158. Eztei aristokratikoak Lasaon

Danbolinen ibiltzen garen taldetxoak noizean behin egiten ditugun afari-meriandatxoetan, beti atera ohi dudan gaia izaten da Danbolinek “Hola Danbolin” izeneko gehigarria atera beharko lukeela. Jendeak izututa begiratzen dit, ea derrepentean Kiko Matamoros, Belen Esteban, Anabel Pantoja, Jorge Javier Vázquez eta abarren txutxu-mutxuen zaletua bihurtu ote naizen. Ez da hori: txutxu-mutxuak –edo finago esanda, ecos de sociedad– beti izan dira historian zehar, eta ez gaitezen hipokritak izan, gutxiago edo gehiago denoi gustatzen zaizkigu. Beraz, ez al da erronka ederra gure herriko kazetarientzat nola azaleratu herriko txutxu-mutxuak modu eraikitzaile, hezitzaile eta dotore batean? Esate baterako –eta beti jarri izan dudan adibidea aipatuz– ez al litzateke ederra datorren udazkenean jantziko diren arropa estiloak komentatzea danbolinen, gure herriko jantzi-dendei galdetuta? Ez al litzateke polita jantzi horiek herriko modelo boluntarioek jantzita ikustea? Edo beste adibide bat: herriko mediku edo dietista baten laguntzarekin herriko dendatan erosketak egin, eta udan gure urdailari eman dizkiogun erasoak konpontzeko proposamenak egitea?

Tira, sarrera hori guztia aitzakia bat besterik ez zen gaurko Aztarka abiatzeko. ABC-n atera zen argazki eder hau XX. mende hasieran, eta gordeta neukan ordenagailuan, baina duela gutxi Arkaitz Lopez Barrenak berriro bidali dit e-postaz eta hark piztu dit gogoa pixka bat komentatzeko.

Ezin da esan argazki bikaina ez denik. Bikaina da enkoadraketa, zoragarria zuri-beltzaren oreka, oso iradokitzailea gaia eta ingurunea. Lasaoko kapera atarian aterea da 1906ko uztailaren 16an. Astelehen buruzuri bat zen egun hura. “Bodas aristocráticas en la capilla de Lasao en Azpeitia, propiedad de la marquesa de San Millán” dio ABCk, Madrildik telegrafo bidez jasotako albistearen zehaztasun geografiko okerrarekin. “En la capilla del palacio de La Seo que posee en Cestona la baronesa viuda de Sangarrón (sic)”, berriz, La última moda astekariak, gure Lasao “Seo” edo katedral batekin nahastuz.

Maria Luisa López Nieulant eta Karlota López Nieulant (ahizpak beraz) dira argazkiko bi neskak (andreak esan beharko dugu), eta biak ala biak Juan José de Nieulant y Villanueva Sotomayor-eko markes eta Errege Eskoltako koronelaren alabak. Lehena Alberto Ribed-ekin ezkondu zen eta bigarrena Manuel Alonsorekin. Astekariak dioenez, “Bi bikote maiteminduek” Sevillako artzapezpiku Salvador Castellote y Pinazoren bedeinkazioa jaso zuten (“el cual pronunció una elocuente plática”, ABCk dioenez; hor argazkian ageri den hori ote artzapezpikua?). Aitabitxiak edo padrino-madrinak, berriz, Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior (1859-1940), Villalegre eta San Millango markesa, eta lehenago aipatu dugun Sotomayorreko markesa (1847-1936). Prentsak dioenez, familien dolua zela-eta etxeko pertsonak bakarrik izan ziren ospakizunean. Izan ere, hiru hilabete eta erdi besterik ez ziren Ramon Altarriba y Villanueva, Sangarrengo baroi eta Lasaoko markesa hil zela.

Elizkizuna amaitu ondoren, ordea, banketea egingo zuten seguru asko, kaperatik jauregira bidean ikusten dugun alfonbrak irudikatzen digun bezala. Eta, azkenean, Lasaon egin beharrekoak eginda, La última moda astekariaren azken esaldi sinpatikoa: “El viaje de novios al extranjero lo hicieron los recién casados en automóviles”. Trenen eta zalgurdien garai haietan, aristokraziak automobila zuen beren klasea erakusteko modurik bikainena. Kontuan izan Espainian 1900ean matrikulatu zela automobila lehen aldiz, eta gu handik sei urteko kontuez ari gara. Garai hartan mila auto inguru bakarrik omen zeuden Estatu osoan. Irudi zoragarria izango zen Lasaotik automobil haiek ateratzen ikustea. Gure begiekin ikusita bai; orduko lasaotarrentzat, ordea, gauza beldurgarria eta arriskutsua, zalantzarik gabe.

Kontraesan handi bat da aristokraziaren elementu horiekin liluratzea, haien kotxeekin, ezteiekin, aberastasunarekin… jende xehea menperatzearen poderioz lortu dituztela jakinda, baina horixe da gizakiaren debilidadea, geure ahalmenetik harago dagoenarekin amets egitea. Eta argazki honek, ikusi dugun bezala, bai horixe, amets egiteko aukera ematen digu. Zestoako txutxu-mutxuak, duela 113 urte.

 

Argazkia: https://abcfoto.abc.es/fotografias/temas/bodas-aristocraticas-capilla-lasso-azpeitia-41538.html

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide