143. Txiriboga alde liluragarria

Gaur egungo teknologiari esker, txundituta geratzen gara etxeetako edota azpiegituretako planoak ikusten ditugunean. Miresteko gauzak egiten dituzte, alajaina. Baina horiek baino lehen ere, lan eder askoak egiten ziren, batez ere dirudunen etxeetan. Garai batean, Aizarnako minak martxan zeudenean, hango ingeniariei edo adituei enkargatzen zizkieten planoak makina bat baserritan (diru ahalmen pixka bat zutenek) eta horri esker gauza eder askoak ikusi izan ditugu. Baina gaurkoan, atzerako joko dugu eta XVIII. mendeko plano bikain bat partekatuko dut zuekin. Orduan, baserritarrek ez zuten dirurik planoak egiteko baina jauntxoek bai, eta hemen dugu adibide bat.

Ez gara Txiriboga familiari buruz hitz egiten hasiko hemen, luze joko ligukete-eta. Bakar bakarrik esango dut, anekdota gisa, hemen inguruetan zeharo galdu zen abizena ikaragarri zabaldua dagoela Ameriketan eta noizbehinka etorri ohi zaizkigu informazio bila. Txiribogatarrak, jakina, kanpoan bizi ziren XVIII. mendean baina errota bikain bat zuten errentan jarria eta baita baserri batzuk ere. Lursail haiek behar den bezala edukitzeko, plano onak egin behar, eta horretan apartak ziren, Zestoari dagokionez, Gesalagatarrak eta Sarasolatarrak. Bestalde, jakina da gaur egunean baino zorroztasun handiagoarekin zaintzen zirela orduan mugarriak, askotan epaitegietara ere joanda.

Kontuak kontu, hemen erakusten dugu plano hau (bertan sakatuz gero handiagoa ikusiko duzu) Aizarnan egina, 1775eko irailaren 29an, San Migel egunean beraz. Jose Antonio Gesalaga obra-maisua zen, eta Potzueta berea zuen; Deban jaioa zela ematen du agirien arabera.

Errepara diezaiogun letrei: “C” Txiriboga da, “K” Indoetxea, “A” Araneta, “P” Pagiolarrea, “J” Jauregietxea, “O” Auspandegi, “B” Txiribogako borda, “R” Bengoetxeko zubia, “M” Urola ibaia, “N” Altzolarats erreka, “H” Mendiko erreka, “S” Errotaren presa, “Y” Errotaren ubideak, “T” Kolore nabarrekoak, soroak; berdez, handiena gaztainadia eta txikiena otalurra, “G” Mendiko errekaren zubia, “E” Ignazio Atristain eta Katalina Arana emaztearen soroa (biak zenduak), “F” Zestoa, Iraeta, Zarautz, Aizarnazabalerako Errege-bidea. Horiz dagoena, Txiriboga, Indoetxea eta Auspandegiko 3 etxeen bideak, ubideak eta abar.

H” Errekak muga egiten du: mendebaldetik [planoaren eskuina] Iraetarena eta Pagiorena. 2, 3, 4 eta 5ak Joango de Acoaren sagastia (Aranetaren jabea izan zena). 5etik 10era bitartean, herri sailekiko muga da, eta 10etik errepidea gurutzatu eta lerroaren arabera, Altzolarasko erreka eta Indoetxea jo arte eta gainerako guztian, Txiribogako etxearen sailekin egiten du muga, Urola ibaia eta Altzolarats erreka ingurua ere bai, kolore gorriz eta “E” letraz markatuta dagoena izan ezik.

1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 zenbakiek markatzen dituzte Txiribogako etxearen mugak, bere errotatik hasi, menditik datorren errekara jarraitu eta Altzolarats errekaraino, 1506. urtean egin zen mugarriztatze-aktak adierazten duen bezala.

 

Planoaren jatorria: Archivo de la Real Chancillería de Valladolid. Plano topográfico de la casa solar de Chiriboga, junto al río Urola (Guipúzcoa). 1775. PLANOS Y DIBUJOS, DESGLOSADOS, 213

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide