169. Trenean bidaiatzearen abantailak edo mundua estolda handi baten gisa

Egun hauetan ari dira ematen zineetan “Ventajas de viajar en tren”, Aritz Moreno zuzendari donostiarraren pelikula. Jakina denez, pelikularen zati bat Zestoako Arozena hotelean filmatua da, eta, horrenbestez, dagoeneko ia dozena bat luze/laburmetrai badira gure herrian grabatutakoak; besteak beste: Fuego Eterno (José Ángel Rebolledo, 1985), Urte Ilunak (Arantxa Lazkano, 1993), A dar ba kar (Koldo Almandoz, 1999), Visionarios (Manuel Gutierrez Aragon, 2001), Arriya (Alberto Gorritiberea, 2011), Ulises (Aitor Gutierrez, 2016), Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) eta gaur aipatzen ari naizen horixe (baten bat ahaztu bazait barkatu).

Zati askoko pelikula da “Ventajas de viajar en tren” eta hasiera aldean agertzen da Arozena hotela. Helga Patok bere senarra psikiatriko batean sartu berri du. Etxera itzultzeko trenean, ezezagun bat Angel Sanagustin gisa aurkezten zaio, pazienteen idatzien bitartez nortasun desorekak aztertzen dituen psikiatra bat. Gaixo paranoiko oso arriskutsu baten istorioa kontatzen dio Sanagustinek Patori, Martín Urales de Úbeda-ren (Luis Tosar) istorioa. Martin, militarra zen garaietan, Kosovoko gerran ibilia zen, eta hango mediku batekin (Stéphanie Magnin) izandako harremanak kontatzen ditu. Medikua Kosovoko ospitale bateko zuzendaria da. Gerra garaian Zestoako bainuetxea bezala, Kosovokoa ere hotel bat zen lehen baina ospitale bihurtu zen gerrarekin batera. Pelikulako ospitalea Arozena da, eta nahiz eta bertan grabatutako pasarteak oso laburrak diren, han ageri dira Arozenako pasilloak eta militarrak batetik bestera, gelaren bat edo beste, eta batez ere jangela (ospitaleko gela nagusia) eta kafetegia. Handik ibiltzen dira militar guztiak eta gainerako pertsonala, hara eta hona, elkarrekin hizketan, tragoren bat hartzen kafetegian…

Arozenako jangela, ospitaleko ohez eta tramankuluz beterik, egundoko anabasa da: lehendabizi, ospitalea baino gehiago dirudi azoka edo zoko arabiar bat, hori bai, oso argitsua; gaixoak eta gelak elkarrengandik bereizteko pareten ordez izarak, toallak eta mantak daude; denborarekin, ordea, dirua lortuko du eta dena behar den bezala, txukun-txukun eta higieniko, jartzea lortzen du zuzendariak. Ikustekoa da zein argitsu eta eder ikusten den Arozenako komedorea, zintzilik zeuden toalla eta izara haiek kendutakoan. Nola lortzen du dirua medikuak, ospitalea aurrera ateratzeko? Martín Urales de Úbedaren, alegia Tosarren bidez, kontatzen ditu medikuak, alegia Martinen lagun-minak, ospitaleko ibilerak. Ospitalerako dirua lortzeko, prostituzioan ere ibiltzen da gure medikua eta, hala, negozio gizon bat ezagutzen du (Javier Godino). Negozio gizona negozio zikin bateko partaide da, baina ez dugu kontatuko hemen zer negoziotan dabilen. Kontua da handik lortzen duela finantzazioa eta horri esker azaltzen dela gure herriko hotela ospitale “eredugarri” bihurtuta pelikulan. Esan behar da, orokorrean, oso argiztapen, argazkilaritza, atrezzo bikaina duela filmak eta oso ederra iruditu zitzaidala Arozena pantaila handian.

Pelikula, hemen lerro hauetan, ikusi gabe, ondo uler dezazuen, esan behar da, “Hirutxuloko Hitzak” zioena, hau da, “delirio zikin, baina liluragarri bat, obsesioz, perbertsioz, sarkasmoz, dibertsioz, zentzugabekeriaz eta sofistikazioz beterikoa” dela, eta, ondorioz, surrealismo ariketa gisa hartu behar dela, nahiz eta geure buruari gaur egungo gaiekiko loturak egiteko aukera ederra ematen duen.

Egia esan, zer pentsatua ematen du. Esate baterako, Martin (Tosar) zaborrarekin obsesionatuta dago, eta momentu batean honelako zera bat botatzen du (ez dut gogoratzen berak edo Sanagustin delakoak): gure datu pertsonalak babesteko eta beste inork ez erabiltzeko ahalegin guztiak egiten ditugu eta, aldiz, geure zabor guztiak (eta geure kakak) hor uzten ditugu zabor-biltzaileen eskuetan. Gure zaborren bidez, zer erosten dugun, zer jaten dugun, zer nortasun dugun… kontrolatzen dabiltzala etengabe, uste du Martinek.

Beste zati batean, berriz, Emiliok (Quim Gutierrez) sekulako obsesioa dauka txakurrekin (eta koprofagiarekin) eta ederki asko ikusten da zer gerta dakigukeen umiliazio guztiei baietzarekin erantzuten badiegu. Ederki laburtzen du boterearen arriskua eta zein memelo izatera irits daitekeen gizakia.

Baina atera egin gara Arozena hoteletik eta ez da nire helburua zinema kritika egitea lerro hauetan. Bakar bakarrik hemen idatzita utzi nahi nuen zein sentsazio atsegingarria sentitzen den, minutu bakar batzuetan besterik ez bada ere, gure herriko txoko bat azaltzen denean pantaila handian, pelikula delirante bezain liluragarri batean. Jangela eta kafetegia bakarrik ezagutzen nituen, sekula ibili gabea naiz goiko pasilloetan, baina azaltzen diren txoko guztiak beste edertasun eta dimentsio bat hartzen dute zinean azaltzen direnean.

Zine kritikariak, ia aho batez, ondo jartzen ari dira pelikula eta merezi du ikustea. Hurrengora arte.

Argazkiaren jatorria: https://www.yorokobu.es/ventajas-de-viajar-en-tren-un-thriller-delirante-inclasificable/




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide