179. Gripe espainiarra
— 2020-03-18Covid-19 delakoa geure artera etorri zaigu. Oraindik ez dakigu noiz joko duen gaina. Edadetu gehienek, arrazoi guztiarekin, esaten dute sekula ez dutela ikusi horrelakorik. Egia da. 1918ra joan beharko genuke antzeko egoera bat ikusteko. Orduko pandemia hari gripe espainiarra deitu zitzaion edo hemendik kanpora spanish influenza, spanish flu, spanish lady, grippe espagnole… Gripe pandemia hari Europako beste herrialdeetan baino arreta gehiago eskaini omen zitzaion Espainiako prentsan, eta horregatik jarri zitzaion “espainiarra” goitizena. Parentesi modura, esan behar dut informazio orokor hau guztia eta gero azalduko dudana Anton Erkorekaren azterketa batetik hartua dela (La pandemia de gripe española en el País Vasco, 1918-1919, Bilbo, 2006; interneten dago).
Izua eragiten du liburu horrek hasieran egiten duen deskripzioak: “Ikerketa asko daude gripe espainiarrari buruz, eta horietan egiaztatzen da portaera antzekoa izan zela mundu osoan: lehendabiziko epidemia-aldia, gripearen ohiko ezaugarri klinikoekin eta biztanleengan eragin mugatuarekin, eta bigarren aldi bat uda bukaeran hasi zena, udazkenean zehar zabaldu zena eta jende ugariri eragin ziona; egoera kliniko ikaragarria eragin zuen, oso azkar zabaldu zena, biriketako hemorragia masiboa eta likido-pilaketa ekartzen zuena, eta, kasu askotan, heriotza bizpahiru egunen barruan, minez eta itota, bestelako infekziorik gabe. (…) Kasu batzuetan, lehen sintomak goizean agertzen ziren eta gaixoa hilda zegoen gauerako. Batez ere heldu-gazteei eragiten zien eta ohikoa zen familiako kide bat baino gehiago hiltzea oso denbora laburrean.”
Ikerlariek diotenez, pandemia Amerikako Estatu Batzuetan sortu zen 1918ko martxoan, eta Lehen Mundu Gerrara Europara etorri ziren tropa amerikarrek zabaldu zuten. Lehen kasuak Frantziako kostaldean azaldu omen ziren (La Rochelle-Bordele, Bretainia, Havre…). Nolanahi ere, lehen epidemia aldiak (martxotik hasi eta uda amaitu bitartean) ez zuen eraginik izan gure aldean.
Iraileko lehen egunekin batera, ordea –Zestoan barrerak atera eta berehala, hara!– euria hasi zuen, eta eguraldi aldaketarekin, gripea berragertu egin zen. Bigarren epidemia-aldia Irun-Madril trenbidea jarraituz zabaldu zen hasieran, alegia, Irundik hasi eta Gasteiz aldera. Gero, berriz, urrian, kostaldera: Irun, Donostia, Zarautz, Getaria…
Nolanahi ere –eta orain Zestoa aipatuko dugu eta geure ikerketatxoa hartuko dugu oinarritzat– irailean neurriak hartzen hasia zen Diputazioa, eta hala agertzen da gure paperetan: “Berehala, presidenteak [Joakin Elorza zen alkate] hitza hartu zuen eta esan zuen aurreko egun batean, eta nagusiagoen aginduz, Osasun udal batzordea bildu zela, gripe bezala ezagutzen den gaitza gure herrira iritsiko balitz beharrezko erabakiak hartzeko, eta aipatutako batzordeak erabaki zuela, batez ere, bizpahiru ohe jartzea makina-etxean badaezpada ere beharko balira”. Irailaren 22ko Osoko Bilkura da eta, beraz, artean ez zegoen Zestoan gripe sintomarik. Handik bi egunera bai, ordea: 21 urteko mutil gazte bat hil zen, irailaren 25ean, “bronco-pneumonia grippal” delakoak jota.
Urriaren 20an, udal bilkura egin zuen berriro Udalak. Ordurako zazpi bat lagun zenduak ziren gripearen ondorioz. Bilkuran, Diputazioaren gutun baten berri ematen dute: “Ikusita gripe izenarekin ezagutzen den gaitzak herrialde honetan izan duen gorakada, [Diputazioak] 100.000 pezeta jartzea erabaki du, kaltetutako herrien artean banatzeko, eta herri bakoitzari eman beharreko kantitatea bat etor dadin [egoerarekin] batzorde bat eratzea erabaki da, alkatea, bikario eta medikuek osatua, udalerriko osasun egoera aztertu eta txostena bidal dezaten”.
Egoera hartan, denen beharra izango zen, eta herriko handikiei ere laguntzea tokatu zitzaien. Esate baterako, Alatxako kondesari eskerrak ematea erabaki zuen udalak: “El Ayuntamiento de esta Villa por noticias fidedignas se ha enterado con agrado de que una vez mas ha demostrado Ud, guiada por sus nobles y humanitarios sentimientos tener cariño especial a esta Villa y sobre todo a sus vecinos repartiendo [“ayuda”, ez da ondo ulertzen letra] a familias que por la enfermedad reinante se han visto obligadas a efectuar gastos extraordinarios”.
Urriaren azkenerako 12 hildako daude Zestoan. Diputazioan egitekoa zen bilera bertan behera geratzen da “por cuanto no ha desaparecido por desgracia la enfermedad reinante”. Egun horretan bertan, udalak erabakitzen du seruma eskatzea (“Solicitar de la superioridad tres frascos de suero anti-diftérico”).
Azaroaren 22an, Diputazioaren erabakiaren berri ematen du alkateak: “Kontuan izaki gripeak herri honetan izan duen intentsitatea, hildako pertsonak eta beste irizpide batzuk, erabaki du 750 pezeta ematea gertatu diren beharrak arindu eta laguntzeko. Azaroaren bukaeran hil zen gripez azkenetakoa, 44 urteko gizasemea.
Se guru ez badaude ere, abenduaren hasierarako baliteke gaitzaren momenturik gogorrena pasa izana. Itxura hori dute udal erabakiek: “Mediku jaun bakoitzari ehun pezetako saria ematea, azken gripe epidemian udalari eta herritarrei, egokitasun osoz, eskainitako ez-ohiko eta garrantzi handiko zerbitzuengatik; halaber, gutuna bidaltzea Julian Diaz Enparantza jaunari, herri honetako seme eta Valladolideko Unibertsitateko ikasleari, gaitzak iraun duen bitartean herriko medikuei eskainitako lankidetza eskertuz. Pedro Diaz, Don Pedro, eta Segundo Zurriarain ziren medikuak garai hartan, eta aipatutako Julian, berriz, lehenengoaren semea. Tirabira ikaragarriak zituzten bi medikuek beren artean baina elkarri eskua emanda egin beharko zioten aurre gripeari eta hark eragindako sufrimenduari. Abenduaren hasieran –eta horregatik pentsatzen dugu gaitzak behera egin zuela– gastuei aurre egiteko momentua iritsi zen, esate baterako, “Blas Alkortak aurkeztutako 50 pezetako kontua, bere autoan Segundo Zurriarain medikua hainbat aldiz Aizarnara eta Arroara eramateagatik azken epidemian”.
Eta iritsi gara ba bukaerara. Galeren balantzea egitea dagokigu Aztarka hau bukatzeko. Estatu osoan, gutxi gora behera, 200.000 lagun hil ziren gripearen ondorioz (% 0,95 inguru). Gipuzkoak 258.557 biztanle zituen garai hartan eta 3.129 lagun hil ziren (% 1,2 inguru). Zestoak, berriz, 2998 biztanle zituen eta 15 lagun inguru hil ziren (% 0,5 inguru). Besteekin konparatuta ez du hainbestekoa ematen Zestoako heriotza kopuruak baina ohar gaitezen bi hilabetean, irailaren 25etik azaroaren 28ra bitartean, 15 lagun hil zirela, hau da, lau egunetik behin heriotza bat (bestelako arrazoiengatik hildakoak aparte utzita). Gauza serioa iruditzen zait. Eta serioagoa adinari erreparatzen badiogu. 15 hildako horien bataz besteko adina, 34 urte.
Horri denari, bukatzeko, erantsi behar zaio gaixorik larri egon zirenak baina bizirik atera zirenak. Horien daturik ez daukagu baina pentsatzekoa da ehunka mordoxka bat izango zela.
Luzatu egin naiz esplikaziotan eta ez dugu Covid-19 delakoarekin konparaziorik eta hausnarketarik egingo. Beste gizarte bat da, beste osasun zerbitzu bat daukagu, Gizarte Segurantza… Zorionez, aurtengo birus txar horrek ez ditu 19 zestoar garbituko, eskerrak.
Bi post-data:
Gripea zela eta, interesgarria da oso, Bilbon kaleratu zen foileto bat: “Gripe izurri-gexoa galazoteko Bilbao’ko Osalari-Bazkunak aginduten dauzan egin-bearrak”. Lotura hemen
Eta garrantzitsuena: bejondeizuela, batez ere, osasun zerbitzuetan lanean zabiltzaten guztioi, baita arriskuan lanean zabiltzaten beste guztioi ere.
Egin zaitez bazkide