157. Erdi-ilunetan… Famarekin

Agian mundua ikaragarrizko bainuetxe bat besterik ez da” zioen Azorinek. Hura Zestoara etorri zenean, izan ere, bainuetxeak artean ospitale izaera zuen, nahiz eta ordurako hango medikuek kezkatuta zeuden: “La otra contrariedad social con que tropieza todo médico es la tendencia que caracteriza a los bañistas o enfermos de ir a los balnearios no a hacer sus curas sino a divertirse, a perturbar su modo de ser y a pensar en comer mucho y como quieran; abusando siempre en este sentido, por lo cual se sufren graves trastornos e interrupción en sus curas establecidas.” (Aurelio Enríquez eta Eugenio Muñoz: Estudio clínico terapéutico y análisis químico microscópico de las aguas de Cestona. Madril, 1904.)

Zer pentsa handia ematen du Zestoako medikuen kezka horrek, eta agerian uzten du Hotel Nagusia (Gran Hotel) eraiki orduko (1895) bainuetxearen izaera aldatzen joan zela: sendatzeko tokia bai, baina baita gozamenerakoa ere. Horregatik etortzen ziren bertara horko ministro, eliz-gizon, artista eta jende ezagun franko. Europako bainuetxeekin konparatuta, gauza tradizionala izango zen gurea, baina aurrenak izan ginen hemen inguruan, fox-trotak, charlestonak eta tangoak dantzatzen. Eta beste gauza askotan. Zerbait adierazten du horrek.

Bainuetxe haren, alegia, 20ko hamarkadan fox-trotak, charlestonak eta tangoak dantzatzen ziren haren hanka puntetara ere ez zen iristen 60ko hamarkada bukaerakoa eta zer esanik ez 70ekoa. Fulgencio Batista Kuban eta Salazar Portugalen erori zirenean, gure bainuetxea ere zaurituta geratu zen. Eta Franco xaharra hil zenean, berriz, gure establezimendua ere hil zorian geratu zen. Estremauntzioa edo azken igurtzia 1983ko uholdeek eman zioten.

Aurreko batean esan genuen bezala, Rafael Modrego, Igeldoko kanpineko eta gero Hotel San Sebastian-eko buru izan zenak salbatu zuen gure bainuetxea. Egia esan, bainuetxearen makina bat lursail saldu, zenbait eraikuntza eraitsi eta lehengo altzari zahar asko pikutara bidali behar izan zituen baina lortu zuen aurrera egitea. Tamalez, Zestoako herriak omenaldi handirik egin gabe joan zen arrantzan egitera Modrego (“Rafael Modrego Ubau se fue a pescar el 26 de enero de 2017”, zioen familiak jarritako eskelak).

Modregorekin nik ez nuen asko tratatu baina orain pentsatzen jarrita ezagun asko eta oso interesgarriak (eta aurrerakoiak) eduki behar zituen Donostia aldean. Esan nuen, aurreko batean, Rafael Modregok bainuetxeko Alamedan Ostalaritza Eskola bat egitea proposatu zuela, Irizar sukaldaria ezagutzen zuelako. Eta establezimenduari halako kutsu moderno, modako edo aurrerakoi bat eman nahi izan zion. Garai hartan –80ko hamarkada bukaeraz ari naiz– modako artistek-eta, nolabaiteko zera dekadente erakargarri bat ikusten zioten Zestoako bainuetxeari, eta Modregoren kontaktuei esker, musikari, zinegile, sukaldari, kantari, kirolari… denetik ibiltzen zen bertan.

Nik neuk gogoan dut –oraindik ere lotsatu egiten naiz irudikatuta– “Con los pies en el agua” izeneko umorezko telebista saio batean parte hartu nuela. ETB-2n ematen zuten eta Alex Angulo aktore ospetsuak aurkezten zuen. Gogoan dut grabaketa egin genuen egun hartan –1988ko kontuez ari naiz– Imanol kantaria ere han zebilela bainuetxean, eta kafea hartzen egon ginela denok terrazan. Ez dut gogoan zertaz hitz egin genuen baina tartean politika kontuak baziren, eta ni isilik egon nintzen (uste dut).

Garai haietan estreinatu zuten Zestoako bainuetxean “Ama begira zazu” sketch-komeria arrakastatsua Mikel Garmendia, Joxeramon Soroiz, Kontxu Odriozola eta Elena Irureta aktoreek, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean. Hilabete batzuk geroago, berriz, eskaini zuten Lurdes Bedia eta Javier Merino aktore ezagunek “Lourvier’s presenta Lourvier’s”, John Crawford piano-jotzaile ingelesak lagunduta. Aurrerago, Óscar Terol elkartu zitzaien.

Eta bukatzeko, arreta berezia eskaini nahi nioke beste emanaldi berezi bati: 1989ko udan aurre-estreinatu zen “A media luz… con Fama”. Garaiko egitarauek zioten bezala, “Preestreno en el balneario de Cestona, y posteriormente en el teatro Alcázar de Madrid. Final de la gira en el teatro Príncipe de San Sebastián.” Ez da bromatako kontua. Tangoa ardatz hartuta, musika eta antzerki ikuskizun bat zen “A media luz… con Fama”. Kantuan Fernando Telletxea aritzen zen, “Fama” izenez ezagunagoa. Lehendabizi, hainbat tango triste abesten zituen Famak, emakume ahotsarekin. Ondoren, Gardel kantari mitikoaren bizitza kontatzen zuen eta bere tangorik ezagunenak kantatu, oraingoan gizonezko ahotsarekin. Bukatzeko, beste hainbat tango abesten zituen emakume eta gizonezko ahotsak tartekatuz.

Fernando Telletxea Oskoz, Fama, (Errenteria, 1948) euskal aktorea, idazlea eta abeslaria da, hitz batez, artista polifazetikoa. Horrela esanda ez du aparteko ezer adierazten baina goian aipatu dugu zerbait. Berari galdetuta, Fama pertsonaiari buruz, honela dio: “Decidí crear ese personaje para poder seguir mostrando mi voz, ya que con la imagen que la naturaleza me había proporcionado, iba a ser tremendamente difícil que el público, por aquel entonces, encajara semejante voz de soprano en un cuerpo de hombre frágil y melancólico”. Gizonezko hauskor eta malenkoniatsu bat soprano ahotsarekin. Identitate korapilatsu bat. Bide berriak. Gaur egun naturaltasun gehiagorekin bizi dugun kontua baina duela 30 urte zeharo apurtzailea eta aurrerakoia zena. Bai, Barojak zioen bezala, aristokrata eta karlisten habia bai, baina bainuetxeari esker makina bat gauzatan beste asko baino aurreratuagoak izan gara zestoarrok. “A media luz… con Fama” ikusteko aukera izan genuenean bezala. Zestoan jaio eta Madrilera joan zen ikuskizuna.

Argazkia: Fernando Telletxea Oskoz, Fama (argazkia ez da hemen aipatzen den ikuskizunekoa). Famari buruzko informazio gehiago hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide