162. Blasen ostatua

Ume jaio berriei izenak jartzerakoan, izaten dira urteak pasa ahala ondo mantentzen direnak (normalean izen klasikoak) baina segituan zaharkituak geratzen direnak ere bai (eta, badaezpada ere, ez dut emango adibiderik). Zer esanik ez, izen estrafalario askoak ere jartzen dira, eta hauetako batzuk, bai, aipatuko ditut: baditut familiar kubatar batzuk, eta haiek esan zidaten bazirela han “Iuesei” (USA) edo “Lenin” izenekoak. Tira, komentariorik gabe.

Ez da izenena gaurko gaia baina zera aipatzeko ekarri dut hona: pena pixka bat hartu nuen oraingo tabernari eta kultur elkarteari “Portale” jarri ziotelako eta ez “Alkorta”; nik neuk, “Alkorta” jarriko nion inolako zalantzarik gabe, historian aspalditik hala ezagutu delako. Baina, tira, ez gaitezen haritik irten, ez da bekatu ikaragarria-eta…

Argazki ederra dugu gaurkoa. Aspaldi erosi nuen postala, eta inspirazio edo etorri bereziren bat neukanerako gordeta nuen baina, en fin, gaur erabiltzea pentsatu dut. Jende askok bisitatutako ostatua da “Fonda de Blas Alcorta” hori, besteak beste, Barojak (Alkortaren ostatuan geratu nintzen eta jaten eman zidaten. Bapo jan nuen, edan berriz gehitxo, eta janari oparoarekin animatuta hantxe geratzea erabaki nuen”); Azorinek (“Irudikatzen duzue andre xahar bat, irribarre eta begi-keinuak egiten dituena erdaraz hitz egiten diozunean”); Unamunok…

Blas Alkorta Goienetxeak (Zestoa, 1861-1941) jarri zuen martxan ostatua XIX. mende bukaera aldera. Argazkia 1910eko hamarkada bukaerakoa da eta ordurako Blasek zine emanaldiak ematen zituen bertan. Berezia da gero, zinea 1895eko inuzente egunean eskaini lehenengo aldiz eta handik dozena bat urtera –hain denbora gutxian– Zestoara ekartzea. Pentsa zer nolako kontrastea izango zen zine hura, mundura etorri berri-berria, eta XIX. mendeko mundu zaharraren protagonista zen dilijentzia. Hortxe, atari horretantxe, geratzen ziren Arroatik Azpeitira edota alderantziz zihoazen dilijentziak. Behean ezkerretara ikus daiteke iturri bat ere, zaldiei ura emateko-eta. Eta dilijentzia iristea jendearentzat ikuskizuna zen bezalaxe, are gehiago izaten zen harekin batera argazkilariren bat bazetorren, eta are gehiago berriz, argazkilaria postaletarakoa baldin bazen. Tira, ikusten den bezala, jendea leihoetan zer ikusiko eta nola geratuko betirako iltzatuta paperean.

Etxearen behe aldean, “Compañía Arrendataria de Tabacos. Expendeduría” jartzen du errotuluak. Ostatuaz gain, estankoa zeukan, beraz, eta baita txokolategia ere, Eugenio Alkortak gogoratu zuen bezala (danbolin, 2017ko urtarrila) eta eskaparateko botilek salatzen duten bezala. Errotulu nagusiaren azpian dagoen txapa ere bitxia da: “Compañía Anónima de Seguros. Aurora. Bilbao” (hala ematen du behintzat jartzen duela). Hamarkada haietan nagusitzen hasitako kontuak dira aseguruenak. Azkenik, aipatzekoa da estankoko atearen aurrean bi mikelete ageri direla. Laster ekarriko dugu lerro hauetara mikeleteen kontua baina oraingoz bi datu argigarri (wikipediari esker): Mikeletea (“praka-gorri” edo “txapel-gorri” ezizenez ere ezagunak) Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldea zen eta oraindik ere existitzen dira.

Bueno, beste hainbat gauza esan daitezke argazkiari begira-begira egonda baina oraingoz hemen utziko dugu. Bukatzeko, azpimarragarria da, zenbait aldaketa txiki alde batera utzita, zein ondo mantentzen duen etxeak orduko itxura gaur egun eta zein ederki irudika daitekeen Mollergiko atarian jarrita, XX, mende hasiera hartan plazatxo horretan izango zen haruntz-honunzkoa. Eskerrik beroenak eman behar zaizkie Alkorta familiakoei etxearen nortasuna hain ondo kontserbatzeagatik.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide