180. Guerrita Zestoan, etxean baino hobeto

Zestoako euskal jaiei buruzko orrialde eder bat bada Ahora egunkarian, eta duela urte asko Anastasio Alkorta zenak eman zidan fotokopia. Nahiko kalitate gutxikoa da, ordea, eta jatorrizkoaren bila nenbilen interneten (hartu zuek ere denbora eta maiseatu Hemeroteca Digital bikainean). Ahora, Madrilen argitaratu zen 1930etik 1939ra bitartean, eta Errepublika garaian, esate baterako, kazetari bikain-bikain bat izan zuen zuzendariorde: Manuel Chaves Nogales.

Hurrengo batean azaldu beharko du Fiestas Vascas en Cestona izenburu duen orrialdea (ez dut edukia hemen aurreratuko) oraindaino ez dut argazkiak garbi ikusteko moduko kopiarik lortu eta, baina horretan nenbilela, beste artikulu eder bat aurkitu dut, eta inork esan ez dezan nik toreatzaileak ez ditudala maite, hemen duzue aurkikuntza, erositako prezioan. El veraneo de Rafael Guerra, “Guerrita”, du izena artikuluak eta 1931ko abuztuaren 31n argitaratutakoa da. “Anacronismo? – hasten da kazetaria– ¿Qué es, realmente, lo anacrónico, el traje corto y la camisa de chorrera de Guerrita o el traje entallado y la corbata de última moda de Marcial Lalanda? [Lalanda moda-modako toreatzaile bat zen, eta Guerrita ordurako 69 urteko gizona]. Estas preguntas nos hacíamos en el balneario de Cestona, adonde hemos ido a ver a Rafael Guerra. Guerrita, con si habitual chaquetilla corta, luce sobre la almidonada pechera una botonadora de brillantes gordos y ostentosos, como solamente les llevan los viejos toreros y los emegrantes españoles que vuelven ricos de América. Y cruzando el chaleco, de un bolsillo a otro bolsillo y de otro a otro, una áurea cadena digna del ancla de un dreno”.

Rafael Guerra (1862-1941) oso torero famatua izan zen Estatu osoan, baita Euskal Herrian ere, eta Iñaki Azkuneren Zezenak Euskal Herrian begiratu besterik ez dago. Ez dut nik hemen haren ibilbide artistikoaren xehetasunik emango, eta Iñakiren liburura joatea gomendatuko dizuet. Iñakiri esker ikus dezakegu, besteak beste, gure gizona Zestoara etortzen zela uda pasatzera (1914an behintzat bai). Horrela bada, gu aipatzen ari garen urteetan –1931– ez zitzaion arrotza gure herria. Erreportajearen hasieran, argazki kamerak aurrean dituela, deseroso dagoenaren papera egiten du Guerritak: “–Ondo disgustura etorri nintzen hona. Nire emaztearengatik eta Kordobako hura gaizki zegoelako”. Kordobako hura zera da, Errepublika garaian egiten ari ziren latifundio desjabetze eta langileentzat ematea eta horrelako kontuak.Sindikalismo asko al dago Andaluzian?”, galdetzen dio kazetariak, eta toreatzailea zuzenean zapi gorrira, zezentxo gazteak bezala: “Bai, asko; lehen errepublikanoak ziren; baina okerragoa zen sozialista izatea; orain, sindikalista izatea are eta okerragoa da; eta horregatik joan dira sindikalgintzara. Langilea beti okerrenera joan ohi da”. Gauza gehiago ere esaten ditu baina, ez ditzagun hemen aireratu.

Beste tarte batean, kazetariak galdetzen dio: “Ez al zara Donostiako korridatara joaten? Eta berak: “Ez, gero eta gutxiago. Nik toreatzen nuenean, Bilboko ferian iragartzen zen Lagartijo eta Guerrita. Biok hiru korridatarako. Plaza bete egiten genuen. Orain iragartzen dituzte 24 toreatzaile eta denen artean ez dute plaza betetzen batean bada ere”. Tira, polemikarako tarte ederra eskaintzen didate azalpen horiek baina utz dezagun.

Nola pasatzen duen uda galdetzen dio beste tarte batean: “Ni ez nago gaixorik. Ikusten duzun bezala, osasuntsu nago, berriz zezenetara itzultzeko ere bai [69 urterekin, harrapazan!]. Urak gustuz, nahi ditudalako hartzen ditut, baina pare bat basokada besterik ez. Gero tertulia honetara etortzen naiz, eta denbora ederki pasatzen dut. Ondo ematen digute jaten. Nik ondoen jan izan dudan tokia da hau. Amaitzen dudanean kafetegira joaten naiz, eta hemendik ez naiz ateratzen ezta akabatzen banaute ere. Gaur, esate baterako, Donostiara joatea nahi dute, nire emazteak gauza batzuk erosi nahi dituelako Errenterian; baina ni hemen beste inon baino gusturago nago”.

Pixka bat anekdotikoa dirudi Txibirisko ezizenarekin sinatutako artikuluak, baina hausnarketarako bidea ere ematen du. Garai batean erregeen eta aristokraziaren kontua zena –udan hona etortzeaz ari naiz– 1920ko hamarkadan burgesia eta artista jendearen ohitura bilakatzen hasten da; garai haietan dute abiapuntua gaur egungo uda pasak eta “postureoak”, mutatis mutandis Mediterraneoa, Ibiza, Andaluzia… bakoitzak beren famosoak han dituela erakargarri publizitario gisa. Dena oso arina. Artista jende horrek denak Zestoan modernitatea beste toki askotan baino lehenago etortzea ekarri zuen: dantzak, kanpoko jendearekin tratatzen jakitea, ondoko herrietan aurki ezin zitezkeen erosgai batzuk hemen edukitzea… Zerbait izango zuen bainuetxeak –eta Zestoak– gure toreroa hain eroso sentitzeko hemen (Donostian baino gusturago). Anastasiok zioen moduan, han inguruko pinudietara joaten omen ziren bikoteak paseatzera, “y no precisamente a recoger setas…!”. Hara ba…

Eta amaitzeko, eutsi ezinik nago burutazioari: gure Guerrita hemen bazen abuztuaren 22an, izan ote zuen kuriositate apurrik handik pare bat astera gure herrian egingo ziren nobilladak ikusteko? Bueno, hortxe utziko dugu galdera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide