163. Bide debekatuak

Hemen naiz berriro. Ez dut uste jende gehiegik faltan botako ninduenik baina, tira, gustuko lekuan aldaparik ez. Egun hauetan Antigona izan dut irakurgai. Antigona nor den ez dakienarentzat zein jakitunentzat, badira hortik zehar itzulpen egoki askoak (izan ere, gaur egun inork ez du jakingo zuzenean greziera klasikoa irakurtzen gure herrian; garai batean agian bai…). Bertsioak ere, badira makina bat eta –barkatu pedanteria– nik asko estimatzen ditut Heaney-ren “Sepelio en Tebas” edo Zambranoren “La tumba de Antígona”. Eta astebukaeran Bordele aldean ibili naiz eta hango Mollat liburu-dendan (Frantzia osoko handiena) Anne Carson kanadarrak idatzitako “Antigonick” erosi dut eta berehala irakurri dut.

Sofokles greziarraren (Kristo aurreko V. mendea) Antigonak esanahi eta irakurketa franko ditu baina horien artean ohikoena honakoa da: Kreonte erregeak legea defendatzen du edozeren gainetik; Antigonak, ordea, legeak baino askoz lehenagotik dauden baloreak defendatzen ditu, gaur egun, erraz ulertzeko, gizalegea deituko genukeena. Ondorioz, talka bizia gertatzen da Estatuaren legea eta indarra eta gizalegearen artean. Eta jakina, Antigonak galtzen du eta kobazulo batean giltzaperatzen dute hantxe hil dadin.

Bistakoa da Antigonaren tragediak izugarrizko aukera eman izan duela historian zehar –eta batez ere, XX. mendean– Kreonteren jarrera inposaketarekin edo diktadurarekin identifikatzeko eta Antigonarena, berriz, erresistentziarekin eta lege injustuekiko borrokarekin. Egun hauetan, berriz, tentazio izugarria ematen du legearen autoritarismoaren (Auzitegi Gorenaren) eta injustiziaren kontrako borrokaren (alegia, lege injustuen kontra ateratzeko eskubidearen) arteko talka gisa planteatzeko. Baina luzatzera noa eta ez naiz Kataluniarekin korapilatuko “aztarka” honetan. Egin dezagun aurrera.

Antigonarenak beste gauza bat ekarri dit burura ez Kataluniako egoera. Eta hauxe da kontua: azkenaldian, asko entzun dut herrian, delako lursail hau eta bestea itxituraz babestu dituztela eta batzuetan bideak ere itxitura barruan geratu izan direla. Terreno jabeek diote beren eskrituretan ez omen dela bide publikoa denik aipatzen baina betidanik bide hartatik ibili direnei, inolako oztoporik gabe, ez zaie justua iruditzen orain bidea hesituta ikustea. Arazo horiek aspaldikoak dira eta horregatik jarri zituen udalak mapa batean herri-bide delakoak, hainbat agirietan beren izaera publikoa garbi agertzen zirenak, eta legezko babesa eman zien partikularren aurrean. Beste bide ugari geratu ziren, ordea, mapan edo herri-bideen inbentarioan sartu gabe, beren izaera publikoa ez zelako agirietan edo eskrituratan hain garbi jasotzen, nahiz eta gizaldi eta gizaldietan bide horietan jendea lasai-demonio, inolako trabarik gabe, ibili den.

Neuregandik hurbil geratzen den adibide bat jarriko dut. Esan didatenez –nik neuk zuzenean ez dut egiaztatu– Aizarnako Autsoro gainetik Ertxiñara doan bidean, lepora iritsi baino apur bat lehenago,eskuin aldera doan bidea eta borda baten ingurutik pasatzen dena, itxituraz ixteko asmoa du partikular batek pasabidea debekatuz. Ez dago, nonbait, agiri ofizialik bide hori publikoa dela esaten duenik. Eta, hara, hortxe azaltzen zaigu gure Antigona: idatzizko legeek partikularrari ematen diote eskubide osoa baina antzinagoko eta idatzi gabeko beste ohitura edo gizalege batek bestelakoa dio, alegia, libre eta naturala dela bide hori edonork erabiltzea.

Gaur egun borda eraikita dagoen lursail horri Etxaideren garamana –alegia, garo-sailadeitzen zitzaion XX. mende hasieran. Etxaidetarrak, Zestoako bainuetxearen jabeak ziren, eta haiek erosi zuten lursaila, litekeena da, hor inguruan zeuden ikatz minatan pentsatuz. Inguru horren lehen aipamenak 1785. urtean aurkitu ditugu. Bertan, harri berezi bat aurkitu zen: “Espato de Islandia” deitutako kaltzita klase bat. Madrilgo errege Kabineteak interesa azaldu zuen harriaz, eta zati bat atera eta hara eramatea eskatu zuen. Harri garden-gardena zen, eta honako neurria zeukan: 83,79 x 62,69 x 46,44 zentimetro (“tenía una vara de largo, tres cuartas de ancho y más de veinte pulgadas de grueso” con “un peso de 1.200libras”). Bada, harria Ertxiñako koba azpialdetik atera zuten eta handik eramateko, propio bidea edo galtzada egin behar izan zuten, gaur egun nabarmen ikus daitekeen bezala. Harrizko galtzada hartatik, gero Etxaideren garamana deituko zitzaionetik zehar, atera zuten harria. Lan horiek nahiko ondo dokumentatuak daude, bai Madrilgo Natur Zientzien Museoan, baita Zestoako Udaleko Artxibo Historikoan ere, baina inon ez da aipatzen terreno jabeei ezer ordaindu zitzaienik; egia esan, garai hartan, lursail horiek dena herri sailak zirela pentsatu behar dugu, herri sailen pribatizazioa urte batzuk beranduago hasten baita (Konbentzioko gerraren –1793– ondoren).

Beste arrazoi bat. Gaur egun, Ertxiña mendia nahiko abandonatua baldin badago ere, eta nahiko inproduktiboa badirudi ere, XX. mendean, oso ustiatua izan zen. Esate baterako, mina ugari ziren bertan, baina gu aztertzen ari garen guneari baino gehiago eragin zioten Aizarna aldeko eremuari. Baina geologiaz aparte, Ertxiña artzaintzarako erabiltzen zen batik-bat. Herri sailak bere inguru guztian terreno partikularrak dauzka; izan ere, Zestoako Udala herri lurrak saltzen hasi zenean, onentxoenak saltzea lortu zuen eta gainontzekoak –Ertxiñako mendi tontorra eta inguru malkarrak, esaterako– saldu gabe geratu ziren. Tipulasoro inguruko lursail partikular horietan, berriz, hainbat borda ziren (aztarnak bistan daude, oraindik ere): Goikoetxe baserriarena, Akoabarrenekoena, Bautista Irurerena (Aurrekoetxeari errentan emana)… Goikoetxe eta Aurrekoetxeko bordak eguteran daudenez, garai freskoetan ondo egoten ziren bertan artaldeak baina eguzki beroa zen garaietan, ardiak Etxiñako kobazulora joaten ziren. Koba hori Lizarraitz baserrikoena zen eta urtean, arkumen bat edo beste ematen zioten Aurrekoetxe eta Goikoetxekoek koba eta lursaila erabiltzearen truke. Kobara bertara, garoa eramaten zuten eta ardi simaurra egin ere bai. Material horien garraioa, idiekin, beti Etxaideren sailetik egiten zen, eta inoiz ez omen zitzaion inolako ordainketarik egin Etxaideri bidea erabiltzeagatik. Bideak nahiko izaera publikoa zuen seinale.

Hirugarren arrazoia. Bidearen publikotasuna adierazi lezakeen beste gai bat da Ertxiñan gurutzeak egin izan direnean materialaren garraioa. Dirudienez (Danbolin, 2013ko apirila, 138 zbk.), lehen aldiz 1932ean jarri zen gurutzea Ertxiñan, eta erori egin zen 1941ean. Zortzi urte geroago berregin egin zuten, baina 1963ko otsailaren 25ean, tximista batek jo zuen bigarren gurutze hura ere. Hirugarrena eraikitzeko, herri osoaren laguntza izan omen zuten, eta Aizarnako Autsoroko gainetik, Ertxiña puntara eraman omen zuten materiala (hormigoizkoa da gurutzea). Pentsatzekoa da –hobeto ikertu beharko litzateke baina ez da batere zaila, lekuko asko biziko dira oraindik eta– beti bide horretatik eramango zutela materiala. Kasu hauetan ere, ez da aipatzen bidea erabiltzeagatik ordainketarik egin zenik.

Eta azkeneko arrazoia, bide horren izaera publikoa adierazten duena da, Ertxiñako puntara igotzeko hori omen dela biderik ohikoena. Hala segurtatu didate Akoako hainbat edadetuk, beraiek beti bide horretatik joaten zirela (eta ez zen behin edo bitan bakarrik joango, Ertxiña ohiko mendi buelta izateaz aparte, egunero begiztatu behar izaten zituzten-eta ardiak).

Hemen, gaur egungo modernotasunean, garai bateko baserri munduaren ohiturak eta arauak guztiz ahaztu direnean, jabego pribatuaren eta ondasunak inskribatzearen legeak eta indarrak irabazten du (ba al dakizue Rajoi jabego erregistratzailea dela?); gizarte modernoari ez zaio axola garai bateko baserritarrek edo Ertxiña mendiari probetxua ateratzen ziotenek zituzten ohiturak edo idatzi gabeko arauak eta gizalegeak; ez, gizarte modernoari erabilera erabat pribatua eta ondo inskribatua interesatzen zaio. Ohiturak edo lekukotzak bestelakoa dioela eta erabilera publikoa aitortzen diola bide bati? Bada paperean jasota ez badago, gaurko gizarte modernorako ez du deus balio.

Betidanik izaera erdi-publikoa izan duten gure mendi bazter horiek eta lekukoen bidez egiazta daitezkeen horiek, berreskuratu egin behar dira legeen, eskrituren eta pribatutasun zorrotzen hatzaparretatik. Ez geureganatu, jakina. Jabego pribatuan sinesten dugu. Baina bai, garai batean izan duten idatzi gabeko “pasatzeko eskubide” hori aldarrikatu. Antigonak bezala, legea baina harago jo behar dugu. Gizalegera.

 

Argazkia: Bizente Dávila. 1991. Hesien ordez, zubiak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide