148. Historiaren eta iritzia ematearen alde
— 2019-05-30Berriz ere, argazki zahar batekin gatoz Aztarka honetara. Gaur egun, zenbait jenderen partetik, ez dago batere ondo ikusia atzera begiratzea. Gure agintariek ere –merkatuak esan nahi dut–, ahalko balute etengabeko orainaldi batean mantenduko gintuzkete, batere iraganik gabe. A zer astakeria horrela pentsatzea. Ikerlari batek esana da Historia gure oreka mentalerako ezinbestekoa dela, gure buruak funtzionatuko badu oroitzapenak behar dituela, hiriek beren oroimena gorde egin behar dutela kosta ahala kosta… Imajinatzen dugu pertsona bat oroimenik, iraganik gabe? Oinez egiten ere ez luke asmatuko geure buruak esperientzia gordeta edukiko ez balu. Oroimena behar beharrezkoa da aurrera begiratzeko, gure Historia behar beharrezkoa da aurrera egiteko. Baina ez, orainaldi eternora kondenatu nahi gaituzte. Eta okerrena da “agian” ez omen dela “opiniorik behar”. Zer da ba gizakia hitza eta opinioa ez bada? Tira, tira…
Horregatik ekarri dut gaur argazki hau. Torilak 20ko hamarkada bukaeran, leihoak eta ateak itxita. Gaur egun, eraikuntza irekia eta arina ikusten duguna, ahoa eta begiak itxita, nolabait irudikatzeko. Domestikazioa, etxeko –alegia, udaletxeko– zereginetarako etxekotua, gune libre bat izan beharrean.
Hala izango zen garai batean. Behea arkurik gabe, alondegia izateko prestatuta, eta festetan zezenen ukuilu. Goia berriz, itxitura aparta, hori ere festak iristen ziren arte leihatilez itxita.
Zerbait ikasi dezakegu argazki horretatik? Bada, gauza asko, bai horixe. Astuna zela gure torila garai batean, eta gaur egun arinagoa dela. Baina hori ez dela kasualitatez gertatu horrela. Antzinako arkitekturari –alegia, historiari– erreparatuta, Kortazarrek pentsatu zuen askoz ederragoa eta lirainagoa geratuko zela behea irekita, arkuekin, gaur egun ikusten dugun bezala. Eta halaxe geratu ere; hark historiari begiratuta, etorkizun ederragoa diseinatzen asmatu zuen. Argazkiak erakusten digu, baita ere, gure herria ederra zela (iragana) baina orduan bezain ederra dela gaur egun ere txoko hori (orainaldia), eta hala izatea nahi dugula (etorkizuna). Argazkiak erakusten digu (lehen planoko hiru pertsonak) Zestoa bisitatzera etortzen zela jendea, eta herri irekia ginela. Eta ez genbiltzala etengabe atzera begira, eta herri modernoa izatea nahi genuela.
Eta batez ere, argazkiak erakusten digu irudiari behin eta berriz bueltak ematen ibiltzea; geure buruari xehetasun horri edo beste hari buruz galderak egitea; orduan edo orain, ederragoa noiz ote zen eztabaidan aritzea; labur esateko, etengabe kuriositatea kitzikatzea.
Errespetua diet argazki zoragarri hau ikusi eta ezer sentitzen ez dutenei, argazkiari buruz bi hitz egiteko gai ez direnei, aspaldiko batallitak atsegin ez dituztenei. Baina mundua denontzat egina da. Hitzontziontzat ere bai.
“Agian kontutxo gehitxo” esaten ari naiz. Ba, agur eta hurrengora arte.
Gure hitzak
Esan berriz esan
Ez daitezela ahaztu
Ez daitezela gal,
Elur gainean
Txori hanka arinek
Utzitako arrasto sail
Ederra bezalaxe
Egin zaitez bazkide