268. Letra urdin ilun, garbi eta floriturarik gabekoa

Zestoara sartzerakoan, gure ume denboran Avenida del Generalísimo Franco, eta, ondoren, Toribio Altzaga hiribidea deritzana igotzerakoan, Agapito Elosegiren etxeko horman ageri da argazkian ageri den “Cestona” hori. Aurrera egin aurretik, Agapito Elosegi Zestoako botikaria zen Pio Barojaren garaian eta XX. mende hasieran, eta hark eraiki zuen etxean dago errotulua. Botikazarra deitzen zen etxea eta gero Ekain soziedadea izan zen.

Egia esatea nahi baduzu, irakurle, oso elementu bitxia eta interesgarria iruditu izan zait beti “Cestona” errotulu hori. Ez dago kontserbazio egoerarik onenean, pixka bat ezkutatuta dago, jendearen begiradetatik aparte antzean, baina gauza asko iradokitzen ditu. Gaur zuekin partekatuko ditut batzuk.

Zer da zehazki? Bada, herri sarreran udalerriaren izena adierazten duen errotulua. Gaur egun, errepide bazterretan ikusten ditugun burdinazkoen funtzio bera zuen.

Herri sarrera aipatu dut, eta irakurle finek jakingo dute, historian zehar gutxienez hiru errepide izan ditugula Iraeta aldetik Zestoa zeharkatzeko. Lehendabizikoa, XX. mendera arte, Artzubiagatik, Arteagatik barrena Lizarraitz aldera etortzen zen, eta handik izen bereko atea edo arkua igarota, herria zeharkatzen zuten. XX. mendearen bigarren hamarkadan, Artzubiagatik, Lizarraitz barrenetik Elosegiren etxe aldera, errepide berria egin zuen Foru Aldundiak. Azkenik, 1950eko hamarkadan, gaur ezagutzen dugun bariantea egin zuten.

Bada gera gaitezen XX. mende hasierako errepide hartan; esan dugun bezala gaur egun Toribio Altzaga. Errepideak hainbat elementu zituen, errepide beraren ezinbesteko osagarri, hala nola, kilometro-mugarriak, hormigoizko segurtasun-hesiak eta herri sarrerako adierazleak. Kilometro-mugarria, lehengo farmaziaren izkinan zen bat, eta bestea bainuetxeko zubiaren parean. Burua gorriz margotuta bazeukan, errepide nazionala zen. Berdea bazen, gure kasuan bezala, eskualde mailakoa zen. Eta horia bazen, berriz, herri mailakoa. Mugarri horiek gure historiaren parte dira, baina 80ko hamarkadaz geroztik, metalezko seinaleekin ordezkatu ziren, eta ez dira asko geratzen zutik. Hormigoizko segurtasun-hesien adibide oso egokia, berriz, Artzubiaga aldean ikus daiteke. Ataritik pasatzen zen lehen errepidea, eta 1950eko hamarkadan goragotik egin zuten bariantea, lehengo zaharraren zati bat hantxe utziz. Herri sarrerako seinalea, berriz, hementxe dakarkigun hauxe bera.

Esan dugun bezala, Agapito Elosegiren etxeko horman itsatsia dago. Bistan denez, azulejuz egina da eta ezkerrean Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarria du, bera baitzen errepidearen arduraduna. Gero, letra urdin ilun, garbi eta floriturarik gabekoekin, herriaren izena: “Cestona”. Guztira, 30 azuleju, ertzetakoak aparte. 1920ko hamarkada ingurukoa dirudi.

Oso errotulu funtzionala da, eta zoragarri geratzen da etxeko horma zuri zabalean. Jakina, gaur egun, kale bazterreko zuhaixkek ez dute uzten ondo ikusten, baina garai hartan ez zen zuhaitz ernegagarririk izango han haietan. Zuhaixken ordez, Agapito bera edo familiakoren bat edo neskamea irudika ditzakegu leiho horretatik begira, baina estanpa zoragarria egingo zuten, gure herriaren publizitate afixa balira bezala.

Errotulu polit horrek niri, batez ere, garai bateko uda eta urzaleen etorrera ekartzen dit gogora. Iritsiko ziren autoan, ikusiko zuten errotulua, eta aurreraxeago Blasa hotela, eta “hara! Zestoan gaude” esango zuten. Eta kazetari batek zioen bezala, “Baina zer bizimodu egiten da? Ibilaldiak autoz, txangoak Donostiara, Zestoara, Loiolara, eta, batez ere, tresilloa, tresillo asko, eta pokerra”. Tresilloa, ez dakienarentzat, karta-joko ezagun baten izena da (Álbum salón. 1898-09-01).

Urzaleez eta uda garaiaz aparte, garai hartako arte aplikatuen erakusgai bat dago hemen. Zeramika, orduan nagusi zen dekorazio-elementua (ez ahaztu Bainuetxeko hotel nagusiak berak nola daukan teilatu-hegalaren azpian, azuleju-zerrenda apaingarri bat, ez ahaztu gure sukaldeetako baserri-gaiekiko azluleju-frisoa…). Eta, bestalde, diseinu grafikoaren eta seinaletikaren adibide bikain bat dago hemen. Badira (baziren) gehiago, esate baterako, Bentan, errepidera ematen duen horman, beltz-beltzez margotutako “Balneario de Cestona” hura, behatz batekin seinalatuz establezimendua (mereziko luke berriro margotzea).

Tira, herrian makina bat aztarna daude aspaldikoak, arte higigarriaren eremuan sartuko genituzkeenak, eta horien artean daude Postetxeko fatxadatik kendu berria den Jesusen Bihotza, etxeetan egon ohi diren errotulu zaharrak, kanposantuko hilarri zaharrak, lehen aipatu ditudan errepideetako harrizko mugarriak (Santa Engraziak badu, aterian, bildumatxo txiki bat), aldabak…

Eta errotulu hori da beste bat. Agapito Elosegiren etxeak ez ditu urte asko iraungo, eta arren eta arren eta hamaika aldiz arren eskatuko nieke gure agintariei, errotulu publikoa denez, ken dezatela kontuz kontuz (ez orain, baizik-eta bere garaian) eta gorde dezatela ondo, esku onetan utziz. Hala bedi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide