153. Gobernadorearen ohe bigunean

Don Manuel Etxaniz Zestoako apaiz izandakoak duela 50 urte jasandako atxiloketa ekarriko dugu gogora gaur. Euskal Memoria fundazioaren dokumentazio guneak, 1960tik aurrera, 78 atxiloketa zerrendatzen ditu Zestoarekin lotura dutenak. Don Manuel apaiza da, hain zuzen, lehen atxilotua (1969-03-02). Bueno, berez, lehen atxilotua Fernando Garate Elustondo da, baina nahiz eta Iraetan jaio eta aita zestoarra izan, bi hilabete besterik ez zituela Ordiziara joan ziren bizitzera. Fernando Garate, lehenengo aldiz, 1963ko maiatzaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak. Gero, 1968an, Tribunal de Orden Público (TOP) delakoak auzipetu zuen. 1975eko otsailaren 12an, berriz, ETA V-eko hamalau arduradun atxilotu zituzten, tartean Garate (ABC 1976-04-14). Euskal Memoriaren arabera, torturak jasan zituen.

1968ko abuztuaren 3an salbuespen-egoera ezarri zuten frankistek, eta gipuzkoarrok zortzi hilabete egin genituen jarraian salbuespenezko egoera hartan; oposizio aktiboenaren aurkako errepresioa oso zabala izan zen, eta egunerokoak ziren etxebizitzen miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta tortura-kasuak. Testuinguru horretan, hainbat huelga egin ziren eta milaka langile atera ziren kalera. Hainbat eta hainbat langile atxilotu zituzten, euren artean Periko Solabarria apaiz-langilea (Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976) liburua ari naiz jarraitzen). Geroago eskola-sektorea, 10.000 ikasle baino gehiagorekin, atera zen huelgara Vietnamgo gerraren kontra, eta polizia batek larriki zauritu zuen balaz ikasle bat. Martxoaren 2an presoen aldeko hainbat ekintza egin ziren Hego Euskal Herrian. Polizia bristi-brasta sartu zen Donostiako Artzain Ona katedrala okupaturik zeukaten 200 lagunen kontra, eta han 9 lagun atxilotu zituzten, tartean Manuel Etxaniz Zestoako apaiza.

Ez dut atxiloketa haiei buruzko argibide gehiegirik lortu –Aztarka honetarako egin ohi dudan baino ikerketa sakonagoa eskatzen du gaiak– baina gaiak kuriositatea eragin dit. Joakin Arostegi Arroako apaiz izandakoak, bere Oroitzapenak liburuan (Erroteta argit. 2007) dioenez, “elizan [Artzain Onaren katedralean] zein jende zegoen ikusteko meza asko zeuzkan poliziak. Gorpuzkeraz eta janzkeraz nabarmen zirenak hartzen zituzten begitan. Eta Don Manuel bezala handia eta korrikari motela zenak ihesbiderik ez zuen”. Nahiko garbi adierazten du, beraz, Arostegik. Han Elizan polizia “bristi-brasta” sartu zenerako, Don Manuel begiz jota zeukaten, eta zalaparta hartan korrika bizian ihes egin beharra zegoen poliziaren atzaparretatik libratzeko. Bistakoa denez, Manuelek ez zuen lortu poliziei zirkin egitea.

Ondoren, Manuel Etxanizen atxiloaldian gertatutako anekdota bat dakar Arostegik: “Don Manuelen kalabozoaren ondoan, Itziar Aizpurua zegoen negarrez zotinka, ez baitzekien leihotik jauzi egin eta ihes egin nahi izan zuen Jokin Gorostidi bere maiteari zer gertatu zitzaion. Guardian zegoen polizia ere errukitu zen, nonbait, eta, lasaitu zezan, Itziarrengana eraman zuten Manuel Etxaniz”. (Gazteek ez dute jakingo zein zen bat eta bestea, eta argitu dezadan: Gorostidi ETAko kide zen garai hartan, eta Aizpurua eta biak Burgoseko Prozesu ospetsuan (1970) epaituak izan ziren; geroago esker abertzaleko politikari ezagunak izango ziren biak).

Ikusten den bezala, garai mugituak izan ziren haiek. Baina segi dezagun Don Manuelekin. Arostegirekin batera, Manuelen osaba Nemesioren testigantza daukagu, mamitsua oso. Nemesio Etxaniz apaiza (1899-1982) oso idazle interesgarria da eta hainbat arlo landu zituen, hala nola, antzerkia, kantua, irratigintza… Nik neuk oraindik orain esku artera iritsi zitzaidan Izotz-kandelak eleberria dut ezagunena, eta harekin batera 1992an Iñaki Segurolak –Don Manuelen laguntzarekin – editatu zituen Nemesioren gutunak; izan ere, diktadurako garai latz haietan agintariei gutunak idazten baitzizkien Nemesio apaizak, egiten ari ziren gehiegikeriak salatuz.

Gutun haietan ez da ageri nik orain hona dakarkidana, baina Karmel aldizkarian ikusi dut argitaratua. Juan Mari Arrizabalagak aipatzen du, bere paperetan bila zebilela liburuan azaltzen ez zen gutun bat agertu zitzaiola. Gutun hori Enrique Oltra Moltó gobernadoreari bidalitako bosgarrena izan behar du, 1969ko martxoaren 14koa, hau da Nemesioren iloba Don Manuel atxilotu eta ondorengoa. Eta beste zenbait gauzen artean, atxiloketa haiek salatzen ditu gutunean. Gutun osoa da oso interesgarria baina zati bat besterik ez dut ekarriko hona, ahal dudan moduan euskaratuta (izan ere, hizkuntza bakoitzak bere hitzak baititu efektu bat edo beste sortzeko eta, esate baterako, ez daukate zerikusirik “ziega” hitz txepelak edo Nemesiok erabiltzen duen “mazmorra” hitzak; alde ederreko larritasuna transmititzen du kasu honetan erdal hitzak!). Baina tira, segi dezagun:

Azken egun hauetan harrituta ari gara ikusten bost apaizen atxiloaldia, oso baldintza penagarrietan, Gobernu Zibileko kalabozoetan. Kriminalentzat ere, legeak 72 orduko atxiloaldia baimentzen du gehienez. Eta apaizek badaramatzate jada 11 egun ziega [mazmorra] horietan lurrean lo eginaz, inolako etzaleku, ohe edo koltxoirik gabe, lurrean zabaldutako manta baten babesarekin bakarrik. Argi ahul batek, gau eta egun piztuta egoten denak, eguna eta gauaren eta hain geldo igarotzen diren orduen nozioa galduarazi egiten diete. Lokaleko berogailua eskasa da. Eta denbora honetan guztian familiengandik inkomunikatuta eduki dituzte.

Esate baterako, horietako batek, nire iloba Manuel Etxaniz Olaberria jaunak, bizitzan bi aldiz hartu behar izan du urtebeteko atsedenaldia biriketako lesio larriak sendatzeko. Orain, aita gaixorik dauka eta ama ia etengabe ohean egotera behartuta dago.

Egoera horretan, zeure ohe bigunean eta lo hartu ezinik zure kontzientziarekin aurkitzen zarenean, zer ez dizu iradokiko zure Aingeru Onak?”

Egia esan, orduan ere bai eta gerora zer esanik ez, gertatu izan ziren atxiloketa eta tortura basatiak gogoratuta, gauza arina ematen dute Manuel Etxaniz eta gainerako apaizen atxiloketek, baina nire kuriositatea eta solidaritatea piztu dute behintzat, are gehiago Nemesiok izan zuen ausardiak orduko agintariei hala idazteko. Egia da, bai, Elizaren babes pixka bat izango zuen, baina ez pentsa gehiegi bustitzen zenik horrelako “jendilajea” Francoren atzaparretatik defendatzeko.

Eta bukatu dezadan… Hau dena idazteko bidea argazki batzuk eman didate. Flora Alkorta zenaren argazkiek. Flora Don Manuelen etxekoandrea izan zen urte askoan. Duela pare bat egun, bere oinordekoek –Txoko familiak– argazki sorta eder bat utzi zieten Danbolin elkarteari. Argazki horietan Don Manuel lasai ageri da, patxadatsu, ontasun aurpegierarekin, ibilkeran geldo… 1969ko martxo hartakoak bere barrenerako gordeta.

 

Post-scriptum. Oraintxe argitu didate nire testuko akats bat: “Manuel Etxaniz bezain ‘beste zestoar bat’ atxilotu zuten Zestoan lehenago: Anjel Arandia amezketarra, herriko bikarioa. Etxaniz, sortzez, azkoitiarra zen.” Eskerrik asko, Manuel (Arregi).

Jakina, Euskal Memoria fundazioak ez du Don Anjel Zestoarekin lotzen eta Don Manuel, berriz, bai. Eta gu artean umeak. Paperen bidez, norbere oroimenik gabe, ibiltzen denari horixe pasatzen zaio, hanka sartzeko arriskua.

 

Argazkia: Manuel Etxaniz apaiza eta Jose Alberdi, Joxe Irao, lagun on gisa, auskalo zein eliz ataritan, 80ko hamarkada aldera. Argazkiaren jabea: Flora Alkorta Egañaren oinordekoak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide