173. Gure bitxigilea eta paradisu sexuala

Gure herriak beti sorpresak ematen dizkigu, eta aho bete hortz geratu nintzen 1974ko egutegi hau ikusi nuenean interneten. Alde batetik harridura sortu zidan, neuri objektu gisa tratatutako horrelako pertsonen irudiak atzerako pitin bat ematen didatelako, baina bestetik garai baten adibiderik bikainena iruditu zitzaidan. Azalduko dut zergatik. Frankismoa azken ostikadak ematen ari zen garaian –frankismo ofiziala, bestelakoa oraindik ere puri-purian dago-eta egun hauetan Kongresuan ikusi dugun bezala– ba, horixe, Franco azkenetan zegoelarik, Carrero Blanco hil eta handik gutxira, zentsura “biguntzen” joan zen eta fenomeno berri bat sortu zen Espainiako gizartean (agian, euskaldunok artean beste aldarte batean geunden, politikan eta borrokan serio-demonio murgilduta). Fenomeno berri hari “destape” deitu zitzaion. Destapeak balio izan zuen pixkanaka kultur munduan (zinea, argazkilaritza, antzerkia…) pertsonak –batez ere emakumeak– biluzik azaltzeko. Francoren garaiko gizarte ultra-katoliko eta zapaltzaile hartan, biluztasuna gauza iraultzailea bihurtu zen, askatasunaren sinbolo. Izugarrizko polemika eragiten zuen antzerkian edo zinean emakumeren batek bularrak pitin-pitin bat erakusten bazituen. Gu baino zaharxeagoak ondo gogoratuko dute zer nolako urakana eragin zuten Victoria Verak, Marisolek, Maria Jose Cantudok eta beste askok. Orduan argazkietako biluziak ia-ia ezinbesteko gauza ziren artistek bere ibilbidean arrakasta izateko, eta erlijioaren zama astuna gainetik kendu nahi zutela demostratzeko.

Bada, testuinguru hartan argitaratua da hemen aurkezten dugun egutegi hori. Emakume “bikaina” izatearen ezaugarriak, bistakoa da, ez dute zerikusirik gaurko gizartekoekin: labur esanda, haragi gehixeago eta intsinuazio gehiago usatzen zen. Oraingo moda-diseinatzaileek gizenkotetzat joko zuten gure bitxigilearen emakume hau.

Felix Merino Segovia “joyero particular” hori zein zen ikertzeko asti handirik ez dut izan baina hain aspaldiko kontua ez denez herritarren baten lagun diezaguke horretan. Jakin badakigu Juan XXIII auzuneko (gaur egun Arteaga) etxe batean bizi zela, eta 1980ko hamarkada aldera zorrak tarteko Cordoba aldeko epaitegietan ibili zela eta, azkenean, Zestoako etxea subastan atera zutela “Don Gregorio Peralta Cobo epaile jaunaren aginduz (“accidentalmente Magistrado Juez de Primera Instancia Número Uno de Córdoba”).

1974an, ordea, orduko haize berri eta lotsagabeek haizatuta, nahiago izan zuen gure bitxigileak Francoren ondoren omen zetorkigun paradisu sexualari erreparatzea gainontzeko “tontakeriei” baino.

Gaur egun, jendearen bistan, agerian, ez daude modan horrelako egutegiak eta emakume-objektuak baina pribatuan guk uste dugun baino ugariagoak dira horren antzeko egutegiak eta, batez ere, handi horietakoak, zenbakiak ondo ikustea inportantea dela aitzakia jarrita. Ez da denbora asko, eta oso urrutira joan gabe, Würth etxearen perla horietako bat ikusi nuen gizon kuadrilla baten aldagelatan, lehenengo kolpean ikusteko moduan; jakina, egutegi on bat etengabe bistan edukitzea gauza ederra izaten da lanaren antolaketa egokirako.

Zoritxarrez, garai batean iraultzailea izan zitekeen kontua, alegia, norbere gorputzaren jabe izateko askatasuna aldarrikatzea eta hori dena, gaur egun erabat desnaturalizatu da eta horrelako irudien bidez “adoktrinatu” besterik ez gaituzte egiten: nola jantzi behar dugun, eta eransten garenean nolako itxura eduki behar dugun. Askatasunaren zentzua, berriz, ezta aipatu ere: Francoren atzaparretatik ihes egin eta kontsumoaren besoetara erori gara. Ai, gure bitxigilea bizi baldin bada…!

Urte berri on…!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide