. Disfrutatu…!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide