152. Agerpenak

Etxean, han eta hemen jasotako paper eta foiletoak sailkatzen ari naizela (bota beharrekoak bota eta gorde beharrekoak gorde), iaz Santanderren ikusi nuen erakusketa baten txartela ikusi dut. Santander ez da lehenengo mailako hiri eder-eder horietakoa baina Zestoatik hurbil dago eta asteburu eder bat pasatzeko aukera ona ematen du. Ikaragarri gustatzen zait Botin zentroa eta bertako erakusketak, Pereda pasealekutik Sardinerorako paseoa ederra da oso, faro aldeko bistak bikainak, arkitektura, hirian maiseatzen asmatuz gero, erakargarria, gauza zaharren azoka bat ere badu igandetan, eta abar.

Horiez denez aparte, argazki erakustareto txiki bezain zoragarria ere badu: Ángel de la Hoz aretoa. Bada, horixe, paperen artean areto horretan ikusi nuen erakusketako txartela etorri zitzaidan esku artera. “En éxtasis (1931-1932)” zuen izenburua erakusketak. Ezkioko agerraldiari buruzko argazkiak ziren, hamar argazki José Sicart Tarrasako argazkilari ezagunarenak eta beste hamabost Kantabrian bizi zen José Martinez Cajigasenak. Biak ala biak orduko estanpa erlijiosotako iruditerian oinarritzen dira argazkiak ateratzerakoan.

Irakurleak ez baldin badaki, esan dezadan lehendabizi, duela 88 urteko kontuez ari garela. 1931ko ekainaren 29an, Ezkio aldeko mendi magalean, Ama Birjina agertu omen zitzaien bi umeri, Andres eta Antonia Bereziartuari, hurrenez hurren 7 eta 11 urte. Biak, iluntzean, mendian behera doaz behiak etxera eramateko. Halako batean, Antoniak atzera begiratzen du eta argi bizi bat ikusten du mendi gainean, lau zuhaitzen artean, eta haren gainean, Ama Birjinaren silueta. Anaiari abisatzen dio eta hark ere hala ikusten du: emakume eder eta tristea omen da, oihal zuriz eta izardun koroiaz. Kainu egiten die umeei eta desagertu egiten omen da. Etxera iristean, umeek kontatu egiten dute gertatutakoa. Albistea tximista baina azkarrago zabaltzen da. Aste gutxirako, 60.000 lagunek bisitatu dute agerraldia izandako lekua. Hilabete ondoren, Mateo Múgica gotzainak esku-hartu eta gertakaria ez ontzat ematea erabakitzen du. 1931ko urte bukaerarako, milioi bat lagun inguru joan ziren Ezkiora bi ume haien eta Ama Birjina ikusi zuten beste ehunen bat lagunen kontaketak entzutera.

Ama Birjina ikusi zuten haien artean, zestoar bat baino gehiago bazen: esaterako, Eugenia, hemezortzi urteko neska. Orduko egunkari batek jasotzen du berari gertatutakoa. Uztailaren 14a zen, asteartea: “Salbea bukatuta –esaten du Eugeniak– pertsona baten itzala ikusi nuen, era lausotuan, laino batean bilduta bezala. [Ama Birjina] ikusiko nuenik ez nuenez uste, une batean pentsatu nuen, modu lausotuan agertzen zitzaidanez, nire burutazioa edo haluzinazioa izango zela; baina agudo konprenitu nuen ez zela hala. Ama Birjina nire begien aurrean agertu zen, tamaina naturalean, argi bizi-bizi batez inguratuta; argi biziak ez zidan ikusten uzten buruan zeraman koroiaren zati bat. Begiak ere ez nizkion ikusi lurrera begiratzen zuen-eta. Hainbestekoa izan zen jasan nuen inpresioa, oihu ikaragarri bat egin nuela. Ezin izan nion eutsi”. Berriemaileak dio, gero: “Eugeniak oso gaizki pasa zuen –eta lorik egin gabe– astearte gaua, eta oraindik ere izugarrizko urduritasuna du”.

Zestoar gehiago ere ba omen ziren. Eugenio Ugalde, 20 urtekoa, herri hartako obraren batean lanean zebilena, une batez lurperatuta geratu omen zen, istripuz, eta Ama Birjinak salbatu zuen segurtasuna omen zeukan.

Agerpen haiek tragedia bilakatu ziren laster: Elizak gaitzetsi egin zituen denak, eta guztiz isilarazi. Haiei buruzko argazki edo egunkari zatiren bat edukitze hutsa bekatu bihurtu zen. Eta larriena izan zen Ama Birjinaren ikusle asko ero-etxeetan sartu zituztela.

Informazio gehiago: erakusketari buruz, hemen (gazteleraz); Ezkioko agerpenei buruz, berriz, hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide