181. ‘Una grata e interminable fiesta’

Orain dela 50 urte argitaratu zuen Zestoako Udalak hemen argazkian ageri den turismo foiletoa. Agian herriari buruz egiten zen lehenengoa izango zen; bainuetxeak bai, XX. mende hasieratik foileto eta publizitate ugari egin izan zuen baina herriak berak ez. Hiru hizkuntzatan argitaratu zen: gazteleraz, frantsesez eta ingelesez (ez du inoiz ikusi euskarazko alerik, eta artean Franco bizi zenez, oso zaila iruditzen zait Zestoako Udala ausartzea).

Oso bitxia da foileto honekin gertatzen dena: udaberrian, kimu berriak oso goiz ateratzen dituen mahatsondoa izozteak harrapatu eta galdu ohi duen bezala, gure foiletoa ere –eta berarekin zetozen itxaropen guztiak– zapuztuta geratu ziren bizpahiru urte beranduago. Oraintxe azalduko dizuet zergatik.

1960ko hamarkadan, izugarrizko gorakada izan zuen turismoak Estatuan, batez ere Mediterraneo aldean. Orduko agintariek eta enpresa gizonek izugarrizko pagotxa ikusi zuten turismoaren kontu horretan, eta kalkulatzen da bi milioi lagun inguruk sektore horretan egiten zutela lan. Turismoak, gainera, beste produkzio sektore batzuetan ere eragin izugarria zeukan, esate baterako, elikaduran, eraikuntzan, argindar enpresatan, garraioan… Mediterraneo aldean ez ezik, kantabriar kostaldean ere eredu berdintsua aplikatzen saiatu ziren, nahiz eta maila apalagoan; ikusi besterik ez dago Kantabriako kostaldeak garai haietan izan zuen aldaketa, baita Hondarribia edo Zarautz bezalako herriek ere. Eredu horiek buruan zituela eta erregimen frankistan oso ondo kokatuta zeuden hainbat zestoarren edo kanpokoren laguntzarekin, turismoaren tren horretara igo nahi izan zuen Zestoako Udalak.

Aurreikuspenak ere halakoan ziren garai haietan Zestoarako. Begiratu besterik ez dago orduko Hirigintzako Plan Orokorrari: 4.402 biztanle zituen orduan gure herriak baina 38.706 (ondo irakurri duzue, hogeita hemezortzi mila zazpiehun eta sei) aurreikusten ziren 1990rako. Autopista egin berria zen, eta herria zoragarri komunikatuta ikusten zuten, autobidearen inguruan leku ederrak industriarako eta etxegintzarako. Herrigunean, berriz, Sastarrain bailaran, Olalde ingurura arte etxe-blokeak egitea aurreikusten zen.

Askotan gertatu ohi den bezala, ordea, usteak erdi ustel. Orain Covid-19aren arriskuaz berandu jabetu garen bezala, orduan ere ez zuten ikusi zer krisi ekonomiko izugarri zetorren 1973an petrolioaren kontua zela eta. Gure bainuetxea gainbeheran hasi zen, eta gainerako hotelak ere bai. Horri puntilla emateko, berriz, Ekaingo haitzuloa turistei irekitzeko zeukaten asmoa (Altamiran milaka bisitari sartzen ziren) ezin izan zuten gauzatu. Porrot handi bat izan zen, beraz, gure herria turismoaren lehen lerroan jartzeko egitasmoa, baina horretaz, beste gauza askotan bezala gertatzen den bezala, gerora konturatu ziren. Foiletoan ez dago krisi ekonomikoaren edota Ekain jendeari itxi daitekeenaren susmorik. Festa handi bat da Zestoa 1970ean: “Cestona se asemeja a una grata e interminable fiesta”. Azpimarra ditzagun segidan gauzarik bitxienak…

Gaur egun, garapen ekonomiko izpiritu batek bultzatuta bizi da Zestoa; merkataritza jarduera garrantzitsua ari da garatzen, turismo-industriaren balioa handitu eta planteamendu modernoetara egokitzeko helburuarekin. Denda berriak, etxebizitza eraiki berriak, lorategi eta plazak kontu handiz zainduak, festak, kirol txapelketak, eta batez ere, zestoarren jarrera abegitsuak, horiek denek indar handiz bultzatzen gaituzte turismoa erakartzeko estilo berri batera”.

Zestoaren ezaugarri nabarmenetako bat da zestoarren izaera abegikorra eta festazalea. Zestoar bakoitzak harrotasunez esan dezake anfitrioi eta hiztun aparta dela. Ez dira alferrik hartzen Zestoan, uda garaian, milaka bisitari ospetsu, zeinak aurkitzen duten herritarrekiko solasean eta paisaian, bere buruentzat lasaitasuna eta aldi berean bainuetxeko uren efektu sendagarria”.

Uztaila eta abuztuan egunero, etengabe, berbenak egoten dira, festa herrikoiak, plater-tiroketa lehiaketak, boxeo gau-ekitaldiak, tenis erakustaldiak, eta irailean, herriko festak eta bertan zezen-ikuskizunak, su artifizialak eta dantza artistiko txapelketak. Zestoak etengabeko festa atsegin bat dirudi”.

Zerk pentsarazten dizu bainuetxe bat oso leku dibertitua dela? Seguruenik, zuk justu kontrakoa pentsatuko duzu. Baina uste hori ez da egia, ezta justua ere Zestoari dagokionez. Zestoak izugarrizko hotelak eskaintzen ditu, festa-aretoekin, tenis, bazkari zein afariak alaitzen dituzten orkestrak. Lorategi zoragarriak umeentzako jolasekin, plater-tiroketarako zelaiak, berbenak ia egunero, eta hondartzak hemendik bost minutura”.

Edertasun horiez gain, herriaren historia laburra, ur termalei buruzko informazio osatua, errepideen mapa eta azalpenak, inguruko kostaldeko hamaika herri interesgarri eta arratsalde pasa edo egun pasarako ibilbideak, gastronomia, Ekain, kultura eta kirola…

Esan dugun bezala, asmo eder horiek eta baikortasun horiek guztiak nahiko zapuztuak geratu ziren 70ko hamarkada erdi alderako, eta oraindik ere, 40 urte beranduago, hor ikusten ditugu udaletxeko ganbaran, hausa jaten, ahaztuta, zientoka foileto. Baina amets pixka bat egitea beti dago ondo, guk 20 urte beranduago “Zestoa Villa Termal” harekin egin genuen bezala, eta, azkenean, bateko ideia batek, besteko proposamen batek, euri txikiak bezala busti egiten dute, eta landare edo kimu berriak bistaratzen hasten dira. Udaberrian bezalaxe…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide