145. Bihotzaren kontuak

Argazki bitxia dugu oraingoa, are gehiago Zestoako militar giroa ageri duen bakarrenetakoa delako (beti bezala, argazkian sakatzen baduzu, handiagoa ikusiko duzu). Miren Kortadik Jone Bergarari utzitako hiru argazkik osatzen dute multzoa. Litekeena da antzeko argazki gehiago izatea herrian baina guk ez ditugu ezagutzen. Bide batez esanda, biharko egunean –bada garaia– gure udalak Memoria Historikoa aztertzeko baliabideak jartzen baditu, estimatuak izango dira horrelako irudiak.

Ez da erraza argazkian zer gertatzen ari den asmatzea. Itxura guztien arabera Jesusen Bihotzaren eguna ospatzera doaz. Aldarea, bere irudi, bandera eta guzti prest dago “misa de campaña” deritzana ospatzeko. Agintarientzat belaunaulkiak prest daude, hiru agintarirentzat bereziak, bigungarri gehiagokoak. Metrailadore parea oholtza barrenean, eta fusilak ere listo, Jainkoaren aginduei –ez duzu inor hilko– batere begirunerik gabe. Eliz atarian dauden infanteriako lau soldaduak beren lekuetan jarriak daude, formazioan; handikiak laster iritsiko diren seinale. Guri atzea emanez daudenak, berriz, lasaiago dirudite, eta batek Intxaustineko balkoian paratuta dagoen kamerari (Adamant-ena akaso?) begiratzen dio, irribarre puntuarekin. Elizkale ertzean ikusten dugunaren arabera, ematen du, argazkian militarrak nagusitzen badira ere, inguruetan herritarrak daudela, zer ikusiko.

Jesusen Bihotzaren ospakizuna Mendekosteko bigarren igandearen hurrengo ostiralean izaten da, eta aurten, kasualitateak egiten dituen “ezkontza” bitxiak medio, Gay Harrotasunaren egun berean izango da. Bi harrotasun klase baina, bihotza tarteko, uste baino lotura handiagoa izan dezaketenak. Kontuak kontu, karlistek eta erreketeek oso gogoko zuten, betidanik, Jesusen Bihotza eta, besteak beste, “detente bala” gisa erabiltzen zuten. Detenteak balak saihesteko asmoz kendu ere egin gabe eramaten zituzten medailak ziren. Jesusen Bihotzaren kultua, aspaldidanik ezaguna bazen ere, Estatu espainiarrean 1919an indartu zen, haren monumentu erraldoi bat eraiki zutenean Aingeruen Muinoa delakoan (Cerro de los Ángeles, Getafe). 1936an soldadu errepublikanoek fusilatu egin zuten Jesusen irudi hura, eta monumentua eztandarazi, hondakinak bakarrik utziz. Jakina, gerra ondoren, ordea, Francoren gobernuak monumentu berri bat eraikitzeko agindua eman zuen, eta handik aurrera are eta berotasun handiagoarekin gurtzen zen Jesusen Bihotza, herri guztietan –Zestoan ere bai, jakina– instituzionalizatzeraino.

Argazkia 40ko hamarkada amaierakoa izan behar du, soldadu jende hori dena bainuetxeko Ospitale Militarrean zegoen garaikoa. Baliteke beranduagokoa izatea eta soldaduak propio etortzea gure herrira baina hori zailagoa iruditzen zait. Ez da guztiz baztertu behar, hala ere.

Garai hartako infanteriako troparen janzkera –oliba kolorekoa– ez da alemaniar nazien adinako ilun eta beldurgarria baina hauek ere ez zuten adiskidetasun handirik sorraraziko, beren arduradunak, “¡levanten armas, ar!”, ozenki-ozenki esan, eta beren armak altxatuko zituztenean. Denak otzan-otzan ibili beharko zuten; gehiena, errepresaliatuak izan zirenak, eta frankismoaren harrotasun hura ikustera behartuta kalera atera beharko zutenak; haien beldurra eta izua zaila da irudikatzea; argazkilariak fokoz kanpo utzi du. Gainerako herritarrak ere, frankistak izan arren, ez ziren lasai-lasai ibiliko hainbeste militarrekin. Udal agintariak eta erakunde zibiletako gainerako ordezkariak, berriz, harro-harro, halako ikuskizun bikaina eskaintzeaz eta –nola aipatu gabe utzi– elizkizuna amaitu bezain pronto dastatuko zuten bazkaria amestuz. Elizgizonak, berriz, zer esan… zoratzen, jende hura dena kristautasunera erakarrita, metraileta horiek ebanjelioarekin bat ote datozen exegesi teologiko handirik egin gabe.

Gainerakoan, plazako harrizko zorua beti bezain eder, eta ekaineko eguzki goxoa, portatzen; eliz-pareta, berriz, dena sufritzeko prest: oraingoan frankisten bandera etengabekoak, hurrengoan “Zure borroka jarraituko dugu” dioten pintadak, hurrengo berriz “la tortura no es arte ni cultura”, hurrengoan auskalo! Horixe da bizitza.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide