159. Blasa, ‘gran confort’
— 2019-08-16Pasa den asteartean, gure lagun Esther Gaztañagak jarri zigun kuadrillako WhatsApp-ean: “Gaur 43 urte Hotel Blasa erre zela”. Eta nahiz eta ni, orduan hamabi urteko mutil koskorra, han Akoatik enteratu ere ez nintzen egin, izua eragin zidan lehengoan jakin nuenean. Nik gogoan daukadan lehen sutea zazpi-zortzi urte nituenekoa da, eta oraindik ere ikusten dut sukaldeko leihotik tximista zartateko baten ondorioz, nola hasi zen erretzen Ertxiña, Kontzesio ermita gain aldean. Sute gehiago ere izan dira Ertxiñan harrezkero, eta larritasuna eragiten badute ere, zerikusirik ez herriguneko etxe bat erretzen ikustearekin. Herrero taberna eta eraikuntza edo, urte batzuk beranduago, Koioteneko etxea erretzen ikusteak, horrek bai eragiten zuela benetako izua eta larritasuna. Inon ere ez zen, hala ere, pertsonarik zauritu eta gaitz erdi. Pentsa zer izango zen 1914ko azaroko gau hartan bainuetxe aurreko hotela erre eta hiru zerbitzari kiskalita geratu zirenean (Kasimira Etxabe, 26 urtekoa, Viktoria Jauregi, 21ekoa eta Maria Eizagirre, Akoako Zubegoenekoa, 23 urtekoa).
Blasa hotela, edo zehatzago esanda, “Casino La Blasa. Gran Hotel” 1920ko hamarkada hasieran eraiki zuten. Hotela berehala jarri zuten martxan baina kasinoa inauguratu baino lehen Primo de Riveraren diktadura hasi zen (1923) eta orduan kasino guztiak desagerrarazi zituzten. Erre zenean (1976) bi izarreko hostala besterik ez bazen ere, bere garaian pote handiarekin iragartzen zen: “Situado en el lugar más pintoresco de la villa, con amplio y delicioso panorama sobre el curso del río Urola, hasta el Balneario. Punto de reunión de la colonia veraniega”. Eta ondoren: “Espaciosas y elegantes habitaciones. Todas exteriores. Agua corriente. Cuartos de baño. Gran confort. Lujosos salones. Teléfono interurbano y provincial”.
Sua gaueko hamaikak inguruan hasi zen ganbara aldetik, eta goiko solairuetatik behera pasa zen berehala etxe guztia pospoloa baino arinago erreaz (ez dugu ahaztu behar egurrezko egitura zeukala etxe guztiak). Kronikek dioten bezala, “Garrak izugarri harrotu ziren eta herri dena argitzen zuten”. Herriko jendea izan zen lehena sute hura itzaltzen saiatzen, baina eginahalak-eginahala guztiz erreta geratu zen. Gaur egun bezalako su-hiltzaile zerbitzurik ere ez, eta Azpeititik etorritako su-hiltzaile auto txiki batek bakarrik laguntzen zien zestoarrei. Pentsa liteke zer herio biziko zuten sua menderatu ezinik. Hamabiak eta laurdenean, beraz, sua hasi eta ordu eta laurdenera, iritsi ziren Donostiako su-hiltzaileak ur-tanke handi batekin eta eskailerarekin. Ordurako, zeregin gutxi izango zen, inguruko etxeak ez harrapatzea segurtatzea besterik. Mari Kruz Kerejeta Arzelus, hotelaren jabea eta 63 urteko andrearen sufrimendua ezin hitzen bidez irudikatu. Nola irudikatu, horrelako ezertxo ere bizi ez dugunok, zer nolako oinazea senti daitekeen zure betiko etxea eta harekin batera zure bizitzaren zati handi bat zeharo kiskalita geratu zaizunean?
Nolanahi ere, ez zen pertsonarik zauritu edo hil. Berehala atera zituzten, nonbait, egoiliar denak eta horri esker salbatu ziren. Beren gauzak, ordea, han geratu ziren suaren bizigarri.
Abuztuaren 13a esan dugu, gaueko hamaikak. Ni ordu hartan, Akoako isiltasunean, amets batean egongo nintzen. Baina nola izaten diren gauzak eta nola funtzionatzen duten gure oroitzapenak, harrigarria da: Esther Gaztañagak WhatsApp-ean gogoratu zigunean 1976an Hotel Blasa erre zela, Ander Zulaikak, kuadrillako lagunak, idatzi zigun: “Ni zinean nengoen eta baten bat sartu zen Balsa erretzen ari zela esanez…; pelikula bukatzerako ia denok atera ginen”. “Ba al zitekeen?”, pentsatu nuen: “Ni ohean lo seko eta nire adineko Ander Elizondon pelikula ikusten 23:00etan? Hain berandu? Deskuidatuta egongo duk”. Eta hurrengo egunean, Xabier Unanueren argitaratu gabeko “Zestoan zinearen historia” paperetara jo nuen eta, hara, arrazoi Anderrek. Uda garaian urte haietan bi emanaldi eskaintzen ziren astegunetan, zazpietan eta hamar eta erdietan. Jaiegunetan, berriz, astegunetakoez gain baita arratsaldeko bostetan ere. Beraz, abuztuaren 13a ostirala zela eta oporrak zirela kontuan hartuta, Anderri 22:30eko saiora joaten utziko zioten eta pelikularen erdirako jakingo zuten sutearen berri.
Baina hona iritsita, gauzak ez dira bat etortzen, eta orain ditugu kontuak. Egun hartan, abuztuaren 13an, “Cleopatra Jones” ematen zuten (Tamara Dobson eta Shelley Winters) baina filma hori 18 urtetik gorakoentzat zen. Gure Ander 12 urterekin sartu egin ote zen ba helduentzako pelikula batera? Edo beste pelikularen bat eman zuten, esate baterako, Xabierrek 12an jasotzen duen “Carambola” (Paul Smith eta Michel Colby), hura bai txikientzat?
Korapilo ederra sortu dugu. Ea hurrengo batean argitzen dugun.
Argazkia: Victor Charola (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Post-scriptum: Korapiloa nik neuk bakarrik sortu dut WhatsAppak ez ditudalako ondo irakurri. Anderrek zioen etxetik ikusi zuela sutea, ez zela ordu horretan zinean (banengoen ba ni!). Zirean zegoena gure lagun Mertxe Errasti zen (garai hartan 22 urte) eta hark aipatu zuen zinearen kontua. Korapiloa askatua, beraz.
Egin zaitez bazkide